Zazpi gune izango ditu KCAP-LKSk proposatzen duen badia berrituak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Nolako badia, halako haizea. Zeru azpiko badia izenpean, KCAP-LKS Herbehereetako estudioak Badiako Nazioarteko Ideia Lehiaketa irabazi du. Pasaiako badia zazpi gunetan banatzea proposatu dute. Gune horiek, guztira, 800.000 metro koadroko azalera izango lukete, eta bertan gune berdeak, merkataritza, kultura ekintzak eta ikerketakoak, eta etxebizitzak eraikitzea proposatu dute.

Gipuzkoa Aurrera taldeak iaz antolatu zuen badia biziberritzeko lehiaketa. Bestalde, KCAP-LKSko talde proiektuaren arduradun Ruur Gietema bertan zegoela eman zituzten proiektuaren nondik norakoak joan den ostiralean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Miguel Buen Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak, Jose Maria Etxarri Gipuzkoako Bazkundeko eta lehiaketako epaimahaiko presidenteak eta Mari Paz Larrunbide Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko aholkulariordeak.

Lonja berria, ardatz

Gietemaren arabera, zazpi barrutitan edo gunetan banatuko litzake Pasaiako badia. Haren esanetan, gune horietako bakoitzak «identitate propioa izango du, baina beraien artean osagarri izan daitezke, eta euren artean konektatu daitezke». Modu horretan, San Pedron lonja berria eraiki nahi dute «bizitza sozialaren ardatz gisa». Horrez gain, «guneak arintzeko» aparkaleku bat egitea proposatzen du Herbehereetako estudioak, arrantza jarduera eta aisia konbinatzen dituen gune publiko bat erakitzearekin batera.

Trintxerpen, ur parkea eta merkatalgune berria egin nahi dituzte Euskadi etorbidean; eta La Herreran, Herrerara eta Trintxerpera «erraz iristeko» parke bat diseinatu dute. Antxon, itsas fronte metropolitanoa egin nahi du Herbereheetako estudioak, «hirigunea itsasoraino luzatuz».

Lezon ere beste itsas frontea aurreikusi dute ideia lehiaketaren irabazleek. Bestalde, Errenteria-Oreretan ikerketarako eta negozioetarako eraikin gunea egitea pentsatu dute. Donibanen ontzi museo berria joango litzateke.

KCAP-LKS enpresak 150.000 euro jaso ditu aurreproiektua egiteko. Aurreproiektu hori herritarrek, Oarsoaldeko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osa dezakete euren proposamenekin, «proiektua hobetzeko, beti ere». Horretarako,webgune bat jarri dute: www.gipuzkoaurrera.net. Irailerako dokumentu bat adostea lortuz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lurralde antolamenduan txertatuko luke. Master planaren irabazlearen proposamena eta beste lau finalistenak ikusteko moduan jarriko dituzte hurrengo asteotan Pasaian, Errenteria-Oreretan eta Donostian.

«Egun pozgarria»

Agerraldian izan zirenek egun pozgarritzat jo zuten proiektuaren aurkezpen eguna. «Proiektua badiako biziberritze proiektua aurrera eramateko erreferentzia nabarmena da. Espazio berria berreskuratuko dugu», adierazi zuen Markel Olanok.

Buenek herri adostasuna lortuko dela espero du, baina «trabak» izango direla adierazi zuen: «Ekimenen bat aurkezten dugun bakoitzean demagogia egiten da». Kanpo kaia ere izan zuen kontuan: «Marraztu den ezer edo ia ezer ezingo da egin kanpo kaia eraiki gabe».

Larrunbideren arabera, «Pasaiarekin zor historikoa dugu, eta proposatu diguten egitasmoarekin badiaren biziberritzea ahalbidetuko dugum, orain dauden lurrak jarduera desberdinak egiteko baliatuko baititugu».

www.oarsoaldekohitza.info

Gaiak: , ,

Iruzkina idatzi