Portua egiteko Oarsoaldea sakrifikatuko dutela salatu du Jaizkibel Bizirik-ek

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak kanpo portua eraikitzeko aurreikuspenak onartu eta jakinarazi ditu aste honetan: obrak 2011-2018 bitartean eta portua lanean 2020an. Jaizkibel Bizirik-ek uste du Pasaiako Portu Agintaritzak, «berriro», Pasaiako badiaren biziberritzea kanpo portua eraikitzearen menpe jarri duela, Eusko Legebiltzarrak 2005ean kontrakoa erabaki arren.

Horrez gain, Jaizkibel Bizirik-ek salatu du eskualde osoa, Oarsoaldea, sakrifikatuko dutela kanpo portuarekin. «Kanpo portuaren alde iluna aipatzea ahaztu zaie: korridore intermodala», esan du Jaizkibel Bizirik-ek. «Sistema horrek, trafikoa hobetu beharrean, Oarsoaldea ito egingo du».

Jaizkibel Bizirik-en iritziz, kanpo portuak, Jaizkibelgo itsaslabarrez gain, beste leku batzuk kaltetuko ditu, bertatik atera beharko baitute kaia egiteko harria.

Taldeak dio Pasaiako Portu Agintaritzak datuak faltsutu egin dituela, «kudeaketa txar bat ezkutatzeko». Jaizkibel Bizirik-ek «kudeaketa egokia» eskatu du. Horretarako, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak Diputazioarentzat egindako azterketa aipatu du.

Pasaiako kanpoko portuaren lanak 2010ean hastea nahi du Administrazio Batzordeak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako Portuko Administrazio Batzordeak kanpoko portua egiteko egutegia onartu zuen atzo, nahiz eta azpiegitura berria egiteko proiekturik ez dagoen oraindik. Hala, 2010. urtearen amaieran lanak hastea nahiko luke, eta 2018rako amaitzea. 2020rako portu berria martxan egongo litzateke, egutegi horren arabera.

Denbora tarte berean, Pasaiako badiaren hirigintza eraldaketa egingo lukete. Baina horretarako, portua kanpora ateratzea beharrezkotzat jotzen du Administrazio Batzordeak. Espainiako estatuko, Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta udaletako ordezkariak biltzen dira, beste hainbat erakundetako ordezkariekin batera, Portuko Administrazio Batzordean. Segi irakurtzen…