Portua egiteko Oarsoaldea sakrifikatuko dutela salatu du Jaizkibel Bizirik-ek
Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak kanpo portua eraikitzeko aurreikuspenak onartu eta jakinarazi ditu aste honetan: obrak 2011-2018 bitartean eta portua lanean 2020an. Jaizkibel Bizirik-ek uste du Pasaiako Portu Agintaritzak, «berriro», Pasaiako badiaren biziberritzea kanpo portua eraikitzearen menpe jarri duela, Eusko Legebiltzarrak 2005ean kontrakoa erabaki arren.
Horrez gain, Jaizkibel Bizirik-ek salatu du eskualde osoa, Oarsoaldea, sakrifikatuko dutela kanpo portuarekin. «Kanpo portuaren alde iluna aipatzea ahaztu zaie: korridore intermodala», esan du Jaizkibel Bizirik-ek. «Sistema horrek, trafikoa hobetu beharrean, Oarsoaldea ito egingo du».
Jaizkibel Bizirik-en iritziz, kanpo portuak, Jaizkibelgo itsaslabarrez gain, beste leku batzuk kaltetuko ditu, bertatik atera beharko baitute kaia egiteko harria.
Taldeak dio Pasaiako Portu Agintaritzak datuak faltsutu egin dituela, «kudeaketa txar bat ezkutatzeko». Jaizkibel Bizirik-ek «kudeaketa egokia» eskatu du. Horretarako, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak Diputazioarentzat egindako azterketa aipatu du.