Pasaiako kanpoko portuaren lanak 2010ean hastea nahi du Administrazio Batzordeak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako Portuko Administrazio Batzordeak kanpoko portua egiteko egutegia onartu zuen atzo, nahiz eta azpiegitura berria egiteko proiekturik ez dagoen oraindik. Hala, 2010. urtearen amaieran lanak hastea nahiko luke, eta 2018rako amaitzea. 2020rako portu berria martxan egongo litzateke, egutegi horren arabera.

Denbora tarte berean, Pasaiako badiaren hirigintza eraldaketa egingo lukete. Baina horretarako, portua kanpora ateratzea beharrezkotzat jotzen du Administrazio Batzordeak. Espainiako estatuko, Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta udaletako ordezkariak biltzen dira, beste hainbat erakundetako ordezkariekin batera, Portuko Administrazio Batzordean.

Hurrengo urteetako egin beharrak finkatu zituen atzo Administrazio Batzordeak: plan estrategikoa; azpiegituren plan zuzentzailea eta haren ingurumen azterketa; portuko guneen erabilerarako planaren aldaketa; Donostiako lurralde plan sektorialaren (LPS) aldaketa; kanpoko portuaren oinarrizko proiektua idaztea, eta haren ingurumen azterketa egitea; sarrerako tunelak eraikitzea; kanpoko portua eraikitzeko proiektua.

Eginbehar horietan esku hartuko dute Pasaiako Portuko Agintaritzak, Espainiako Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek.

Administrazio Batzordearen hitzetan, Gipuzkoak behar du «lehiatzeko moduko azpiegitura moderno» bat. Hain zuzen ere, kanpoko portua egitea da helburu nagusia, barruko badiaren hirigintza aldaketa egiteko. «Portua kanpora ateratzeak lur sailen liberazioa ekarriko luke, eta horrela izugarri hobetuko litzateke Pasaia, Lezo eta Errenteriako biztanleen bizi-kalitatea».

Portuko Administrazio Batzordearen arabera, itsasoko garraioa «bikoiztu» egingo da 2010era bitartean. «Intermodalitatea dugu garapen logistikoaren erronka handia, eta azpiegituretako sareen parte izateko, kalitaterik onenetako instalazio eta zerbitzuen jabe izan behar da».

ARRAZOI EKONOMIKOAK. Pasaiako Portuko Administrazio Batzordeak uste du gaur egungo portuak muga handiak dituela: fisikoak, jarduerakoak eta ingurumen alorrekoak… Toki faltaren ondorioz, hainbat garraiori uko egin beharra izaten duela azaldu du, luzeran 185 metro baino gehiago dituzten itsasontziak ezin baitira portura sartu. Gainera, hirigunean egonda, inguruko bizilagunek «eragozpenak» pairatu behar izaten dituztela gaineratu du.

Administrazio Batzordearen ustez, Jaizkibel magalean portua egiteak onurak ekarriko lituzke. Egun 4.500 lanpostu daude portuan, eta kanpoan eginez gero, 7.500ra iritsiko liratekeela uste du. Egun portuak Gipuzkoako Barne produktu gordinaren %1,8ko ekarpena egiten du, eta kanpoko portuak, berriz, %2,7koa egingo lukeela adierazi du. Gauzak hala, kanpoko portua egitea «lehentasun handiko proiektu» bihurtuko da inplikatutako guztientzat, Administrazio Batzordearen arabera.

Hedabideetara igorritako informazioan, ordea, Pasaiako Portuko organo horrek ez du aipatu portu berria egiteak ingurumenean izango dituen eragin larriak, Europak interes komunitariokotzat jotzen dituen Jaizkibelgo itsaslabarretan.

Administrazio Batzordeko kide berriak hautatu zituzten atzo. Haien artean daude, besteak beste, Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Herrilan sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Maria Ruiz Urtxegi Adegiko zuzendari nagusia.

2010. Urte bukaeran lanak hasteko baimena lortzea espero dute.

2011-2018. Portuko lanak egingo dituzte.

2020. Kanpoko portua martxan hasiko litzateke.

I. Petxarroman

www.berria.info

Iruzkina idatzi