Jaizkibia elkartea sortuta, Pasaiako kanpo porturako lehen urratsa egin dute

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako (Gipuzkoa) kanpo portua egiteko, urrats garrantzitsua
egin zuten atzo Donostian: Jaizkibia S.A. elkartea osatu zuten.
Pasaiako badia biziberritzeko ardura izango duen elkarte publikoa,
alegia. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Espainiako
Gobernuak eta Pasaiako badiaren inguruko herrietako udalek (Donostiak,
Pasaiak, Lezok, Errenteriak, Oiartzunek, Irunek eta Hondarribiak) osatu
dute Jaizkibia.
Elkartea osatu eta Pasaiako kanpo portua egiteko lehen izapidea
martxan dute: Ingurumenaren Eragina Ebaluatzeko Aitorpena. «Arazorik ez
badago, urtebeteren buruan jasoko dugu txosten hori», adierazi zuen
atzo Mariano Navas Espainiako Portuetako presidenteak. «Eta, bestela,
tartean arazoren bat sortzen bada, hiru urte inguru beharko dira».
Behin aitorpena jasota, 8-10 urte barru Pasaiako kanpo portua eraikita
egotea espero dutela adierazi zuten Jaizkibia elkartea sortu berri
duten ordezkariek.
Elkartea sortu eta berehala, lehen bilera egin zuen atzo
Jaizkibiaren administrazio kontseiluak, «Pasaiako badiaren egoera zein
den eta etorkizuneko proiektuak zein izango diren aztertzen hasteko».
Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak gustura hitz
egin zuen elkartea sortu berritan. «Erakunde arteko batzordeak zortzi
urtean egindako lan dinamikari amaiera eman diogu, eta beste bati eman
diogu hasiera. Urte askoan aritu gara puntu honetara iritsi nahian
lanean». Jaizkibiako administrazio kontseiluak erakunde arteko
batzordea garatzen ari zen jardueren plan integrala onartu zuen atzoko
bileran, eta jada jarduera horiek aztertzen hasi dira. «Horiek
berregituratu eta martxan jartzeko garaia da».
Baina, zalantzarik gabe, Jaizkibia elkarteak esku artean
dauzkan proiektuen artean aipagarriena Pasaiako kanpo portua da. Kanpo
portua egiteko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen atzo Jose Ignacio
Espel Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak; kanpo portua
egiteko, hiru proposamen daude bertan: superportua, portu-irla eta
portu erantsia. Superportua da aztertzen hasi ziren proiektuetan
lehena.
8-10 URTE KANPO PORTUA EGITEKO. Espainiako Sustapen
Ministerioaren menpe dagoen Espainiako Portuetara bidaliko dute
proiektu orokorra, eta behin tramite guztiak pasatuta, Espainiako
Ingurumen Ministerioak ingurumena aintzat hartuta hiru proiektuetan
onena dena hobetsiko du. Behin hiru proiektuetako bat hobetsita,
Ingurumenaren Eragina Ebaluatzeko Aitorpena lortzeko bide luzeari
ekingo diote.
«Baina aitorpen hori jaso ostean egin beharreko lanak ere luze
joko du, lana itsasoa bare dagoenean egin behar baita. 6-7 urte beharko
dira, beraz». Navasek zehaztu zuenez, denera 8-10 urte beharko dira
Pasaiako kanpo portua egiteko. «Baina, noski, erreferentziarik ez
daukagunez, datu zehatzik ezin dugu eman. Coruñakoa (Galizia) eta
Gijongoa (Asturias, Espainia) soilik dira Pasaian egitekoa den
portuaren antzekoak, baina biak bukatu gabe daude».
Proiektu horiekin guztiekin, beraz, Pasaiako badiak aldaketa
handia izango du datozen urteetan. Etorkizuneko aldaketei begira harro
hitz egin zuen Gonzalez Txabarrik. «Egitasmo hauekin guztiekin jauzi
kualitatibo handia emango diogu Pasaiako badiari».

Pasaiako badiako proiektuak
Pasaiako badia biziberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak
landutako hainbat proiektu aurkeztu zituen atzo Jaizkibia elkarteak.
Proposamenak dira, Jaizkibiak hartu behar ditu erabakiak. Pasai San
Pedrotik Donibaneraino oinezkoentzat pasabide bat egitea ere proposatu
dute.
Herrera
Kultur ekipamendua.
Hiriarteko ekipamendua.
Hirugarren sektorea eta etxebizitzak. Bizi-kalitatea handitu nahi dute.
San Pedro-Erlojuaren kaia
Kirol portua. Gaur egun badago, baina indartu egingo da.
Kirol ekipamendua eta etxebizitzak. Hala ere, arrantza iznago da gero ere Pasaiako badiako ezaugarri nagusia.
Donibane
Kirol portua. Gaur egun Donibanen dauden kirol baliabideak ugaritu egingo dituzte.
Kultur ekipamendua. Donibanen dagoen jauregia berreskuratzea da helburu nagusia.
Sorgintxulo
Hirugarren sektorea.
Ekipamendua. Don Bosco eskolaren inguruan ikerketarako baliabideak jarriko dituzte.
Bokaleko berriztapena
Hondartzak. Kalaburtza inguruan, batez ere, berrikuntza lanekin jarraituko dute.
Jolas eta zientzia ekipamenduak. Ondartxo inguruan.
San Pedroko dorrea. Marinelak Pasaian sartu izan direnean erreferentzia izan da eta berritu egingo dute.
Buenavista-Antxo
Hirugarren sektoreko erabilera, etxebizitzak eta itsas geltokia.
Geltokiaren lekualdatzea. Renferen geltokia lekuz aldatuko dute.
Erabilera anitzeko zabalgunea. Buenavistako kaian plataforma handi bat egingo dute, hainbat jarduera egiteko.
Ekialdeko eremua
Ekipamenduak. Zentral termikoa kendu eta hainbat ekipamendu jarriko dituzte.
Aisiagunea. Zerbitzua hobetuko dute.
Kirol portua. Oiartzun ibaiaren ibilbidea aldatu beharko litzateke.
Hirugarren sektorea. Kaputxinoetan.

Madrazo, Pasaiako kanpo portua egitearen aurka
Jaizkibia elkartea sortu berritan izan ziren lehen
ezadostasunak. Izan ere, lehen bileran, Javier Madrazo Eusko
Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi
zuen Pasaiako badia biziberritzearen alde dagoela baina kanpo portua
eta zentral termikoa ez dituela begi onez ikusten. Bileran parte hartu
zuten Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarietako bat izan zen Madrazo.
Pasaiako badia «berehala» biziberritu behar dutela esan zuen
Madrazok. «Baina horretarako Pasaia ez dugu zentral termikoen babesleku
bihurtu behar. Martxan dagoen zentralarekin ez al du nahikoa sufritu
Pasaialdeak?». Zentral termikoa «ahal den azkarrena» itxi behar dela
ere gogoratu zuen. «Foru Aldundiak saiatu beharko luke Pasaiako
zentrala Espainiak zaharkituta dauden zentralekin egiten duen zerrendan
sartzen».

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi