Gaur ez da Jaizkibia eratuko, Madrilek «ez dituelako dagozkion tramiteak egin»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Espainiako Sustapen Ministerioarekin kexu da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta «atzerapen gehiago gabe beharrezkoak diren pausoak emateko» eskatu dio

urko etxebeste -HITZA (2006-10-06)

Gaur ez da eratuko Pasaialdea biziberritzeko erakunde arteko elkartea, Jaizkibia. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, eraketa batzarra beste behin ere atzeratzearen arrazoia, «Espainiako Gobernuak egin behar zituen tramiteak bete ez dituelako» da. Hein berean, Espainiako Gobernuari «atzerapen gehiago gabe, beharrezkoak diren pausoak» emateko eskatu dio. Jaizkibia osatuko duten beste eragileek atzerapenaren inguruko baloraziorik ez dute egin oraindik.

Gaur Jaizkibia ez eratzearen ardura Magdalena Alvarezek zuzentzen duen ministerioari egozteaz gain, «Euskadiko erakunde guztiek euren eginbeharrekin bete dutela, bai forman zein denboran», esan dute Aldunditik. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Jaizkibiako partaide diren zazpi udalekÐPasaia, Lezo, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Donostia, Hondarribia eta IrunÐ elkarte berriaren estatutuak onartu dituztela eta, jarri beharreko diru kopurua zehaztu dutela azpimarratu dute.

Pasaialdea biziberritzeko erakunde arteko elkartea sortzeko bilera noiz egingo den ez da zehaztu oraindik. «Ahalik eta azkarren» egiteko eskatu dute Aldunditik.

Txabarri: «Azken aldia»

Joxe Joan Gonzalez Txabarrik Jaizkibia gaia izan zuen atzo hizpide ere bai. Elkartearen osatzea atzeratzen den «azken aldia» izatea espero zuela esan zuen, «Pasaialdea biziberritzeko garrantzizko ekimena delako. Badiako herritarrei ezin diegu berriz ere iruzur egin».

Erakunde bakoitzak bere ardurak bete behar dituela esan zuen Txabarrik, eta «ez direla polemika antzuak berriz ere eman behar» gaineratu. «Pilota, Espainiako Gobernuaren teilatuan dago gaur».

Pasaiak ordezkari iraunkorra nahi du

Pasaiak Jaizkibian ordezkari iraunkorra izateko erabakia hartu zuen atzo Udalbatzak, ezohiko udalbatzarrean. Horretarako, Jaizkibiako estatutuetan aldaketa bat adostu zuten zinegotziek. Udalen ordezkaritzak zein izan behar duen zehazten duen atalean, zati bat kendu zuten, eta hauxe erantsi zuten: «Udal honentzako ukaezina da, bere interes eta eskubideei begira, udalei Jaizkibian dagokien tokietako bat Pasaiarentzako izatea. Toki horrek iraunkorra izan behar du izan, horrela Jaizkibian Pasaiak duen zentralitatea kontuan hartuz».

Alderdi politiko guztietako ordezkariak gustura agertu ziren hartutako erabakiarekin. EAJko bozeramaile Jose Luis Goikoetxearen arabera, «Pasaiak behar zuen akordioa da. Jaizkibia ezin delako ulertu Pasaiaren ordezkaritza iraunkorrik gabe». EAko Miriam Cano termino beretsuetan mintzatu zen, eta «lehenengo aldiz akordio bat lortu izanagatik pozik» zegoela gaineratu zuen. «Pasaiaren alde modu indartsu eta bateratuan lanean gaudela adierazteko» modua izan dela jakitera eman zuen Canok.

Jaizkibiako Administrazio Kontseiluan eta Batzorde Orokorrean Pasaiako ordezkaria izendatzeko garaia irtsi zenean, bi hautagai zeudela jakinarazi zuen alkateak: Jose Luis Goikoetxea (EAJ), eta Izaskun Gomez (PSE-EE). Bi postuak Izaskun Gomezek beteko ditu, bozketan zortzinako berdinketa izan arren Ðalde batetik gobernu taldea eta Juan Ramon Gonzalez Medrano; bestetik EAJ, EA eta PPÐ, alkateak bere aldeko kalitate botoa erabili zuelako.

Azkenik, PPko Guillermo Sanchez-Berrak Juan Ramon Gonzalez Medranoren partaidetza deitoratu zuen berriz ere. «Transfuga bategatik aldaketak eman direlako».

Gaiak:

Iruzkina idatzi