Jaizkibiaren eraketa, biharko iragarrita dagoena, kolokan

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Udalbatzak Pasaiak ordezkaritza finkoa izatearen alde egingo du gaur; hautagaiak EAJko Jose Luis Goikoetxea eta PSE-EEko Izaskun Gomez alkatea dira

olatz mitxelena – HITZA

Jaizkibia bihar zen ofizialki eratzekoa. Pasaialdearen biziberritzea kudeatu behar duen erakunde arteko elkartearen eraketa, baina, kolokan egon daiteke. Herenegun Foru Aldundiko iturrietatik jakin zenez, Madrilek ez du oraingoz Jaizkibiaren eraketarako dagokion diru ekarpena egin. Bestalde, Pasaiako Udalbatzak lehengo astean hartutako jarrerak ere, ezbaian jarri du erakunde arteko elkartearen eraketa.

Jaizkibiaren estatutuetan zehazten denez, Madrilgo Sustapen Ministerioak, Portuko Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak hiruna ordezkari izango dituzte Jaizkibian.

Udalek berriz, hiru ordezkari baino ezingo dituzte izan. Aldez aurretik hitzartutakoaren arabera, Donostiak eta Irunek bana izango lukete, eta Oarsoaldeko lau udalerriek, aldiz, ordezkaritza partekatua izango dute.

Pasaiako Udalbatzak ezetz

Lehengo asteko plenoan erabakitzeko zituen Pasaiako Udalbatzak Jaizkibiaren eraketari buruzko guztiak, baina ordezkaritza partekatzearena ez zen oposizioaren gustukoa izan, eta puntua gai ordenetik ateratzea erabaki zuen gobernu taldeak.

Gaia gobernu batzordean berraztertu dute, eta gaurko ezohiko plenoa deitu dute. Behin betiko erabakitzen dutena ikusteke, Oarsoaldeko Hitzak jakin duenez, Pasaiak ordezkaritza finkoa izatearen alde egingo du. Bi hautagai daude Jaizkibiako ordezkaritzarako. Oposizioak EAJko Jose Luis Goikoetxea proposatuko du, (gobernu batzordean bera hautatu zuten), eta gobernu taldeak, PSE-EEko eta Pasaiako alkate Izaskun Gomez proposatuko du. Gauzak honela, bere garaian PPko zerrendetan eta egun alderdi horretatik kanpo ari diren Jose Luis Gonzalez Medrano eta Jose Luis Martinez Espronceda zinegotzien botoak erabakiorrak izan daitezke beste behin.

Bien bitartean, eskualdeko gainontzeko udalerriek beren ordezkariak hautatu dituzte honez gero. Oraingoz Pasaiako Udalbatza da Oarsoaldeak partekatutako ordezkaritza izatea ezbaian jarri duen bakarra. Hala ere, Jaizkibiaren estatutuek hiru ordezkarietara mugatzen dute Udalen ordezkaritza.

Aldundian berririk ez

Jaizkibiaren eraketari buruzkoak ezbaian zeudela eta, Hitzak Aldundira jo zuen atzo, biharko eraketarako deialdia baieztatu asmoz. Aldundiko prentsa arduradun Jose Mari Olaizolaren arabera, gauzak atzo goizean bere horretan ziren: «Atzo [herenegun] bozeramaileak esan zuen bezala, Aldundia harremanetan dago Madrilekin, dagokion diru ekarpena egin dezan eta erantzunaren zain. Bihar [gaurko egunez] jakingo dugu deialdia dagoen ala ez».

Gaiak:

Iruzkina idatzi