Pasaiarako uharte-kaia proposatu du Jaizkibia aztertzen ari den txostenak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak eta Granadako Unibertsitateak egindako txostena banatu zaie Jaizkibia osatzen duten erakundeei, aztertzen has daitezen.

Donostia eta Txingudi arteko lurraldearen antolaketa berri bat aipatzen du txostenak, Donostia-Baiona eurohiriaren eta Gipuzkoa hiriaren perspektibaren bidean. Ondokoak dira aipatzen dituen lurralde antolaketaren eta azpiegitura berrien ardatz nagusiak.

Uharte-kaia

Txostena ideia honetatik abiatzen da: «Kanpoko kaia beharrezkoa da». Alabaina, onartzen du Jaizkibel mendiaren itsaslabarrari itsatsitako azpiegiturak kalte handiak eragingo lituzkeela ingurumenean. Hala izanik, beste aukera bat aipatzen du: uharte-kaia egitea. Proposamen berriaren abantailak aipatzen ditu ondoren: teknikoak, ingurumenaren alorrekoak eta ekonomikoak. Ingurumenari dagokionez, esaterako, txostenak dio kaia izateak urari bidea uzten diola babestutako naturgunearen inguruan. Bidenabar, txostenak dio azpiegitura eraitsi daitekeela haren zeregina bukatzen denean eta orduan ingurunea «guztiz» lehengora daitekeela. Portuak industria eta garraio sektoreei «bultzada» emango liekeela dio, eta aukera berriak sor ditzakeela energia berriztagarrien alorrean. Portu berrira iristeko, tunel bat egingo lukete Jaizkibel mendian, trenbide eta errepide azpiegituretarako.

Salgaiak eta zerbitzuak trukatzeko eta biltzeko guneak

Kanpoko portuarekin lotuta, salgaiak eta zerbitzuak trukatzeko eta biltzeko hiru gune sortzea aipatzen du txostenak. Lehenengoa, kaiatik gertuena, Arrobi-Kosta Buru eta Jaizkibel mendiaren artean kokatuko litzateke, eta 118.000 metro koadro hartuko lituzke. Bigarren gunea Lezoko ekialdean legoke eta 433.000 metro koadro hartuko lituzke. Plataforma bateko hiru eremu lirateke. Hirugarren gunea, portutik urrutiena, Larramon izeneko tokian egitea proposatzen du, 133.000 metro koadroko hedaduran. Portutik gertuko 68,4 hektareako eremu hori, hala ere, denborarekin handi daitekeela dio txostenak, portuaren beharrak hala eskatuz gero. Hala, portuaren azpiegitura moduan gordetzen ditu Irun eta Lezo arteko lur eremu iritsi-errazenak.

Hondarribiko aireportua

Sei lerro baino ez dizkio eskaintzen txostenak Hondarribiko aireportuari. Gipuzkoako erakundeak bertan bultzatzen ari diren pista nagusiaren zabaltzea «korridorearen funtzionaltasunerako osagarri estrategikoa» dela dio.

Hirigune berriak

Donostia eta Irun arteko hiriguneez gain, txostenak bi hirigune berri sortzea aurreikusten du: Lintzirin (Oiartzun) eta Araso (Irun). Bi hiriak «garapenaren gidatzaile» izango lirateke. Biak ere Gaintxurizketaren magalean kokatuta egongo lirateke. Zerbitzu eta merkataritzari begirako bulego eta instalazio berriak eskaintzeko egungo hiriek duten «ezintasunari» erantzungo lioke Lintzirinek: «Errenteriako hiri erdiaren alternatiba bilaka daiteke». Arasoren kasuan, berriz, Irungo hirigunearen alternatiba litzateke. Bertan bulegoak, tamaina ertaineko merkataritza guneak, hotelak, kultur eta aisialdirako guneak eta etxebizitzak eraikiko lirateke. Gainera, Lapurdiko mugatik gertu egonda, estatuen artean dagoen alde aprobetxatuz, bisitari atzerritarren eskaintzari aurre egiteko gune aproposa izan daitekeela dio.

AHT eta salgaietarako trenbide berria

Txostenak oraindik argitzeko dagoen zalantza bat aipatzen du; alegia, ez dagoela zehaztuta Euskal Y abiadura handiko trenaren ibilbidea non lotuko den Lapurdirekin. Alabaina, argi uzten du azpiegitura berriak ez dituela salgaiak garraiatuko, eta, horregatik, adierazten du beharrezkoa dela Iberiako Penintsulako zabalerako trenbide berria eraikitzea Astigarragako geltokitik Pasaiako porturaino. Aldi berean, onartzen du Astigarragako geltokia bidaiarientzat izango litzatekeela, eta beharrezkotzat jotzen du portuaren zerbitzura egongo litzatekeen osagarri logistikoen geltoki berri bat egitea Hernanin.

Hirugarren saihesbidea

Txostenak berritasuna dakar errepideen alorrean ere. Gogora ekartzen du A-8 autobidea 1970eko hamarkadan sortu zela eta gaur egun hiriek irentsi egin dutela; alegia, hiriguneen arteko bide bilakatu dela. Hala, beste autobide berri baten beharra aipatzen du; besteak beste, nazioarteko trafikoari aurre egiteko. Hala, Bidasoa eta Urumea haranak lotuko dituen autobide berria egiteko aukera aipatzen du txostenak, zati batean egun eraikitzen ari diren Donostiako bigarren saihesbidearekin bat egingo lukeena. Berez, Gipuzkoako hiriburuko hirugarren saihesbidea litzateke bide hori, eta dagoeneko agertu da herrialdeko zatikako lurralde plan aurreproiektuetan. Autobideak hiru lotune izango lituzke egungo azpiegiturekin, eta, besteak beste, A-8 eta N-1 autobideetako zirkulazioa arintzeko litzateke.

Natur babesguneak

Txostenak aipatzen du Donostia eta Txingudi arteko lurraldean badirela babestu beharreko naturguneak ere. Horien artean, bereziki babestu beharrekotzat jo ditu Aiako Harriko parke naturalaren barruko lurrak, Jaizkibel mendia, Ulia mendiko gailurra eta itsaslabarrak eta Txingudiko hezegunea. Txostenak aipatzen du Donostia-Txingudi korridoreak bakartu egin dezakeela Jaizkibel mendia, eta horrek arrisku handia dakarrela ingurune horren bioaniztasunaren aberastasuna gordetzeko. Hori saihesteko lokarri natural bat sortzea aurreikusten du Aiako Harriko natur parkearen eta Jaizkibelen artean, Gaintxurizketa gainetan barrena.

Pasaiako badiaren inguruak

Pasaiako badiaren inguruan bi eginbehar aipatzen ditu txostenak: badiaren inguruko hirigunea biziberritzea eta kanpoko kaiaren ondorioz hutsik geratuko diren azpiegiturei funtzio berria ematea. Ildo horretatik, Altza eta Errenteriako Beraun-Galtzaraborda auzoei gaur falta zaien «bizi-kalitatea» ematea aipatzen du txostenak. Aldi berean, Molinao errekaren inguruak «interes handiko» aukera urbanistikoak dituela, eta Pasai Antxo bazterkeriatik ateratzeko beharra aipatzen ditu.

Kirol portua eta arrantza

Planak badiako uren barruan dagoen porturako proposamen berria dakar: kirol nabigaziorako erabiltzea. Kirol amarratzeak Donibaneko eta Pasai San Pedroko hirigune historikoen ondoan kokatuko lituzkete. Ildo horretatik, San Pedro eta Donibaneko auzo zaharrak biziberritzea proposatzen du, aisialdiarekin lotuta. Herrera ingurua, berriz, arrantza jardueratarako erabiliko litzateke.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi