Galdetzea demokrazia da

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Iritziak / Opiniones

Jaizkibia elkartea sortuta, Pasaiako kanpo aldean portu berria egiteko lehen urratsa egin dute eta lanak 8-10 urteren buruan amaituko dituzte. Jaizkibia SA Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Pasaiako badiaren inguruko herrietako udalek -Donostiak , Pasaiak, Lezok, Errenteriak, Oiartzunek, Irunek eta Hondarribiak- osatu dute.

Ezker abertzalea erakundeetatik kanporatuta, apartheid-aren egoera aprobetxatzen ari dira Pasaiako kanpo portua, ziklo konbinatuko zentral bat eta garraiorako plataforma logistiko erraldoia eraikitzeko (Oiartzun aldea, Lezo, Hondarribi eta Irungo eremuan), Abiadura Handiko Trena eta abar. Horrek eskatzen dituen azpiegitura izugarriekin. Besteren artean Jaizkibel mendia zulatzea alderik alde errepideak eta trenbideak pasa daitezen. Hori guztia, Europako Natura Sare 2000n sarturik dagoen Jaizkibelgo eremuan, iraunkortasunaren eta bizi-kalitatearen izenean.

Datu objektiborik ez dute erakutsi kanpo portua beharrezkoa dela zuritzeko. Handiusteko adierazpenak bai «XXI. mendeko erronkei eta herrialdeko garraioen beharrei erantzuteko gai izango den portua behar du Gipuzkoak». Ez dute nazio ikuspegirik, ezta euro-eskualdearenik ere, eta ehun kilometro barruan sartu nahi dizkigute, Bilboko superportua, Pasaiako kanpo portu erraldoia eta Baionako portu eraberritua, osagarritasunik bilatu gabe. Azterketek frogatzen dutenean, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren garapen mailara iritsi diren herrietan, garraio azpiegiturak ez direla ekonomiaren motorra eta ez dakartela ekonomiaren hazkundea. Gipuzkoako erakundeen ikuspegi bakarra betikoek negozio egitea dela, gipuzkoarrentzat politika sozialak hipotekatzea, inguramenari itzulbiderik ez duen kalterik egitea eta denon diruekin gutxi batzuek bakarrik etekinak ateratzea.

Pasaiako badia biziberritzeko proiektuak eta planak aspaldiko urteetan geldirik daude. Foru Aldundiak ez du frogatu Pasaiako badia birsortzea bateraezina denik gaur egungo portuarekin. Urban programaren barnean Europatik jasotako diru laguntzak non dira?

Hamaika aldiz eskualdeko herritarrek kexa adierazi dute Pasaiako badia berreskuratzeko neurriak gauza ditzaten. Zergatik ez dituzte burutu, herritarren bizimodua hobetzeko ezinbestekoak badira? Interesatuki lotu dituzte Pasaiako badia berreskuratzeko proiektuak kanpo portuaren eraikuntzarekin. Eta, horrela, atzeratu egin dituzte Pasaia biziberritzeko proiektua, bertako herritarren kaltetan; kanpo portua, zentral konbinatuaren eraikuntza eta Jaizkibelgo plataforma logistikoa justifikatzeko.

Pasaiako egungo zentral termikoa itxi egin behar da, denetan kutsatzaileena delako. Alabaina, iraunkortasunaren izenean, ziklo konbinatuko zentrala eta erraustegi plantak jarri nahi dizkigute. Energia berriztagarrien aldeko apustua eta hondakinak biltzeko eredu garbi, osasuntsuago eta ekonomikoagoak baztertuz. Eraiki nahi den zentralaren potentzia gaur egungoa baino 4 aldiz handiagoa izango da, 800 megawatt izango ditu. Gaur egun ditugun CO2 isurketak bikoiztuko ditu: 1,4 milioitik 2,5 milioira igaroko gara, aldaketa klimatikoa indartuz. Pasaiako badia kirol portuz betetzea baino, ez al da hobea Pasaiako lautadak ondo aprobetxatzea eta logistikaren kudeaketa eraginkorra bideratzea, salgai egokiak erakarrita?

Lurraldea egitura bizia da; fluidoen eta gasen bidez loturik dauden sareek edo bilbeek osatua. Azpiegitura artifizialen egitura artifiziala jartzen ari gara sare naturalaren gainean eta bi sareen arteko tirabirak sare naturala desagerrarazten du. Komunikazioak hobetu behar dira, baina azpiegitura artifizialen sare hau gehiegizkoa da. Bizi ditugun garai hauetan natura errespetatzea, lurraldea babestea eta hiritarren osasuna zaintzea egokia, bidezkoa eta beharrezkoa da. Bestalde, ekonomiaren onurak denon artean birbanatu behar dira, behar gehienak dituzten gipuzkoarrak duintasunez bizi daitezen: pentsiodunak, ezinduak, langabetuak, etorkinak. Horregatik, denon etorkizuna hipotekatu eta inposatu baino lehen, obra erraldoi horien atzerapena eskatzen dugu. Bitarte horretan, informazioa zabaltzeko, eztabaida soziala bideratzeko eta gipuzkoarrei zuzenean galdetzeko, kontsulta baten bidez, obra horiek egin daitezen nahi duten ala ez. Gipuzkoarren hitza eta erabakia ez dago ukatzerik, demokraziaren izenean behintzat.

Inazio Agirre Arregi

AuBko kidea

www.berria.info

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi