HOGEI GIZARTE-ERAGILE INGURUK KANPO-KAIAREN INGURUMEN EBALUAZIOARI PROPOSAMENAK EGIN DIZKIOTE

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Jaizkibel Bizirik plataformak jakin ahal izan duenez, udalez eta bestelako instituzioez gain, gutxienez 18 gizarte-eragilek Portu Agintaritzaren Azpiegituren Plan Zuzendariari proposamenak egin dizkiote, idazkiak Ingurumen eta Itsas eta Landa Inguruko Ministeriora bidaliz. Plan Zuzendari honen ingurumen-tramitazioa uztailean hasi zen. Bertan, kanpo-kaiaren eraikuntza aurreikusten da eta orain, aurrekontsulten fasean dagoelarik, interesatuek iradokizunak aurkez ditzakete.

Idazkiak askotariko eragileek bidali dituzte: hala, talde ekologistek (Eguzki, Ekologistak Martxan, WWF/Adena – estatukoa nahiz Gipuzkoakoa -, Greenpeace, MNT), mendi-taldeek (Jaizkibel Mendizale Taldea, Club Vasco de Camping) nola sindikatuek (ELA, LAB, ESK) eta alderdi politikoek (Ezker Batua, Aralar, Berdeak, Zutik).

Eragile gehienek Jaizkibelgo kostaldeak nahiz Oarsoaldeak berak dituen ingurumen balioak eta hauek kanpo-kaiaren eraikuntzarekin pairatuko lituzketen eraginak aipatzen dituzte. Halaber, proposamenetan, ekonomia alderdia ere jorratzen da, alternatiba gisa barruko kaiaren hobekuntza aldarrikatuz eta, era berean, azterketa sakonagoa eskatuz beharrei erantzuteko benetako irtenbidea izan daitekeelakoan. Bestalde, zalantzak dituzte orain arte egindako azterketek aditzera ematen duten kanpo-kaiaren beharraren eta honen justifikazio-ezaren inguruan. Proiektuan aurreikusten diren energia-instalazioek izan dezaketen eraginaren inguruan ere kezka ageri dute idazkietan; gainera, ebaluazio-eza aipatzen da bai ingurumen inpaktuari dagokionean eta bai herritarrengan izan dezaketen eraginari dagokionean. Honetaz gain, Ministeriora, herritarrekin egin diren partehartze-prozesuetako dokumentuak bidali dira
herritarrek nahi duten biziberritze-eredua islatuz.
Jaizkibel Bizirikek salatu nahi du, eragileek oro har duten iritziarekin bat eginez, Portu Agintaritzak bidalitako dokumentazioak, nahasgarria izateaz gain, gabezia handiak dituela eta, bestalde, Ingurumen Ministerioari proiektuaren auka gizarteak duen iritzia modu intentzionatuan ezkutatzen diola. Hau dela-eta, plataformak eskuratu ahal izan dituen dokumentu guztiak Ministerioari bidali zaizkio, baita sekula argitaratu izan ez direnak ere, zeinetan argi geratzen baita proiektuaren zentzugabekeria eta eragiten duen atentatu ekologikoa.

Gizartearen erantzunaren eta aurkeztutako arrazoien aurrean, Jaizkibel Biziriken iritziz, Ingurumen eta Itsas eta Landa Inguruko Ministerioak Azpiegituren Plan Zuzendariaren tramitazioa bertan behera utzi behar luke, kanpo-kaiaren aldeko apostu zentzugabea baztertuz eta egungo portuaren kudeaketa txarra hobetzearen zein badiaren benetako biziberritzearen aldeko apostu garbia eginez.

2009 irailak 25

Gaiak:

Iruzkina idatzi