JAIZKIBEL EZ ZULATU! LANAK GELDITU!

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Joan den astetik” SESTRA” eta “EUROESTUDIOS” ingeniaritza enpresatako topografoak Urrullo eta Kaxerna baserrietako inguruan dabiltza Superportuaren sarbideak (4 erraileko errepidea gehi 2 Km inguruko 2 tunel) eraikitzeko neurriak hartzen. Lan hauek ezkutuan eta lur jabeen eta udalaren baimenik gabe burutzen ari dira baserrietako zelai eta herribideetan zehar. Hauetako batzuetan lurra zulatu eta hormigoizko seinale topografikoak ipini dituzte.

Kaltetutako lurrak baserri lurrak dira, eta horrela kalifikatuta daude Lezoko Hirigintza Plangintzan, eta bertan ez dago aurreikusita inolako errepide eta azpiegitura berrien eraikuntzarik.

Gogoratu nahi dugu ez Superportua ezta berari lotutako azpiegiturak egun ez direla onartuak izan. Oraindik tramitazio ugari egiteke daude ( Ingurugiroko txostena, bideragarritasun ekonomikoa frogatzea, alegazio epeak, ..e.a), beraz, ezin da ziurtatu obra hau egingo ote den.

Proiektu honek kalte ugari sortzen dizkio Lezoko Herriari, ez soilik kaltetutako lurjabeei, baizik eta Jaizkibel mendiari, Gaintxurizketari, eta Oarsoaldeko ondare naturala eta bizi kalitateari: azpiegitura gehiago saturazioa dagoen tokian, kutsadura mailak handitzea, lurren okupazioa, trafiko ikaragarria….

Herritar asko gara Superportuaren aurka gaudenak, suposatzen duen txikizio eta zentzugabekeriagatik. Aurkako iritziak areagotzen doaz (mendi talde, elkarte, ekologi taldeak, sindikatuak, alderdiak…), eta egungo krisi egoeran inoiz baino sinesgarritasun gutxiago erakusten du egitasmo honek.

Aldiz, Diputazioa, Portu agintaritza eta bultzatzaileek ez dituzte kontutan hartzen gizartean dauden iritzi ezberdinak, eta partehartzea ukatuz beraien proiektua inposatu nahian dabiltza.

Guztia kontutan harturik eskaera tinko bat egiten dugu, proiektu honetarako neurketak eta honen gauzatzeak bertan behera uzteko. Aldi berean, ez dugu onartuko lur-jabe eta herritarren baimenik gabe txikizioa eta hondamendia besterik ekarriko ez duten lan hauek burutzea.

BASERRI LURRAK BIZIRIK!!

Lezon 2009ko azarearen 16a

Baserritar, lur-jabe, herritar eta udal ordezkarien batzarra.

Gaiak: , , ,

Iruzkina idatzi