Mendi honen zati bat artifizialtzen baduzue inguru guztiaren oreka suntsituko duzue itzulezinezko kaltea gauzatuz. Gure inguru naturala bere osotasunean behar dugu bizi ahal izateko.
Haitzaren gibelean Jaizkibelgo mundu harrigarria ezkutatzen da. Inguru magiko eta ezezagun honetan izaki bereziok elkarrekin bizi gara eta soilik bihotz zabalek eta arima sentikorrek sentitu, usaindu, entzun, ukitu eta ikus gaitzakete. Izakiak gara, izena eta izana badaukagu. Hemen gaude, begirunez deskubritu nahi gaituenari gure altxor liluragarriak irekitzeko prest. Jaizkibel, Haitz-gibel.
Lurraren gainazalean ez dira existitzen berdinak diren bi puntu eta honek berak adierazten du espezien aniztasuna eta biosferaren trazaketaren aberastasuna. Jaizkibel bezalako leku bat nekez aurkituko duzue. Suntsitu nahi duzuen bazterra lurreko txokorik ederrenetariko bat dela esatera etorri natzaizue. Ikusteko begiekin begiratzen baduzue txoko bakoitzaren gibelean paisaia txikia bezain ederra azalduko zaizue. Anemonak, itsaskiak eta arrainak, algak eta izkirak, itsas trikuak, karramarroak, olagarroak, lanpernak eta berdelak, txirlak eta kaioak elkarri zainduz bizi gara, bata besteari dugun hoberena emanez.
Olatuen joan-etorriak garraiatzen gaitu, haizearen boladek zeruko hegaztiak eramaten dituzten bezalaxe, gauez eta egunez, goiz eta arratsaldez, egunsentian eta ilunabarrean, eguzkia irteten eta ezkutatzen denean, ilargia osorik dagoenean eta berritzen ari denean,
gau ilunetan eta izarrek distiratzen dutenean. Hemen bizi gara kresalaren igurtzia egunsenti oro gure oskolean eta larruan sentitzen, itsasoak eta haizeak dakarzkigun zapore, usain eta ametsekin elikatzen.
Arretaz begiratzen baduzue, ortzadarra aurkituko duzue olatuaren aparreko krestaren gainean. Eta poliki ibiliz gero, makurtu beharko duzue hondartza txiki bat, errekatxoa edo miniaturazko oihana deskubritzeko. Entzuteko belarriak jantziz gero, haitzaren gibelean
ezkutatuak daudenen arnasa, hauspo eta ahotsak entzungo dituzue.
Haizeak landu dituen eskulturen bitartez hitz egiten dute harkaitzek. Gazteluak bere zaindariekin, ilargiari zaunka egiten dioten txakurrak, tronparik gabeko elefanteak, zakila eta dortoka erraldoiak eskulpitu ditu maisuak denboraren poderioz. Gizakia askotan imitatzen saiatzen den artelanak ikusgai daude haitz-gibelean.
Dena aldatzen da inguru honetan, etengabe. Haitzen gaineko goroldioa eta huntza berde jaiotzen dira udaberrian, udan beroaldia igaro ahal izateko. Udazkenean lotsatu eta gorritu egiten dira, neguan desagertu baino lehen hurrengo udaberrian berriro jaiotzeko. Beste lore, zuhaitz, sastraka, landare eta iratzeekin gertatzen den bezalaxe, etengabeko
aldaketan murgildurik gaude jaiotza eta heriotza zikloaren gurpil orekatuarekin batera. Mugimendua da bizitzaren sortzaile. Naturan ez dago geldirik dagoenik, dena aldatu eta eraldatu egiten da, baita hilik dauden izakiak ere.
Ezin duzue natura erdibitu, zatikatu. Bizidunok bata bestearen osagarriak gara, bata bestearekin elikatzen gara eta sotilagoak diren beste harremanak ere izaten dira gure artean. Lotura hauek aldakorrak eta hauskorrak dira oso, hemengo bizitzak jarraitzeko ezinbestekoak.
Mendi honen zati bat artifizialtzen baduzue inguru guztiaren oreka suntsituko duzue itzulezinezko kaltea gauzatuz. Gure inguru naturala bere osotasunean behar dugu bizi ahal izateko. Bestela ezin izango dugu existitzen jarraitu. Eta soilik gure jarraipenak bermatuko du zuen seme-alaben etorkizuna. Hau guztia dela-eta superportua eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko exijitzen dizuegu asmo hori daukazuenei Jaizkibelgo erresumaren biztanleok.
Josu Pikabea Lertxundi eta Garbiñe Albisu Astibia, Jaizkibel Bizirik! taldearen izenean