Jaizkibel Bizirik eguna aurkeztu da gaur goizean

Egilea: JB  |  Atala: Jaizkibel Bizirik, Prentsa Oharrak

Jaizkibel Bizirik plataformak, Jaizkibel gure altxorra, kanpo kairik
ez! lelopean, ekimen ugari antolatu ditu egun honetarako. Helburua
jai-giroan Jaizkibelen babesa, kanpo-kaiaren proiektua behin betiko
baztertzea eta txikiziorik gabeko birgaitzea aldarrikatzea da.
Egun osoan zehar adin guztietako jendearentzat egitarau zabal eta
erakargarria izango da Donibaneko plazan. Pirata-itsasontziz jantzitako
eskenatokian kontzertuak, bertsolariak, parodiak, e.a. ikusteko aukera
izango da. Era berean, haur-jokoak eta Txan Magoa izango ditugu
txikienen pozerako.
Goiztiarrak direnentzat, mendi martxa abiatuko da Lezoko plazatik
goizeko 8:30ean. Aukera ezin hobea izango da gure lurraldeko paisaia
ikusgarrienetakoak diren Jaizkibelgo itsas labarrez gozatzeko. Esan
beharra dago, mendi martxa hau inguruko mendi taldeen laguntzaz
antolatu dela, hala nola, Club Vasco de Camping, Jaizkibel, Urdaburu,
Allerru, Girizia, Itsas Mendi eta Erlaitz.
Honetaz gain, Donibaneko plazan bertan erakusketa zabala izango da;
Jaizkibeli buruz eta kanpo-kaiak ingurumenean, gizartean eta ekonomia
arloan izango lituzkeen kalteen inguruko informazioa jasoko du, baita
ingurunean kalterik eragingo ez lukeen badiaren birgaitzeari dagokion
proposamena izango da erakusgai.
Jaizkibel Bizirikek eskerrak eman nahi dizkie ekimen honen
antolaketan parte hartu duten Pasaiako, Lezoko eta Oiartzungo Udalei,
eskualdeko hainbat elkarteei  (mendi taldeak; Albaola elkartea,
Trintxer eta Itsas Mendi elkarte gastronomikoa, Oarsoaldea Abian!
Plataforma), eta bestalde, ELA, LAB, ESK eta EHNE bezalako
gizarte-eragileei plataforma honen proposamenei orain arte emandako
laguntza aktiboagatik.
Azkenik, herritarrei egun honetan antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

EGITARAUA
8:30etik 12:00ak arte Mendi martxa
Lezoko plazatik abiatuko da lehenengo dorrerantz. Buenos Aires
(Bonazaintza) baserriaren ondoko zelaietan argazkia atera ondoren,
Alabortzara jaitsiko gara eguerdirako Donibaneko plazara iristeko.
Donibaneko plazan
11:00etatik – 13:00etara Haurren txanda
Haurrentzako tailerrak eta jokoak. 12:00etan Txan Magoa.

13:00etan Parodia eta bertsolariak
Pirata-itsasontzi formadun eskenatokian parodia, bertsolariak eta manifestuaren irakurketa izango dira.

14:00etan Kalejira eta Herri-Bazkaria
Bazkaria Donibaneko frontoian izango da eta elkarte gastronomikoek
prestatuko dute.  Txartelak honako tabernetan daude salgai: Remos eta
Ixiar (Donibane), Makutso (Oiartzun), Tiñelu (Lezo), Arkaitza (Orereta)
y Antxeta (Pasai San Pedro).

18:00ak arte Herri-Kirolak eta Zozongo taldea
Bazkalondoa Zozongo batukada taldeak alaituko du.  Garai berean, Donibaneko plazan Herri-Kirolen erakustaldia izango da.

23:00etatik aurrera
Pasai Antxoko gaztetxean kontzertua KÜM (Moscú), IRAZI (Landetxa) eta YELOW PAGE (Pasai Antxo-Lezo) taldeekin.

Iruzkina idatzi