Jaizkibel Bizirik egunean parte hartzeko deia egin dute mendi taldeek

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Urdaburu (Errenteria), Erlaitz (Irun), Jaizkibel (Pasai Antxo), Allerru (Lezo), Itsas Mendi (Donibane), Girizia (Oiartzun) eta Club Vasco de Camping (Donostia) mendi taldeak Jaizkibel Bizirik plataformak antolatutako ekimen honekin bat egiten dute, eta herritar guztiak ospakizun honetan parte hartzeko gonbidatzen dute.

Uztailaren 4a, larunbata goizean, Lezotik hasita, Jaizkibel mendian zehar martxa bat izango da, eta kanpo kaiaren egitasmoak mehatxatzen duten mendi honen eta bere itsasertzaren babesaren alde egin nahi duten pertsona guztiak gonbidatuak daude.

Mendi martxa goizeko 8:30etan aterako da Lezoko plazatik, Jaizkibelen
magaletik igo eta lehenengo dorrera iritsi arte, handik gure eskualdeko
paisaia miresteko aukera izango dugularik. Errepidea gurutzatu ondoren,
eta kantinatik gertu igarota, Londres eta Bonazaitza baserri zaharren
ingurura iritsiko gara. Han talde argazki bat egingo dugu, atzealdean
itsaslabarrak eta itsasoa dugularik. Jaisteko itsaslabarren ertzetik
doan bidea hartuko dugu, non Jaizkibelen bereizgarri diren are-harrizko
egituren forma eta kolore bitxiak miretsi ditzakegun. Itsas gaineko
bista eta itsaslabar ikusgarriak, orain hain mehatxatua dagoen paisaiaz
ohartaraziko gaitu.

Eguraldi txarra izanez gero, eta trebetasun gutxiagoa dutenentzako, pistatik jaisteko aukera egongo da. Alabortzara iristean portuaren ahoa eta egiturak ikusiko ditugu. Donibaneko plazara 12ak aldera iristea espero da. Hemen eta egun guztian zehar, Jaizkibel Bizirik Egunaren baitan antolatutako beste ekitaldiak izango dira, taberna eta bazkari herrikoia barne. Bazkarirako txartelak Makutso (Oiartzun), Tiñelu (Lezo), Arkaitza (Orereta), Antxeta (San Pedro), Remos eta Ixiar
(Pasai-Donibane) tabernetan salgai daude 10 eurotan.

Ibilbidea edozein pertsonak egiteko pentsatua dago eta oinetako egokiak eraman behar dira. Bonazaitza baserriaren inguruan egingo den taldeko argazkian soilik parte hartu nahi dutenentzat, goizeko 10ak aldera izango dela kalkulatzen da.

Jaizkibel mendia, itsasertzeko xendra bezalako ibilbide paregabeak dituen mendia, eskualde honen mendizaleek maiz bisitatzen duten eremua da. Gertu dagoen mendia izanik, paisai eta balio natural garrantzitsuak ditu, zeinek Europar Natura 2000 Sarearen parte izateko aukera eman dioten.
Fauna eta flora espezie bereziak izateaz gain, gure lurraldearen
paisaia berezi eta ikusgarrienetarikoa da, 15 kilometro baino gehiagoko
kostalde birjina duelarik. Itsaslabar itzelak, senai ezkutuak eta
are-harrizko egitura apetatsuak, mundu mailan oso bakanak diren
egiturak.

Urdaburu Mendizale Elkartea, Erlaitz Mendi Elkartea, Jaizkibel Mendizale Taldea, Allerru Mendi Taldea, Itsas Mendi Elkartea, Girizia Mendi Taldea, Club Vasco de Camping

2009ko ekainak 26

Gaiak:

Iruzkina idatzi