ET: EKOTXABARRI

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

ET: EKOTXABARRI  Azkenaldian, superheroi berria dugu Pasaialdean: ET: EKOTXABARRI. Pertsonai honek Aldunditik Pasaialdera egin zuen zuzenean bidaia aulki batetik bestera (oposiziorik egin gabe) bere alderdiko buruzagitzak (EBBk, “Eko” Buru Batzarrak) izendatuta. Nahiz eta Gipuzkoako bere alderdikideek alderdia uzteko eskatu “Eko”-jokuzikina egiteagatik alderdiaren barruan, oraindik ere gure artean jarraitzen du.Pasaiako Portu Agintaritzatik gure arazo guztien konponbidea proposatzen digu:EKOPORTUA. Hau gauzatzeko gure heroi berriak laguntzaile asko aurkitu ditu bidean: Orain dela gutxi sortutako “GIPUZKOA AURRERA” supertaldea: Munduan zehar bere “koperatibismo partikularra” zabaltzen ari den Arrasateko “Eko”-nomatu erraldoia, gipuzkoarren “Eko”-nomia hilero itotzen duen KUTXA, Gipuzkoako enpresari jatorren ADEGI elkartea, FORU ALDUNDIA, eta Gipuzkoako Ganbara (non ote dute hauek “eko”?) besteen artean. Elite honek egingo omen du Gipuzkoako “eko”-grafia. (gure salbatzaileak ¡!). Bestalde, mago batzuk ere kontratatu ditu ETk: “EKO”S enpresako Antonio Bea magoa, kartara ingurumen azterketak egiten dituen pertsonaia. Azterketa nork eskatu halakoa da ingurua. Lehen babestutako flora eta fauna zegoen tokian orain kolpetik “EkoTxabarrirentzako” egindako azterketetan ez da ageri (lirioak bai, liriorik ez). “EKO-magia”. IKERFEL, telefonoz manipulatutako (bai ala bai) “Eko”-inkestak egiten trebea den marketing enpresa xelebrea. Eta DV. Beraien gezurrak “eko” modura behin eta berriz errepikatuz egi direla sinestarazi nahi izaten gaituen egunkaria.Superheroi honek zoriona dakarkigu: ekoportua egiteko babestutako Jaizkibelen “Eko”-suntsiketa egingo du. Sarbideak egiteko “Eko”-tunel erraldoiak ireiko ditu Jaizkibel azpitik, “Eko”-AHT eta Lezotik egunero pasatzen ikusten ditugun “Eko”-kamioiak pasatzeko. Gaintxurizketan garraio “Eko”-korridore intermodala eraiki nahi du baserrialderik gabe utziz Lezo. Mendiak “Eko”-harrobiz zulatuko ditu. Ziklo konbinatuko “Eko”-zentrala, erregaientzako “Eko”-biltegi erraldoiak etabar jarriko dizkigu gure onerako. Hemendik aurrera portuko kutsadura osasunerako onuragarri den “Eko”-kutsadura izango da. Dena izango da “EKO”.Baina superheroi honek, badu bere alde iluna: gaur egungo politiko askoren moduan lotsa eta errespetua zer diren ez daki. Horrelako ziriak sartu nahi izateak herritarrei zor zaien errespetu falta izugarria adierazten du. Ze mailako agintariak ditugu? Noiz arte jasan beharko ditugu horrelako “pertsonaiak”?.Ez daitezela engainatu. Ez gara inozoak. Badakigu “EKO”-aren atzean beraien “Eko-nomia” eta beraien dirugosea izkutatu nahi dutela. Negozioa Superportua “EGITEA” da. Berdin zaio “EKOportua”, “BIOportua” edo “portuBERDEA” izendatu.Bost axola herritarrak ¡! Bost axola ingurumena!! Sala ditzagun pertsonaia hauen handikeriak.Ez geratu isilik.

Munttar

Gaiak:

Iruzkina idatzi