Maro ontziaren isurketa dela ta ez dela…

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Gaur Berria-n agertutako albistearen edukiaren zati bat:

Kutsadura izan, bada. «Ez da ahaztu behar gasoila gai toxikoa dela, izaki bizidunek metabolizatu ezin duten substantzia dela, eta elikadura katera iristen denean kaltea egingo duela», adierazi du Mikel Estonba biologoak.

Jaizkibelgo itsaslabarraren garrantzi ekologikoa nabarmendu du Estonbak. «Inguru basatia da, gaur egun arte egoera naturalean iritsi zaiguna, eta balio ekologiko handikoa». Europako Batasunak berak interes komunitarioko gune gisa izendatua du Jaizkibel. «Kontuan hartzen badugu ukitu gabe dagoela, benetako hondamena gerta daiteke». Zeren, Estonbak uste du, lehenago edo geroago, isuritako erregaia kostaldera iritsiko dela. «Gogoeta egin beharko lukete superportua bultzatzen ari direnek. Egiten bada, gaur egun baino askoz ere itsasontzi gehiago, handiagoak eta kalte handiagoa egin dezaketenak igaroko dira, benetako hondamendi ekologikoa eragin dezaketenak».

Greenpeace erakunde ekologista kezkatuta dago gertatzen ari denarekin. Maria Jose Caballero erakundeko kidea Jaizkibelen izan zen atzo, egoera jarraitzen. «Harrigarria da, baina inork ez digu esan zer gertatzen ari den. Egia da erregaia ez dela ikusten, eta usaindu ere ez da egiten, baina egoera ez da normala». Izan ere, Greenpeaceren ustez, harrigarria da atzo Itsas Salbamendukoak ez ibiltzea ontzia puskatu zen inguruan. «Izugarria da, eta kasik arduragabekeria kasu baten aurrean gaudela iruditzen zaigu. Ostiralean trabatu zen harkaitzetan, eta ezin da ulertu puskatzen utzi izana». Erregaiarena ere «arrarotzat» jo du. «Atzo [herenegun] biltegiak eta tutuak prestatzen ari ziren ontzitik erregaia ateratzeko, eta, puskatu denean, ez dagoela esaten dute. Kudeaketa ez da garbia izaten ari, eta ikusita zenbat istripu izan diren itsasoan, baliabide gehiago beharko lirateke azkarrago jarduteko».

Gaiak:

Iruzkina idatzi