Jaizkibel babestu

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Hogeita hamar talde ezberdin batzen dituen Jaizkibel Bizirik-ek ejerzitoak Jaizkibel mendian egiten dituen maniobra eta tiro ariketak areagotu egin direla salatu, eta, bide batez, militarren presentzia eta mendiaren kontserbazioa ez direla bateragarri gogoratzen du.Izan ere, ejerzitoak eremu militar gisa izendatu eta bertatik igarotzea galerazita dagoela dioten kartel sendoak jarri ditu lehengo koartelaren inguruan, Sagatzaga, Amaotz eta Leteko inguruetan, hain zuzen. Aste hauetan zehar tiro praktikak egiten ari dira, eta mendiaren bestaldean, Lezo-Gaintxurizketa inguruan leherketen zaratak entzuten dira. Horrez gain, militarren ibilgailuen joan-etorriak hirigunetik barrena ohikoak bihurtu dira. Asabaratzako txaboletan eremu militarrean daudela gogorarazten duten oharrak paratu zituzten, eta bertako erabiltzaileak beldur dira botako ote dituzten.

Jaizkibel Bizirik-ek 2004ko irailetik idatzirik dagoen Natura 2000 Sareko Espazioaren Kudeaketa Planean kontserbazio eta errestauraziorako hartu behar diren neurriak lehenbailehen praktikan jar daitezela eskatzen du, beren atzerapenak hainbat habitat eta intereserako espezien kaltetze eta gutxitzea ekar dezakeelako.
Jaizkibelgo Kudeaketa Plana Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak eginarazi zuen. Bertan dio, mendiaren diagnosia egiterakoan ejertzitoak erabiltzen dituen lurren titularitatea ez dela garbia, eta beraz, bertan egindako zenbait jarduerek ez dutela oinarri legalik. Adibidez, zenbait pista berri eraikitzea. Era berean, militarren tiro praktikak eragozpenak sortzen dizkie, bai mendiaren erabiltzaileei, bai bertako faunari. Tiro ariketa hauek suteen kopuru garrantzitsu baten jatorria izan dira azken urteetan.
Kudeaketa Planak dioenez iparraldeko isurialdearen bokazioa bere balio naturalak kontserbatzea da. Militarrek okupatzen duten lurraldean (364 hektarea, mendiaren %15,5a eta Pasaiako lurren %45,1a) hainbat babestu beharreko habitat izendatu dira. Hain zuzen, hiru habitat lehentasuna duten garrantzi Komunitariokoak (4020*, 4040*, eta 6230*kodeekin identifikatuak) eta beste zortzi habitat garrantzi komunitariokoak. Legediak dioenez, lehentasuna duten habitat-ak babesteko neurri zorrotzak hartu behar dira.
Jaizkibel Bizirik-ek titularitate publikoa aldarrikatzen du, hau da, militarrek gerra ostean bereganatutako 364 hektareak herriari itzul diezaizkiola, eta guztion gozamenerako natur espazio hau desmilitarizatua izan dadila.
Josu Pikabea. Lezo

Gaiak:

Iruzkina idatzi