Garraio Sailak ‘kea saltzen’ segitzen du portuaren aferan

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Garraio eta Ingurumen sailburuek agerraldia egin zuten atzo, Gasteizko Legebiltzarreko Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordean, Pasaiako portua handitzeko proposamenei eta badiako hirigintza berritzeari buruz duten iritzia helarazteko.

Mintzaldiaren edukiaren berri izan ostean, Garraio Sailak «kea saltzen» jarraitzen duela eta Ingurumen Saila, berriz, duen jarrera alda dezan, «modu iraunkorrean jazartzen» ari direla esan zuen Jaizkibel Bizirik-ek.

GASTEIZ
Pasaiako portua handitu eta eremua berriztatzeko proposamenen inguruan hitz egin zuten, atzo, Gasteizko Legebiltzarrean, Lakuako Gobernuko Garraio eta Ingurumen sailburu Nuria Lopez de Gereñuk eta Esther
Larrañagak, hurrenez hurren. Bertan, «betiko planteamenduak» entzun zituztela adierazi zuen Jaizkibel Bizirik plataformak. Modu horretan, Garraio Sailak «kea saltzen» jarraitzen duela salatu zuen. Egun, egin daitekeenari buruzko «ideia orokorrak» baino ez daudela nabarmendu zuen: «Proiektuak edota ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa urrun daude».

Era berean, auzi horretan duen jarrera alda dezan, Larrañagak gidatzen duen saila «modu iraunkorrean jazartzen» ari direla nabarmendu zuen. Plataformak gogorarazi zuenez, egin duten ikerketa oro «aurkakoa» da eta dauden datuak «faltsuak» dira. Alde horretatik, «hausnartzeko» deia zabaldu zuen atzoko mintzaldian Ingurumen sailburuak. «Egin aurretik, ondo pentsatu behar dugu, gero ez baitu atzera bueltarik», aipatu zuen Larrañagak. Portua zabaltzeak eta Pasaialdea hirigintza aldetik berritzeak ongizatean ekarriko lukeen hobekuntzaz ere mintzo zen Jaizkibel Bizirik. Egungo portua Gipuzkoako enpresa «zikinena» dela esan zuen eta bertan ez direla «ingurumenaren inguruko legeak errespetatzen». Bere aburuz, «txatarra biltegi pribatu» hori kontrolatzeko neurriak gaurtik ezarri beharko lirateke, «bestelako erabakiei itxaron gabe».

«Berriztapena faltsua da»
Horretaz gain, egungo portuan azpiegiturak sortzen ari direla eta horien jarduerari eutsiko diotela ziurtatu zuen. «Portuko berriztapen integrala faltsua da», adierazi zuen. Gainera, zentral termikoaren eta garraiogunearen alde egiten ari dela ukatu zuen.

Jaizkibia  sozietateari buruz, egiazkotasunik ez duela eta gizartearen erabakiak ordezkatzen dituela salatu zuen. «Etor elkarteak egindako galdeketan, gehienek hiri-portuaren aldeko jarrera agertu zuten. Kanpoko portuaren aldekoa, aldiz, ia inork», gogorarazi zuen plataformak. Amaitu aurretik, orain ikerketa batzuen zain dagoela eta horien edukia ezagutu
ostean, hainbat ekimen deigarriren berri emango duela esan zuen Jaizkibel Bizirik-ek. Nuria Lopez de Gereñu sailburuak, bestalde, ingurua berritzeak portua handitzea ekarri behar duela adierazi zuen. Izan ere, Gipuzkoak garraio eta logistikako «beharrei erantzungo dien portu-azpiegitura moderno eta eraginkorra» behar baitu. Erabakiak hartzeko erakunde guztien parte-hartzea «nahitaezkoa» dela gaineratu zuen. Jaizkibideren eskutik, hain zuzen ere. Sailburu biek eraberritzea behar dela argi dagoela nabarmendu zuten. Hala ere, bertan «ingurumen aldetik balio handiko guneak daudela» eta, beraz, «ondo pentsatu» behar dela ohartarazi zuen Larrañagak.

2006-02-16, Gara

Iruzkina idatzi