Kanpo kaian, ziklo konbinatuko zentrala eraikitzeko asmoa dagoela iragarri berri dute; eskualdeko talde politikoetako ordezkariek eta beste zenbait eragilek egitasmoaz duten iritzia bildu du HITZAk

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Iritziak / Opiniones

Portuko Agintaritzak eta Naturgasek Pasaiako kanpo kaian ziklo konbinatuko zentrala eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuten iragan abenduaren 28an. Asmo horrek erreakzio ugari eragin zituen. Hitzak eskualdeko eragileen iritziak bildu ditu.

Elias Maestro (EB-Berdeak )
“Alde gaude, baina kokapenaren
kontra&quot

“Ziklo konbinatuko zentralen alde gaude,
gaur egun erabiltzen direnekin alderatuta, garbiagoak direlako. Egun Pasaian
dagoen zentral termikoa zaharkitua dago eta oso kutsakorra da. Beraz,
printzipioz, aurrerapausua da, atmosferarentzako hain kutsakorrak diren
emisioak ekidin, eta Kiotoko Itunean hartutako konpromisoak betetzea
ahalbidetuko duelako. Baina ez dugu nahi kanpo kaian kokatzerik,gure talde
politikoa kanpo kaia egitearen kontra azaldu delako. Badiaren ingurua
berreskuratu, inguruko lurren erabilera hobeto zehaztu, eta egungo zentrala
ordezkatzea eskatuko genuke; ikatza erretzen duen termika, ziklo
konbinatukoarengatik ordezkatzea”.

JAIZKIBEL BIZIRIK (talde ekologista )

“ARGITU DA ZEIN DEN BENETAKO INTERESA”

“Azkenean argitu da zein den kanpo kaia eraikitzeko benetako interesa. Erabili diren argudio guztiak (barne birgaitzea, itsas autopistak, aberastasuna sortzea, balore estrategikoa, lanpostuak…) Aldundiak berak eskatutako azterketek suntsitu dituzte. Orain, proiektua bere errealitate gordinenean aurkezten da: diru publikoa enpresa pribatuei eta eraikuntza enpresei etekina emango dien orubea eraikitzeko baliatzea. Ingurune-inpaktua eta lanpostuak ez dutela garrantziarik agerikoa da. (400 milioi euro, 60 lanpostuentzat, eraginkortasun sozialaren errekorra!). Pasaialdean eta Jaizkibel inguruan beste zentral termiko bat kokatzea, jada nahiko zigortuta dagoen eskualdearibeste eraso bat gehiago da. Zentral berriak, gaur egungo termikak baino emisio gehiago egingo lituzke, eraginkorragoa izango den arren, potentziari dagokionez lau bider handiagoa izango delako. Zentral honek enpresen arteko negozioari eta energiaren esportazioaren beharrei baino ez die erantzuten, eta ez nork bere buruaren hornikuntzari (dauden aurreikuspenen baitan, Euskal Herriak lituzkeen behar energetikoak erantzun dira honez gero), edo dagoenaren ordezkoari. Ezin da ahaztu, hau guztia babestutako gune batean planteatzen dela, Pasaialdeak beharrezkoa duen espazioan, eta bere birgaitzearen baitakoa behar duena. Aitzitik, Jaizkibelen kontrako jazarpenak ez du etenik, lurretik, airetik eta itsasotik”.

-J. C. Alduntzin (Badia plataforma)

“Asmo honek, erokeria okerrera
darama”

“Ziklo konbinatuko zentralaren egitasmoa
ezin dugu kanpo kaiaren egitasmotik at utzi. EAJ eta bere bide lagun diren
interes ekonomiko erraldoiak eta hainbat politiko ustelen asmoak dira. Kanpo
kaia, beren txostenetan argi agertzen den moduan, inolaz ere justifikatzerik ez
dagoenez, orain zentral termikoaren egitasmoa azaltzen digute. Kaiarena
erokeria bazen, asmo honek erokeria hori okerrera darama. Ez dakite zer asmatu
beren interesak, ez herritarrenak, aurrera ateratzeko. Gure erabateko
ezadostasuna azaltzeaz gain, proiektu honen aurka irmoki elkarlana egiteko prestutasuna
agertzen du Badiak”.

-Iñaki Portugal eta Aritz Lecuona (Aralar)

“Erregai fosila darabilte azkenean”

“Ziklo konbinatuko zentralek gas naturala
erabiltzen dute erregai gisa, hau da, erregai fosil bat. Funtsean, edozein
zentral termiko bezalakoak dira. Sofistikatuagoak agian bai, baina erregai
fosila darabilten zentral termikoak azken finean. Etorkizun jasangarri batek,
energia berriztagarrien aldeko apustu garbia eskatzen duela oso argi dagoen
momentu honetan, ulergaitza da erregai fosiletan oinarrituriko azpiegitura
erraldoi baten aldeko apustua egitea. Ulertzen ez den bezala, itxita egon
beharko lukeen zentral termikoa oraindik hor egotea. Pasaiako kanpo kaia
egitearen benetako arrazoia zentral honen baitan dagoela dirudi, bere
zama-trafikoak ez baitu portuaren handitzea justifikatzen. Beraz, zentral honen
desabantailei, kanpo kaiaren kostu ekonomiko ikaragarria eta ingurugiro eragin
itzela gehitu behar zaizkio”.

-Izaskun Gomez (PSOE, Pasaiako alkatea )

“Erantzun beharreko zenbait galdera daude”

“Proiektu serio bat aurretiazko azterketa
guztiekin datorren hori da, bai ingurunearen ikuspuntutik, bai ikuspegi
finantzariotik ere. Kontuan hartu beharko litzateke proiektu horrek zein behar
erantzun behar dituen ere. Beraz, arduraz jokatu, eta itxaron beharko da
azterketa horiek guztien emaitzak ezagutu bitartean. Kanpo kaiari buruz baino,
Uharte Kaiaz hitz egiten da azkenaldian, orain arte ezagutzen zen kanpo
kaiarako egitasmoa alboratuz. Ziklo konbinatuko zentrala beharrezkoa dela
baieztatzen da, baina aldez aurretik jakin beharko genuke zeintzuk diren
benetako behar energetikoak, eta non duten sorburua, hau da, Espainiako Plan
Energetikoan, edo Eusko Jaurlaritzaren beharretan. Galdetu beharko genuke,
baita ere, zein onura ekarriko lioken honek udalerriari, hau da, udalerriak
zerga bidez jasoko lituzkeen etekin ekonomikoez hitz egin beharko litzateke.
Argitu beharko genuke, baita ere, Jaizkibel mendia, zeinak interes publikoko
izendapena duen, eta ondorioz ezin den urbanizatu, lortu nahi diren helburuak
baimentzen dituen. Era berean, galdetzeko modukoa da, ziklo konbinatuko
zentralak, egun martxan ari den termikaren eredu bera jarraituko duen, azken
honek sekula ez dituelako martxan egon ahal izateko legediak behartutakoak
bete. Ondorio gisa esan, Udalaren iritzia eman aurretik, erantzun argia
eskatzen duten zenbait galdera daudela erantzuteko. Aldezaurretik, ez gaude, ez
alde, ez kontra, baina udalerriarekiko arduraz jokatu nahi badugu, hainbat
galderen erantzuna aurretik ezagutzea derrigorrezkoa da”.

-Kepa Garbizu (Lezoko alkatea, EAJ-PNV )

“Orain dagoena kenduko balute, ondo”

“Hasteko, oraindik oso balizko gauza dela
uste dut. Dena den, horren truke orain dagoena kenduko balute, ondo. Kasu
horretan ziklo konbinatuko zentral termiko hori ez litzatekeela gaizki etorriko
uste dut. Hala ere, errepikatu nahi nuke, nire ustez, oraindik oso balizko
gauza dela”.

-Luis Mari Oiarbide (EA)

“Egungo termikak desagertu behar du”

“Bi aspektu bereizi behar dira. Batetik
ziklo konbinatuko zentral termikoa ontzat eman beharko genuke, baldin eta egun
dagoen zentral termikoa kenduko balitz. Gure inguruak zentral horrek zabaltzen
duen kutsadurarekin nahikoa sufritu du urte luzetan. Zoritxarrez, Iberdrolak
2022ra arte du egungo zentralaren ustiapen baimena. Egungo termikak desagertu
behar du.

Bestelakoan, balizko kanpo kai batean kokatu
dute zentral termiko berri hori. Kanpo kaiari dagokionean, hausnarketa fasean
gaude eta lan talde bat dugu balizko alternatiba guztiak aztertzen. Bi hilabete
barru lan talde horren ondorioak jasoko ditugu. Zera dugu ziur: Pasaiako badia
guztiz biziberritu behar dela”.

-Guillermo Sanchez-Berra (PP)

“Benetan garrantzia duena La Herrera
da”

“Kea besterik ez dira saltzen ari.
Astakeria da ziklo konbinatuko zentral termikorena. Kanpo kaiaren gaia ondo
ikusten dugu, baldin eta beharrezkoa dela erakusten badute. Pasaiak eta
pasaitarrek duten arazo larri bat albo batera utzi nahi dute hori guztiarekin:
La Herrera. Kea saltzen ari dira La Herrera ahazteko. La Herreran egin
beharrekoa egiten denean, Portuak toki gehiago behar badu, hala bedi, eta
ikusiko dugu zer eta nola egin. Nik, ezta PPk ere, ez diegu Pasaiak aurrera
egin dezan egitasmoei eta inbertsioei oztoporik jarriko, baina ez dezatela
kerik saldu. Zentral termikoarena bigarren mailako gaia da egun. Benetan
garrantzia duena La Herrera da. Gainera, horrelako egitasmoetan pasaitarren
iritzia kontuan hartu behar da, eta ingurumen neurriak ere kontuan hartu behar
dira”.

-Aitor Sarasola (Lezoren alde )

“Kanpo kaia justifikatzeko era da”

“Kanpo kaia justifikatzeko era da hori.
Erabateko manipulazioa da. Kanpo kaian aparteko interesak dituzten enpresa
konstruktorak daude sartuak hortan,eta saltzean ari direna zera da: kanpo
kaiaren onurak ziklo konbinatuko zentrala bezalako proiektuaren baitan. Egun,
kaiaren inguruan, Lezon zehazki bizi ditugun kalteak kanpo kaiarekin konponduko
direla saltzen ari dira: hautsa, egungo zentral termikoaren kutsadura… Kanpo
kaiarekin hori berdin-berdin izango dugu, kanpo kaia egitearen kalteak gehituz.
Pasaiako portuak egun mugitzen dituen merkantzia kutsakor eta kaltegarriak
kaitik desagertarazi beharko lituzke, barruko kaiaren birmoldaketa osatuz,
inguruko hiriarekin egokiago uztartuko liratekeen aktibitateak landuz”.

-Auzo elkateen koordinadora (Pasaia)

“Noiz hasiko gara birgaitzearen alde
lanean?”

“Pasaiako bizilagunek urteak daramatzagu
erakundeei hainbestetan agindutako eta inoiz gauzatu ez den Pasaiako eta bere
ingurukoak eskatzen. Birgaitzea hirigintzan, arlo ekonomikoan, eta noski
ingurumenekoan eman behar da. Horren ordez, eta agindutakoak ez betetzeaz gain,
interes ekonomikoak ardatz dituzten egitasmo erraldoiak planteatzen dituzte.
Egitasmo hauek birgaitze egitasmoak baztertzeko aitzaki dira, eta zoriotxarrez
gure etorkizuna hipotekatzeko besterik ez dute balioko. Balizko kanpo kaian,
balizko ziklo konbinatuko zentrala jartzeko ideiari buruz, ingurumen kalteak
eta herritarrengan izan ditzakeen ondorioak aztertzeko datu nahikorik ez dugu
esku artean, baina antzeman dezakegu. Aurretik, urte luzeetan termikaren San
Markoseko zabortegiaren, portuaren, edo N-1 errepidearen kutsadura nozitu dugu.
Guzti horiek, esaten digutenez, interes orokorreko aktibitateak dira, hala ere,
ekintza horien emaitzak ez dira inoiz Pasaiara iristen. Pasaian bakarrik
zaborra, eta ekimen horiek sortzen duten degradazioa jaso dugu. Ildo horretan
kokatzen dugu ziklo konbinatuko zentral termikoaren egitasmoa. Azaldu dezake
norbaitek zergatik Pasaian eta bere inguruan jartzen diren aktibitate kutsakor
guztiak? Noiz hasiko gara, ez hizketan, baizik eta hain zigortuta dagoen
ingurune baten birgaitzearen alde lanean?”

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi