Mamuen protesta

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Jaizkibelgo Superportua (Pasaiako Branka aldizkarian agertutako artikulua)

Mamu batek harrapaturik dago Jaizkibelgo superportuaren egitasmoa. Gero eta agerikoagoa da proiektuari eusten dioten bakarrak naturaren esplotazioa muturreraino eramateko nahiz gizartearen premiak nabarmen manipulatzeko Portu Agintaritzak erakusten duen jarrera abusatzailea eta arrazoigabekeria hutsa direla. Hori dela eta, Portuko Agintaritzak superportuaz egiten dituen adierazpenetan atzematen diren fantasmak parodiatu nahi izan ditugu, honako hau salatzeko:

- Batetik, azpiegitura erraldoi honek Jaizkibelgo itsasertzean eragingo lituzkeen kalteen larritasuna modu eldarniagarrian ezkutatu nahi duela. Adibidez, superportuak eragingo lituzkeen kalteen aurrean egitasmoa zalantzan jarri dutenen ahotsak zabaltzen ari direla ikusita, Portu Agintaritzako lehendakariak honako hau dio zitalkeriaz beterik: “Landaretza oso urria da, eta animaliei dagokienez, kaio ilun kabi pare bat baino ez dago, mendiaren beste aldera aldatu daitezkeenak gainera, gehienak han kokatzen baitira (. . .). Denok margaritak nahi baditugu, bada, orduan Montanako zelaietara joan eta han geratzen gara”. Hamaika entzuteko jaioak gara!

- Eta, bestetik, faltsukeriazko beharrizanak errealtzat ematen dituela (goi-mailako erabaki politiko baten ondorioz egiten du hori nonbait, bizi dugun erokeriazko globalizazio kapitalistaren prozesuari jarraiki). Honi dagokionez, Portu Agintaritzaren esanak, gero eta hutsalagoak eta kontraesankorragoak dira gainera, superportuaren bideragarritasun ekonomikoa zuritzeko ezgai bihurtuta. Hala, superportuaren eraikuntzan aurreikusitako 601 milioi euroko (100.000 milioi pezeta) xahuketa ekonomikoaren justifikazio falta berretsi baino ez du egin Portuko Agintaritzak, berriki, Gipuzkoako Alderdi Popularrak “arrazoi ekonomiko eta ingurugiroarekikoak” alegatuz egitasmoa zalantzan jarri duenean. Izan ere, alderdi horrek adierazi duenez, ez da merkatal irabazi garbirik frogatu, eta “bere errentagarritasuna justifikatzen duen azterketarik ez da oraindik ezagutzera eman”, ingurugiroarekiko eraginak, aldiz, “oso garrantzitsuak” direla egiaztatu den artean, “proiektua berez hankaz gora botatzeko arrazoi nahikoa izanik”. Jakina, esandako horien atzean, azpijokoren bat gordetzen dela pentsatzekoa da (esanak haizeak eraman, eta egingo dituenak auskalo), baina nolanahi ere, harrigarria izan da Portuko Agintaritzak berehala emandako erantzuna: alegia, inbertsio horien justifikazio gisa orain arte superportuak “merkantzien trafikoa bikoiztea” ahalbidetuko lukeela birritan esan ondoren, oraingoan berriz
“merkantzia gehiago irabazi ez arren Portu Agintaritza superportua egitearen aldekoa dela” adierazi baitu, “bere onura sozialengatik “. Posible al da baina superportu bat halako sasi-argudioen izenean ezartzea?

Bien bitartean, ez dirudi superportuaren eta azpiegitura lan handien alde diharduten botere mediatikoek jendearen pentsatzeko gaitasun kritikoa ezabatzea lortu dutenik, eta egitasmoak Pasaialdean arbuio sozial zabala jaso duela erakusten dute, bai Pasaian aldizkariak kaleratutako iritziek eta bai superportuaren aurka dagoeneko jaso diren 1200dik gora sinadurek. Pasaiako Udalak, bestalde, Portuko Agintaritzak superportuaren aurreproiektua burutu ahal izateko Jaizkibelen hasitako zundaketa eta azterketa geologikoak geldiarazi zituen abuztuaren 28an (lizentziarik gabe ari zirelako), eta ondoren Portuko Agintaritzak azaroa arte atzeratu du superportuaren Aurreproiektuaren eta Ingurumenarekiko Eraginaren Azterketaren aurkezpena; eta aurkezpen hori bere mezu propagandistikoa hedatzeko eta naturari era berezian erasotzen dion proiektu txikitzaile honen “garbiketa berdea” egiteko erabiliko duela iragarri dezakegu.

Badugu beraz zereginik, gizartearen erantzunari bultzada bat emateko mugitu behar dugulakoan gaude: dagoeneko nabariak dira proiektu erraldoi honen atzean ezkutatzen diren gezurra eta engainua. Ez dezagun utzi errealitate bihurtzen!

Jaizkibelgo Superportuaren Aurkako Taldea


Gaiak:

Iruzkina idatzi