SUPERPORTUAREN AURKAKO MANIFESTUA

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Duela hilabete batzuk Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak berriro ere zur eta lur utzi gintuen aurkeztu zuen proiektu txikitzaile berriekin. Hainbat entrepresa bultzatzaileekin batera Pasaiako portua itsaso irekian zabaltzeko egitasmoaren berrI eman zigun, eta kanpo kaia Jaizkibel mendiaren itsasertzean kokatzeko asmoa azaldu zuten.

Portu berriaren dimentsioaz eta ezaugarriez ideia bat egiteko Bilboko superportua hartzen dute erreferentzia gisa eta besteak beste, 3340 metro luzerako dike nagusi baten eraikuntza eta Jaizkibelgo mendiaren itsaslabarretan kai berriarentzat 1320000 metro karratuko (132 hektarea) azalera eta 500 metrotako gutxienezko zabalera lukeen plataforma bat eraikitzea bezalako lan erraldoiak barne hartzen ditu.

Ikerketa honen arabera azpiegitura honek eragingo lukeen ingurugiro erasoa “arina” litzateke, honek zera frogatzen duelarik: azpiegitura erraldoi honen planifikazioa, irizpide ekologikorik hartu gabe egin dela.

Izan ere, Jaizkibel mendiaren itsasertzak pairatuko lituzkeen erasoak oso larriak lirateke; jakinik, bertako itsaslabarrak, balio geologiko, paisajistiko eta botaniko gorenekoak izateagatik Babes zorrotz bereziko gune gisa sailkatuta daudela. Adibidez EAEko Itsasertza babestu eta antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapenean (1999) lehorreko ingurunean, babes zorrotz bereziko itsaslabarrak eta Azabaratzako hondartza naturala aipatzen dira, eta baztertutako erabilpenen artean portuak, kirol, arrantza eta merkataritzarako dartsenak zehazten ditu. Jakin badakigu ordea kai berriaren bultzatzaileek Eusko Jaurlaritzara jo dutela Jaizkibel mendiaren babes planak aldatzeko asmoz. Beti bezala, interes ekonomikoak babes eta ordenazio planak aldatzeko gai dira garapen ekonomiko desarrollistaren izenean.

Portu berriari suposatzen zaion aurrekontua 92.800miloi pezetakoa da, bai errepide eta tren sarbide azpiegiturarentzat, bai betelanetarako eta bai dikeen eraikuntzarako. Lanak nork ordaindu baina norentzat dira superportuaren etekinak? Ba noski, portuko enpresa handientzat, eta ez lotsarik gabe esaten duten bezala, herriarentzat, nahiz eta badakigun honelako inbertsioen ondorioz gastu sozialen murrizketa egiten dela eta gizarteari zerbait eskaintzekotan kalteak besterik ez direla.

Makroproiektu hauen atzean dauden interesak ezin dira modu isolatuan azaldu zeren arrazoiak daude pentsatzeko Europa mailan lehiatzeko eraiki nahi diren beste garraio infraestruktura desberdinekin estuki loturik daudela.
Merkataritza Ganbarak, beste interes pribatu batzuekin batera Euskadi europar mailako garraio plataforma handi batean bihurtzeko interesa behin eta berriro azaldu du. Informazioa ezkutatu eta manipulatu egiten dute proiektu hauen loturak gorde nahian. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren bultzatzaile nagusia den Merkataritza Ganbararen helburua merkantzien trafiko ahalik eta handienak erakartzea da, beti ere garraiogintzaren hedapen sostengaitz horrek lurraldean, gizartean eta ingurugiroan eragiten dituen inpaktu larriak kontutan hartu gabe.

Aipatzekoak dira errepide berriak egiteko plangintzak, Abiadura Handiko Trena lehen bait lehen egiteko presioa (nahiz eta gizartearen zati handi bat aurka azaldu behin eta berriz) edota Lezo-Gaintxurizketa-Oiartzun aldean baserrilurrak izandakoetan garraio plataforma erraldoiak ezartzeko proiektua. Euskadi-Akitania Plataforma Intermodal Handia, Irun Pasaia artean kokatuko litzateke.
Beraz, lotura handia ikusten da azpiegitura hauen eta SuperPortuaren proiektuaren artean. Kanpo kaia, itsas garraio, trenbide eta errepideak lotuko lituzkeen Plataforma intermodal logistikoen eraikuntzan puzzlearen zati bat gehiago da.
Bestalde, azpiegitura plangintza ikaragarri hau gutxi balitz “Baiona-Donostia Eurohiriaren Garapenerako agentzia” deitzen den entitateak 2000.urtean argitaratutako “Baiona-Donostia Eurohiriaren liburu zuria” Txostena irakurtzen badugu hobeto ulertuko dugu zein helburu dauden Jaizkibelgo SuperPortua eta beste proiektu txikitzaileen atzean. Izan ere, Baiona-Donostia Eurohiriak “mugaz gaindiko metropolia izatea eta Europar merkatu librean gogor lehiatzea” ditu helburu.

Zalantzarik gabe, guzti hau eredu kapitalistaren zerbitzura eginiko proiektua da eta ez dago pertsona eta kolektiboen beharretan oinarrituta. Izan ere honelako metropoli ikaragarria garraioarentzat, ekonomiarentzat eta teknologiarentzat sortutako tresna funtzionala da, gizarte bizitza eta bertako kultura alde batera utzita. Honelako hirietan apatia, isolamendua, etsipena, bakardadea eta alienazio teknologikoa besterik ez ditugu aurkituko, “erasotasunaren” makillajeren atzean ezkutatuta.

Badiako “erregenerazio” proiektua bezala aurkezten digute superportua, begien aurretik portua kendu eta beste toki “ezkutuago” batean jartzea, zein “erregenerazio” mota da? Ez dezagun gure burua engainatu; kaia “politak” jartzeak ez ditu herri honen benetako beharrak bapatean asetuko, hobe litzateke honelako inbertsioak gastu sozialetara bideratuko balira, baina hori ez zaie interesatzen proiektu hauen bultzatzaileei.

Lanpostuak sortuko dituela? Gaur egun bizi dugun langabezia eta lanaren prekarietate izugarria dela eta hauek “hitz magikoak” dirudite. Baina benetan pentsatzen al dugu lana izateagatik merezi duela naturaren suntsipena? Azken finean lan munduan dauden arazoak ez dira honela konponduko, gizarte kapitalistak soberan erakutsi du berekin bat doazela langabezia eta lanaren arazoa ez da azpiegituren zabaltzearekin konponduko.

PASAIAK BEHARRAK DITU BAI, BAINA EZ DU SUPERPORTUAREN BEHARRIK. SuperPortua eta honelako azpiegitura erraldoi hauek eskala handiko garapen jasangaitzaren barnean kokatzen ditugu; eredu ekonomiko eta sozial zapaltzaile baten barnean.

Errespetuan oinarritutako gizarte baten alde egingo dugu. Guztiz irekia dagoen gure taldetik jende guztia animatu nahi dugu aurrerantzean txikizioaren aurka egingo diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera. Adi egon laster sinadura bilketa bat egingo da eta zure sinadura beharrezkoa da.

JAIZKIBEL DEFENDA DEZAGUN!
PROIEKTU TXIKITZAILEAK GELDITU!

SuperPortuaren Aurkako Taldea

2002ko maiatza

Gaiak:

Iruzkina idatzi