Jaizkibel babestu eta superportuaren proiektua behin betirako baztertzearen aldeko mendi martxako kronika

Egilea: JB  |  Atala: Jaizkibel Bizirik

Jaizkibel mendiaren ondasunak ezagutuz, superportuaren proiektua erabat baztertzeko arrazoi ugari azaldu ziren 80 pertsonak osatutako mendi martxan.
Ibilaldia Siaso-tik abiatu zen, partehartzaileak autobus batean eta autoetan bertara iritxi eta laister. Toponimiaren aberastasuna ezagutzeko asmoarekin Imanol Goikoetxearen maparen kopiak banatu zituzten antolatzaileek. Inguruko herrietako jendeaz gain, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herrietatik etorri ziren. Gaztarrotx-eko pista hartuaz Lekueta eta Lezonabar-ko parajeak zeharkatu zituzten. Inguru honek garrantzi arkeologiko handia du, aurrehistoriatik XX: menderaino harkaitzetako aterpeak bizileku izan bait dira.
Lezonabar edo “Bixanar”-etik Putrekabiazpiko errekara jeitsi ziren iratze artean, koloredun harearriak, errekaren itsasoratzeak eta amildegiak osatzen duten paisai zoragarria gozatzera. Hamaiketakoa bitartean, Mikel Etxanikz, bertan lan egin duen ornitologiak, inguruan ugaltzen diren espezien berri eman zuen, batzuk oso eskasak eta babesturik daudenak hala nola kaio iluna, harkaitz zozo urdina, belats handia, zata, …
Paisaia eta fauna bereziaz gain Jaizkibel balio natural handiko tokia dugu: landaretza berezia eta babestua, armeria endemismoa kasu, garrantzi handiko unitate hidrogeologikoa, geologikoki kategori gorenekoa, itsasbelar biomasarik haundiena, itsasondo heterogeneo eta ondo kontserbatuak.
Makina bat balio Jaizkibel babesteko, eta horrela diote hainbat erakundek egindako txostenetan, “egiazki deus egin ez bada ere”, superportuaren aurkako taldeko kide batek azaldu zuenez.
1989an Arantzadi Zientzi Elkarteak “Jaizkibel mendia ordenatzeko planaren aurrerapenean” Natur Erreserba izendatzeko proposamena jasotzen zen. Egun, Aranzadik zehaztutako irizpide eta proposamenei eusten die eta diotenez inguru honetako balioak mantendu ez ezik gora egin du, hegazti habigileen Atlasak eta arkeologia aurkikuntza berriak adierazten duten bezala.
Gipuzkoako Foru Aldundiak “Jaizkibel mendia antolatu eta kudeatzeko araubideak”, IKT, 1995, 302 hektarea, itsasbazterretik lehorrera 100 metrotako zabaleran “kosta eta itsaslabar eremua” bezala eta bese 194 hektarea “babes bereziko gune” bezala definitzen ditu. Eremu hauetan onartutako erabilpen bakarra, bertatik paseatzea, baimendutako itsas errekurtsotaz baliatzea eta ur edangarriaren kaptazio neurtuak dira.
Eusko Jaurlaritzak egindako “Itsasertzaren ordenazio eta babeserako Lurralde plan sektorialak “Babes Bereziko Gunea” izendatzen du Jaizkibelgo itsasertza. Superportuaren proiektuak babes bereziko gunearen %42ª kaltetuko luke. TS-ren arabera honelako proiektuak eta erabilpenak debekatuak leudeke. Diotenez “ingurugiroan duen eraginagatik superportuaren proiektua ez da onargarria”. Eusko Jaurlaritzak berak proposatuta, Jaizkibel Europako Natura 2000 naturguneen sarean sartu dute eta bere 2434 Ha. LIC (gaantzi Komunitarioko Lekua) izendatuta daude, gestio plana egiteko badago ere.
Baina interes ekonomikoak babes legeen gainetik daudela nabarmena da, eta kasu honetan ere Donostialdeko Plan Partzialak finkatzen ditu babes zorrotzeko eremuak eta plan honetan superportuaren proiektua babestutako tokian finkatzen dute.
Ibilaldiak aurrera egin zuen Ixkiro-ko lurmuturreraino non proiektuaren erraldoitasunaz jabetzeko aukera egon zen. Ixkirotik Tanbo-raino itsasertza guztia 4 kmtan suntsitzeaz gain, 233 Hako betelana, itsaslabarren desagertzea bertatik 54 miloi m3 ateratzeko, hiru kilometro terdiko dike erraldoia, 6miloi m3 kanpoko harrobietatik ekartzeko asmoa. Bertatik ikusita txikizioa izugarria litzatekeela edonor konturatzeko modukoa. Itsasoa bera ere harkaitzen kontra emandako danbatekoekin haserre adierazten zen. Bale estazioa legokeen Ixkirotik Azabaratzaraino beste ordu pare batean iritxi ziren, Tximistakurratua, Okalar eta Bankuatik, Gaztarrotz, Zapelarri eta Akerregiko errekak eta bertan kokaturiko txaboletatik igaroaz.
Bazkaldu ondoren superportuak eragingo lituzkeen inpaktoei buruz aritu zen taldeko bat. Foru Aldundiak agindutako eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko talde batek egindako txostenean 8 inpaktu kritiko (atzerabiderik gabekoak) eta 46 inpaktu larri aipatzen dituzte, bai itsaslabarrei, erabilpenari, lurra, geomorfologia, landaretza, hidrologia, itsas dinamika, Bentos-a, paisai eta egurats kalitateari. Gainera sozial eta ikonomikoki ere, aztertu diren aukeren artean kanpo kaiarenak inpaktu gogorrena luke.
Jaizkibelgo kosta mehatxaturik badago barrualdea ere ez da libratzen espekulazio planetatik. Kanpo kaiaren proiektua bultzatzeko sorturiko Erakundeen Arteko Batzordeak, non erakunde guztiak dauden (Portu Agintaritza, Udalak, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, estatuko gobernua) proiektu hau inposatzeko bidean beste azpiegitura erraldoi ugari egiteko asmoa azaldu dute Jaizkibelgo hegoaldean, hain zuzen Lezo eta Landetxa arteko nekazal lurretan. 200 Hako okupazioa aurreikusten dute: km bateko luzeera lukeen Gaintxurizketako Geltoki intermodala, AHT, Renfe, ET, N-1, A-8, Autobide berria, superportarako sarbideak, pabeloiez jositako plataforma logistikoak, … Egoera penagarria bada ere desarrollismo ero hau gelditzea denon esku dagoela eta aurre egitera animatu zuen.
Arrantzale batek proiektu honen beharraren justifikazio eza eta erakunde eta bultzatzaileek egiten ari diren manipulazioa salatu zituen: “Interes partikular bakar batzuk inguru eta diru publikotaz jabetzeko nahia da obra hau egiteko interes bakarra”.
Segidan Itzalarriko maldari heldu zioten, harkaitz plaken inklinazioa zihurtatuz . Eguraldi lainotuak inor ez kiskaltzea galarazten zuelarik. Pasaiako ur edangarriak biltzen diren kaneletik barrena Zunbillondoko azken malda igo zuten. Partehartaileak sasoian zeudela ikusi zen, ordutegia baino orduerdi lehenago iritxi bait ziren. Talai honetan azaldu zituen Angel Torres geologoak Jaizkibelgo formazioaren berezitasunak hala nola inklinazioa, bobedak, pista fosilak, … eta superportuak interes goreneko formazio geologiko honetan eragingo lukeena. “Guzti hau egin ez dezaten erantzun sozial indartsu bat eman behar dugu”, adierazi zuen.
Txangoa bukatzeko Saratsaga eta Iñalurretatik barrena kantinara ailegatu ziren non eztarriak bustitzeaz gain, superportuaren aurkako materiala – DVDa, aldizkariak, kamisetak – eskuratu ahal izan ziren.
Partehartzaileak gustora gelditu ziren egindako egunpasa ederrarekin: nekatuta baina Jaizkibelgo altxorrak gozatuta eta informazio ugarirekin aberastuta bueltatu ziren.

Ikusi mendi martxaren planoa hemen PDF formatuan

Gaiak: , ,

Iruzkina idatzi