Koldo Larrañaga: Superportua? Ez, eskerrik asko

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Azken urteetan Pasaialdea Gipuzkoako ingurune ahaztuena eta behartsuena izan da. Garai batetako komertzio portuaren itzala ere galtzera heldu den arte. Denak ados gaude Pasaiako badiak modu batean edo bestean galdutako indarra eta bizia eskuratu behar duela berriro, eta, horretarako, bakoitzak bere ideiak aurkeztu behar ditu.

Ideia hauetako bat Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Pasaiako Portuko agintariek aurkeztu dute. Azkenaldian komunikabideetan hainbeste entzuten dugun superportuaren proiektua da. Portu berri hori Jaizkibelgo kostaldearen kanpoan eraiki nahi dute. 3 kilometroko luzera izango du, 54 milioi metro kubiko material aterako dituzte 232 hektareatako moilak egiteko itsasoan barna eta 3,4 km luzerako harresi bat eraikiko dute. Hori guztia eraikitzeko Gipuzkoan dauden harrobiak ez omen dira nahikoa izango. Horrez gainera, Jaizkibelgo mendiaren erdian bi solairuko tunel izugarri bat egin nahi dute, handik garraioak pasa daitezen, itsasaldetik autopistaraino.

Datu hauek entzun bezain azkar, edozeinek galdera bat egiten du: ez ote da hau kaltegarria Jaizkibelgo kostalde eta mendiarentzat? Pasaiako Portuko agintariek ezetz diote, baina Jaizkibeli buruzko zenbait puntu eduki behar dira kontuan. Mendeetan bertan bizi izan diren eta bertan bakarrik aurki ditzakegun hainbat hegazti ornodun mota daude. Haietariko lau galbidean daude, eta superportuaren eraikuntzak haien galera bultzatuko luke. Ubarroiari, Belatz handiari, Kaio ilunari eta Harkaitz zozo urdinari buruz ari gara eta horiek Euskal Herriko Mehatxatutako Ornodunen Katalogoan agertzen dira. Hegazti horiek proiektua kokatzen den tokian ugaltzen dira eta leku horren balio ekologikoa izugarria da.

80ko hamarkadan Jaizkibel ingurunea natur erreserba izendatzen zuten zenbait ikerketa ofizial daude, baina badirudi duela hamarkada bat Gipuzkoako kostaldean kontu handiz gorde beharreko natur-altxor bat zena gaur egun balio gabe gelditu den harri koxkor bat besterik ez dela. Bada bertan ere landaretza berezia, Armeria Euscadiensis deritzona adibidez. Ingurumen eroso eta determinatu bat eduki behar dute bizitzeko. Proiektuak landaretza ere arriskuan jarriko luke. Zer esanik ez Gipuzkoako eta Lapurdiko kostak eta hondartzek jasan beharko luketen korronte aldaketa eta kutsadurari buruz.

Euskal Herriak baditu bi portu izugarri eta geure ekonomiarentzako beharrezkoak. Superportuaren defendatzaile sutsu diren abertzale ugari Bilbokoarekin bakarrik gogoratzen dira, baina hor dago Baionako portua ere. Zergatik behar dugu hirugarren portu erraldoia Euskal Herriko kostaldean? Baionako eta Bilboko portuen jarduera duela 10 urte egin ziren aurreikuspenetara ez da iritsi. Bilboko portuak bere jarduera 1992tik 2000 urtera %7 jaitsi du eta beste hainbeste Baionakoak. Zertarako hirugarren portua, jarduna igo ez arren? 1994an portuen kolapsoa espero zuten, gaur egun egoera erabat ezberdina da.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberako adituen arabera, epe luzera begiratu behar du Euskal Herriak. Kataluniako portuekin bat egin behar omen dute Bilboko eta Pasaiako portuek Europari aurre egiteko. Badirudi Baionako portua Bartzelonakoa baino urrunago dagoela Gipuzkoako Merkataritza Ganberarentzat eta Pasaiako Portuko agintarientzat.

Zergatik ezin litezke Bilbo eta Baionako portuak hobetuz euskal ekonomia indartu?

Iberdrolaren zentral termikoari buruz ere hitz egiten digute. Beharrezkoa omen da Pasaian portu erraldoi bat, Iberdrolaren zentralaren jarraipenerako. Zentral termikoak al dira geroaldira begira garapen iraunkorraren ardatz? Zentral termikoak atzerakada izugarria dira ingurumenaren errespetuaren babesleontzat, eta Pasaiako zentral termikoa oso kutsagarria da, hain dentsitate handiko tokian.

Ez ote dago zenbait enpresaren diru-gosea proiektu honen atzean? Hor daude lurraren errekalifikazioak, eraikuntza enpresa eta kapitalismo basatiaren sinbolo diren itzal luzeak. Nork bermatzen du Pasaiako Superportuak aurreikusten duten aktibitatea mailetara iritsiko dela? Ez ote da Bilbo eta Baionako portuei konpetentzia egitera mugatuko? Hori al da Euskal Herriaren ekonomia suspertzea?

Garai berrietan gaude, eta ezin diegu eman garai berriei duela 40 urte emango genien erantzun berdinak. Beharrezkoa da gure sektore industriala garatzea eta, horretarako, azpiegituretan inbertitzea, baina gure herriak ingurumenarekiko errespetua, ongizatea eta garapen iraunkorra eskatzen ditu maila berdinean. Beraz, oreka aurkitu behar da Pasaian ere. Industriaren jarduna, ingurumena, bizitza maila eta ongizatea orekatzen dituen proiektu bat. GArentzat aurkeztu den proiektu hau atzerakoia da eta errealitatetik urrundua dago.

Pasaiak aldaketa behar du berpizteko. Nork behartzen gaitu portua zegoen toki batean aktibitate berdina mantentzera? Zergatik ez bihurtu Pasaiako badia kultur portu? Gure herrietan museoak, antzerki tailerrak, kultur etxeak eta gaztetxeak ez daude sobran. GAren ustez, horiek ere ekonomiaren suspergarri izan litezke geroaldiari begira. Zenbat etxebizitza huts daude Pasaiako badian? Zenbat eraikuntza alferrik galdurik? Kulturaren badia bat egitea ez al litzateke punta-puntako proiektu bat Europari begira? Zergatik ez jarduera berriak Pasaia iraultzeko?

Erantzun 1 to “Koldo Larrañaga: Superportua? Ez, eskerrik asko”

  1. T. Ochoa (e)k dio:

    No al superpuerto. Se van a cargar las playas de Hondarribia y Hendaya. Toda la porquería que generará el macropuerto arribará a estas playas.

Iruzkina idatzi