Pako Sudupe: Pasaiako superportua

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Lanagatik ia egunero egiten dut San Pedrotik Donibanerako joan-etorria txalupa motordunean eta ia egunero ikusten dut itsasontzien joan-etorria eta oso maiz agertzen den Pakito izurdearen hegatsa edo bizkarra bere mugimendu pausatu-erritmoduna egiten. Txatarra, autoak garraiatzen dituzten ontziak, eta izurdea, kaioak garai batzuetan, zeruaren kolore askotarikoak, Jaizkibelgo itsaslabarrak, itsasaldiak, gorak eta beherak, itsaski eta itsaskirriak ur bareekin txandakatuz, haize leun eta gozoak, ekaitz haizeak, hotzak eta beroak, eta hodeiertza urrunean. Zenbat iraungo du horrela? Badirudi urte gutxiren bueltan iraultza datorkiola ingurune honi, informazio eta eztabaidan baina areago propagandan eta azpijokoan ikusten ditugu iraultzaren sustatzaile instituzionalak.

Hasiera batean Jaurlaritzako Garraio Saila, Gipuzkoako Aldundia eta Pasaiako Portuko Agintaritza agertu ziren komunikabideen aurrean proiektuaren beharra eta onurak aldarrikatzen, Pasaiaren hiri berrikuntza eta suspertze sozioekonomikoa kanpoko portuarekin uztartzen; oraindik orain eskualdeko lau udaletako alkateak ikusi ditugu proiektuari babesa ematen, eta portuko agintaritzak ez du aukerarik galtzen portua bere horretan asebetea dagoela adierazteko, badiaren ezaugarrien mugengatik hazi ezinik dagoela eta ezinbestekoa dela kanpoko portua. Oraintxe ematen du Madrilen bedeinkapen politikoa bakarrik eskas duela.

Norbaitek uste badu txatarra eta autoen garraioa etengabea dela badian barrena oker dago, gehienetan oso tartekatua da eta ia inoiz ez edo oso gutxitan zirkulazio astuna, trinkoa; hori inguruko errepideetan gertatzen da askoz maizago. Askoz zirkulazio gehiago har dezake badiak, ez dago saturatua inondik ere. Besterik da bere ezaugarriengatik mugatua badago bestelako zirkulazioa hartzeko, eta beraz, merkantzia garraioan hazkuntza nabarmena izateko.

Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak artikulu kritikoa agertu zuenean itxaropena piztu zitzaigun: oraingoan behintzat, pentsatu genuen, benetako eztabaida publikoa egingo da Oarsoaldeko, Gipuzkoako eta azken buruan euskal herritar guztioi zer komeni zaigun ongi jakiteko eta eztabaidarekin batera agian erreferendumen bat edo etor zitekeela edo pentsa zitekeen ongi pentsatzen hasiz gero, baina, tamalez, ez du ematen gure kultura demokratikoa indartzeko baliatuko denik.

Ingurumen sailburuak zioen gisa horretako portu bat ari direla egiten jada Bizkaiko itsasertzaren mendebaleko muturrean eta azpiegitura hori 2025. urte ingururako euskal ekonomiak eta inguruko elkargoek behar duten portu-zirkulazio guztia bideratzeko gauza izango dela. Pasaiako badiaren berrikuntza eta suspertzea ez dagoela nahitaez kanpoko portuari lotua, bertako zirkulazioa azkar daitekeela kaiak birgaitzearekin eta egungo instalazioak hobeki erabiltzearekin. Jaizkibelgo itsasertzean kai erraldoiak eraikitzeak gure mendietan han edo hemen milioika metro kubiko zulatu, atera eta eramatea esan nahi du lehendik ere aski zulatuak eta ustiatuak ditugunean gure harrobiak eta Jaizkibelgo ingurunea babestua zutela jadanik Jaurlaritzak bezala Aldundiak gogorazten zigun, Lurraldeko Sektore Planean edo 2000ko Natura Sarean.

Eta batez ere, hain gai garrantzizkoa ongi aztertzeko eztabaida gardena ezinbestekoa dela interesdun guztien partaidetzarekin.

Ikusten ditudan mugimenduak beste norabide batean doaz. Propaganda egiten dute erabakia hartua duten erakundeek gogora Bai kanpaina, eta eztabaidarik gabe, txosten teknikoen punturik nagusienak eta zalantzak eta alderdirik ahulenak-eta ezkutatuz, komunikabideak soilik propaganda egiteko erabiliz, sinesmena eskatzen digute, Euskadiko Garraio Agintaritza bezalako erakundeetan sinesmen osoa, hauengan jartzea gure konfiantza erabatekoa. Horrelako gai estrategiko axola eta ondorio handikoetan nola jokatzen den horrexek adierazten du ongien benetan demokrazia parte-hartzailean sinesten den, herritarrengan konfiantza badagoen edo aitzitik, hauek goitik gidatu beharreko ardi ezjakintzat hartzen diren, onenean botoa eskuratzeko bakarrik goxatu eta liluratu beharreko ergeltzat.

Eztabaidari eta erreferendumari egingo zaio leku ala borrokari: erakundeak beren baliabide guztiekin, baliabide gutxiago dituzten aurkako kolektiboen kontra?

Hemendik hamar urtera nola zeharkatuko dut badia San Pedrotik Donibanera eta alderantziz? Egoismoa alde batera, euskal herritar guztiok Pasaiako badiaz eta portuaz harro egongo ote gara?

Iruzkina idatzi