Josetxo Lucas : Ez dezagun gal!

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Jaizkibelgo superportua egin beharrari buruz
hainbat erakundek (Portu Agintaritza, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ) eta
proiektua bera zalantzan jartzen duen Ingurumen Sailburuaren iritzien ildotik,
«Jaizkibelgo superportuaren aurkako taldeak» bere iritzia kaleratu nahi du.

Proiektu hau Oarsoaldeari, Gipuzkoari eta
Euskal Herri osoari egin nahi zaion iruzur handia dela uste dugu:

1- Proiektu honen bultzatzaileek 147 mila
milioi pezeta xahutu nahi dituzte obra hau egiteko. Hau izango litzateke
azpiegituretarako Gipuzkoan inoiz egin den inbertsiorik handiena, diru
publikoarekin, herritarron diruarekin.

2- Jaizkibelgo itsaslabarrak herritarronak
dira, ez dira pribatuak.

3- Itsaslabar hauek saldu nahi dituzte. Diru
publikoa erabili obra egiteko eta gero enpresa konkretu batzuen esku utzi
kudeaketa eta etekin guztiak. Horri espekulazioa esaten zaio! Herritarron
diruarekin negozioa egitea erraza zaie batzuei!

4- Proiektu honen kontua hasi zenetik, badiako
herritarrok alde batean utzi gaituzte. Ez digute proiektuaren berri jendaurrean
eman, ez digute ezer galdetu, ez digute parte hartzen utzi, haien erabakien
berrien hartzaile besterik ez gara izan.

Beldurra eraginez egiten digute xantaia,
makroproiektu honen antzekoak garapenari loturik daudela sinetsarazteko: Lemoiz
eraiki edo azak besterik ez dugu jango; AHT eraiki edo kultur, gizarte eta
ekonomia arloetan 50 urtez atzeratuak geratuko gara; errausketa plantak eraiki
edo zaborra etxean gorde beharko dugu; Kanpoko portua eraiki edo ez da badia birgaituko.
Xantaia jarraitu hori onartezina da!

Guk, kontrako talde moduan, hainbat ekintza
egin dugu herritarrei bildu ditugun datuen berri emateko; hitzaldiak, salaketak
edo kaleko ekintzak. Gure helburua datuak ezagutarazteaz gain, herritarrei
entzun eta proposamenak jasotzea izan da.

Sabin Intxaurraga Ingurumen sailburuarena izan
da, bere kargutik eta duen ardurarekin, erakundeetatik jaso dugun iritzi
kritiko bakarra. Portua egin beharra zalantzan jarri izanak sektore askoren
erantzuna bultzatu du eta gizarteratu da gaia gutxienez.

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak, proiektu
honen eta protokoloaren bultzatzaile denak, eta Ingurumen sailak hartutako
jarrerak eta egindako ekintzak kontrajarriak dira. Hala ere, aurrerapausoak
ematen ari dira. Gogorarazi nahi dizuegu, Portuko Agintaritzari baimena eman
diotela zundaketak egiteko eta horretarako pista berriak irekitzeko. Erabiliko
lituzketen makinen lanek kalte konponezinak egingo lizkiokete, bere
hauskortasunagatik, babes berezia duen inguruneari.

Egiazko borondaterik badago, gera daitezela
pauso horiek! Hauxe da 2003ko urtarrilean 2000 bizilagunek eskatu genuena ,gure
sinadurak Ingurumen sailean aurkeztuta: berma dadila Jaizkibelen babes osoa,
atzera bota dadila bere erabilera militarra eta gera daitezela proiektu
suntsitzaile horiek guztiak.

Zertarako «Lurralde Sektore Plana (PTS).
Itsasertzaren ordenamendu eta babes plana (1999)», eta gainontzeko babes plan
guztiak, interes ekonomiko partikularren bat agertzen denean deuseztatzen
badira?

Plan honek berak esaten digu, badirela
Jaizkibelen babes bereziko guneak, non ezin den eraiki inolako azpiegitura edo
eraikuntzarik.

Autonomia Erkidegoan egin diren babes plan eta
katalogo guztietan agertzen da Jaizkibel:

Dokumentu horiek guztiek Jaizkebelen balioak
biltzen dituzte, geologikoak, hidrogeologikoak, botanikoak, fauna zein
paisaiaren aldetikoak. Leku gutxitan aurki dezakegu horrelako bildumarik.

Suntsitu nahi dituzten itsaslabarren
baldintzak itsasoaren eta lurraren arteko mugan gertatzen dira soilik. 50°-ko
eta gehiagoko malda hauetara nekez irits daiteke pertsonarik, eta honek
mantendu ditu bere horretan. Hemen bakarrik sortzen dira Armeria Euskariensis
izeneko loreak, Euskal Herriko 4 edo 5 itsaslabarretan, eta Jaizkibelen
dauzkagu gehienak. Gainera, hegaztiak ugaltze garaian daude. Harkaitz
zozo-urdina, arrano suge-harrapatzailea, antxeta iluna, belatz erraldoia,
ubarroi mottoduna… labar hauetan bizi dira, eta babestuta daude; Aranzadiko
animalia babestuen zerrendan daude jasota. Kanpo portuaren aldez aurreko
proiektuaren eta zundaketen ingurumen ondorioen azterketaz arduratu den Antonio
Bea berak esan digu inguru hau oso sentikorra eta hauskorra dela eta edozein
aldaketak kalte egingo liekeela bertako animaliei eta landareei. Luze hitz egin
genezake Jaizkibelgo balioen inguruan. Intxaurragak berak, Ingurumen
sailburuak, gogorarazten digu Jaizkibel Natura 2000 sarean sartzeko
zerrendatuak dauden lekuetako bat dela.

Aipatutako balio horiek guztiengatik izendatu
beharko genuke Jaizkibel Ondare Natural eta Historiko. Izendapen honek babestu
beharko luke ustiaketa suntsitzaileetatik, gure eta ondoren- goen gozamenerako
gordetzeko.

Hau salatu nahi dugu:

- Zerrenda, katalogo eta plan horiek guztiak
egiteko diru publikoa erabili dute. Horien edukia ezkutatu digutelako eta
errespetatzen ez direlako, superportua bezalako proiektu bat saldu nahi
digutenean. Portu hori egiteak itsas eta lur ingurunean kalte konponezinak
ekarriko lituzke eta ez litzateke Pasaiako badiako arazoen konponbidea izango,
areagotzea baizik. Hori gutxi ez eta Oarsoaldean eta Euskal Herri osoan izango
luke eragina. Zer gertatuko da Txingudi eta kostalde osoarekin, haizeak eta
itsas korronteek kutsadura garraiatzen dutenean? Eta zer, milioika tona harri
atera behar duten leku horiekin? Proiektu honek Urkiolako parkea eta antzeko
lekuak txikituko ditu besteak beste.

- Superportuak ez du Pasaialdea birgaitzea
ekarriko. Kamioi eta trenen joan-etorria areagotuko litzateke eta inguruko
azpiegiturek gainezka egingo lukete. Honen ondorioz azpiegitura berriak beharko
lirateke, errepide eta zamaketa lanentzako lursailak egokituta naturguneen eta
nekazaritzaguneen kaltean. Hau guztia interes bereziak dituzten enpresa batzuen
onerako besterik ez da.

Bestalde, badia zaharberritzea ezin dute
erabili kanpoko portua eraikitzearen truke emango diguten ordain moduan. Plan
berri bat proposatu aurretik, aztertu behar da zerk eragin duen portuaren gaur
egungo egoera tamalgarria.

- Pasaialdeak itsasoarekin eta arrantzarekin
izan duen atxikimendua galduko du proiektu hau eginez gero. Desagertu egingo
direlako arrainak eta Alga Gelidium biomasa, arrokak eta itsas kobazuloak.
Desagertu egingo da Pasaitar eta beste lagun askoren aisialdirako lekua. Ezingo
dugu itsasoan murgilduta gozatu!

- Portuko agintaritza, produktu toxikoak,
hidrokarburoak eta petrolioa, ekartzeko aukera ari da aurreikusten. Argi dago
istripu arriskua areagotuko duela horrek, ez itsasoan bakarrik, baita lurrean
ere. Gogoratu Prestige edo gasolioz beteriko Muskizeko ontzia eta ia egunero
errepideetan ikusten ditugunak. Badirudi ahaztu egiten zaiela itsasoan izango
duen eragina neurtzea, ez baitago hori aztertzen duen txostenik. Erakunde eta
sektore ekonomiko horientzat, itsasoa dena jaten duen zabortegia besterik ez
da. Hori ikus- pegi pobrea!

- Beldurraren bidez egiten diguten xantaia,
makroproiektu honen antzekoak garapenarekin loturik doazela sinetsarazteko:

Naturguneak eta nekazaritza lurrak
ezinbestekoak ditugu. Horregatik, edonolako planak kontuan izan behar du
hiriguneen eta gune hauen arteko oreka. Eta ez du izan behar sektore
espekulatzaileen ekonomia mugimenduen baldintzapean, zeinak ongizatea kontsumo
merkatuaren pean besterik ez duten gauzatzen.

Garapen iraunkorraren kontuekin ez engainatu!
Azpiegitura horiek guztiak ezin ditu jasan naturak, eta ondorioz, ezta guk ere.

Aurrera begira, Superpotuaren aurkako taldeak
hainbat ekarpen egingo du eztabaidarako. Horiekin joko dugu hainbat elkarte eta
sektorerengan, beste ikuspegi baten informazioa izan dezaten. Adi egon!
Jaizkibelen aldeko deialdi zein ekintzetan parte hartzera gonbidatuta zaudete.
Animo! Jaizkibelen defentsan merezi du eta!

Josetxo Lucas – Superportuaren Aurkako koleltiboa

Iruzkina idatzi