Sabin Intxaurraga: “Pasaia: beharrezkoa da kanpoko portua?”

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Pasaian kanpoko portua eraikitzea egokia den ala ez auziari buruz azkenaldian egin diren planteamenduak ikusirik, beharrezkotzat jo dugu gai horri buruzko eztabaida serioa zabaltzea, erabaki bat edo bestea hartzeko arrazoiak sakon aztertu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren arduradun modura, eztabaida osatu behar duten elementuak eta argumentuak aztertzen eta baloratzen saiatzen naiz. Izan ere, eztabaida konplexua da, gure herriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gizarte- eta ekonomia-mailako erabaki guztiak konplexuak diren bezalaxe. Eta garbi dago Pasaiako badian kanpoko portua eraikitzea oso erabaki garrantzitsua dela pasaitarrentzat, gipuzkoarrentzat eta EAEko herritar guztientzat. Hori dela eta, gai honen inguruan gure iritzia azaltzearekin batera, dei egin nahi diet euskal herritar guztiei eztabaidan parte har dezaten.

Portuak ez dira azpiegitura isolatuak. Espazioa, itsasaldea, okupatu behar da portua eraikitzeko. Beste nonbaitetik atera behar den milioika metro kubiko material behar da, eta portua bera bezain garrantzitsuak diren beste azpiegitura batzuk ere behar ditu, gainera: eraiki beharreko sarbideak, esate baterako. Horretaz gain, portuak oso nabarmen hazten du salgaien garraioa inguruan, eta horrek ere gero eta azpiegitura gehiago eskatzen ditu salgai guzti horiek portutik ateratzeko nahiz hara sartzeko.

Duela urte gutxi arte, jarduera hori guztia produkzio ekonomikoaren eta errentaren hazkuntzaren sinonimotzat jotzen ziren besterik gabe. Gaur, ordea, badakigu baieztapen horiek ondo zehaztu behar direla. Izan ere, garapenak ez du beti aberastasuna esan nahi, eta hazkunde ekonomikoak ez dakar beti gizarte-ongizatearen eta bizi-kalitatearen hobekuntza.

Etorkizuna planifikatzeko aukera dugun herriok neurri batean behintzatgaurko nahiz biharko bizi-kalitatea eta gizarte-ongizatea hobetzen saiatzen gara. Garapen iraunkorra esaten zaio horri. Hau da, gure gizartearen ongizatea hobetzen jarraitzea, baina hurrengo belaunaldien etorkizuna arriskuan jarri gabe, haiek ere, guk bezalaxe, baliabide naturalak kontsumitzeko eta horiez gozatzeko aukera izan dezaten.

Baina arazo bat sortzen du horrek berehala: baliabide naturalak mugatuak dira.

Oinarrizko planteamendu horiek dira gure ingurumen-politikaren edo, bestela esanda, garapen iraunkorraren ardatz nagusiak. Ardatz horiek azaldu ondoren, Pasaiako kanpoko portua eraikitzea egokia den ala ez auzira itzuli nahi nuke.

Ikuspegi ugari antzeman dira arazo honen inguruko eztabaidan. Ulergarria da hori, noski, eragin zuzena baitu sektore sozioekonomiko eta interes askotan. Nik, berriz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailburu naizen aldetik garapen iraunkorraren aldeko apustua egin behar dudanez, hiru alderdi azpimarratu nahi ditut: 1) beharrezkoa da Pasaiako badia birgaitzea; 2) beharrezkoa da eskura dauden lurzoru-baliabideak eta salgaien garraioak gure herrian eragiten dituen ingurumen-arazoak orekaz antolatzea; 3) beharrezkoa da gure portuetako jarduera taxuz eta iraunkortasunari begira konbinatzea.

Proposatzen dudan eztabaidaren ahalik eta emaitzarik onena lortzeko, hiru alderdi horiek konbinatu beharko dira. Konbinazio horrek EAE osoa hartu behar du aintzat, oso herri txikia baikara. Izan ere, bi milioi pasatxo bakarrik Erkidegoa kontuan hartuta, eta hiru milioi eskas erreferentzia gisa Euskal Herria hartzen badugu. Nahikoa da zeru garbiko egun batean hegazkin bateko leiho batetik begiratzea gure kostaldearen ezaugarriez jabetzeko: txikia, baina oso polita.

Ez dut uste Pasaiako badia birgaitzea kanpoko portua eraikitzearekin lotu behar denik nahitaez. Pasaiako portuak gaur egun duen trafiko-ahalmena handi daiteke bertako kaiak birgaituz (ekintza hau aurreikusita eta, neurri handi batean, finantzatuta dago Europako fondoen bidez) eta portuko egungo instalazioen erabilera hobetuz. Halaber, hiru eremu prestatzea ere aurreikusi da salgaiak mugitzeko. Herrera inguruko industrialdeko bost pabilioi botatzeko lanen finantzaketa tramitatzen ari da gure Saila une honetan. Ekintza horrek portuaren hiri-eremua birgaitzen lagunduko du. Aurten onetsiko ditugu diru-laguntza horiek. Bestalde, beste programa garrantzitsu bat du Jaurlaritzak: Izartu, hain zuzen ere. Programa hori ez dute kanpoko portuaren sustatzaile nagusiek kudeatzen, baina egokia izan liteke Pasaialdeari beste konponbide batzuk eskaintzeko.

Pasaiako portuko burdingintza-produktuen trafikoa (% 60) industria-mota horrek Gipuzkoan duen bilakaeraren mende dago. Horretaz gain, ibilgailuen eta Iberdrolako zentral termikoak erretzen duen ikatzaren trafikoa ere nabarmenak dira portuan. Baina denok nahi dugu Iberdrolako zentral termikoa lehenbailehen ixtea, kutsatzeaz gain, zaharkitua dagoelako eta Kyotoko konpromisoa betetzeko oztopoak jartzen dituelako (berotegi-efektuko gasik gehien igortzen duen herrialdeko bigarren industria da). Edo Iberdrolaren interesek erabaki behar dute Pasaiaren garapena etorkizunean?

Gure asmo bakarra Pasaiako portuko trafikoa handitzea bada, trafiko horren hazkuntza amaigabea izan daiteke. Baina gure herriko errepide eta trenbide berri guztiak Pasaiako portuaren garapenaren mende utzi behar al ditugu, guztiak Pasaian amaitu edo jaiotzen diren inbutu bihurtuz? Nola moldatuko dira Pasaiako portuko kudeatzaileak frantsesek itsasontziz bidali nahi dizkiguten kamioiak jasotzeko eta horiek Lezon lehorreratzeko, egun dagoeneko gainezka egiten duen N-1 errepidera? Zer abantaila izango dute pasaitarrek penintsula osorantz abiatuko diren produktu-mota ororen milioika tona jasotzen dituen portu erraldoi baten ondoan bizita?

Lurralde Antolaketarako Arteztarauek aurreikusi bezala, gure herriak badu dagoeneko eraikuntza-prozesuan dagoen superportu bat, Bizkaiko itsasaldearen mendebaldeko muturrean. Hori da, gure ustez, superportua edo antzeko azpiegituraren bat egiteko lekurik aproposena, horretarako ingurumen-kostu handia ordaindu behar badugu ere. Superportu hori eraikitzeko lanak amaitzen direnean, 2025 inguruan, euskal ekonomiak eta inguruko erkidegoek eskatzen duten portu-trafiko guztia kudeatzeko gai izango da. Hori da bere funtzioa eta horretarako planifikatu zen, euskal erkidego osoa kontuan hartuz. Portu egokia izateko behar duen tren-sarbidea ere laster izatea espero dugu.

Ulergarria da portu bateko kudeatzaileen helburu nagusia estatistikak haztea izatea, kudeaketa eraginkorra egin dutela frogatzeko. Baina portua bera ez da helburua. Herri baten ekonomiaren zerbitzuan eta, beraz, herri horren garapen iraunkorraren zerbitzuan dagoen azpiegitura da portua. Eta portua eraikitzeak dituen ondorio sozioekonomikoen eta ingurumen-mailakoen kostu/irabazien azterketak erabaki behar du eraikitzea egokia den ala ez. Azterketa hori egiteko oso garrantzitsua da eraikuntza horren ondorioak jasango dituzten alderdi guztiek parte hartzea eztabaida zabal eta gardenean.

Ez ditut oraindik aipatu kai erraldoiak eraikitzeak Jaizkibelgo itsasaldean sortzen dituen ingurumen-arazo zehatzak. Ez, horratik, garrantzirik ez dutelako. Esan dezagun, hasteko, itsaslabar horien ondoan kai erraldoiak egiteko beste hainbeste milioi metro kubiko zulatu behar dela lehendik ere harrobien ondorioz nahikoa zulatuta dauden mendietan. Oraingoz, ingurumen-gaietan eskumena dugun euskal erakundeok (Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) babestu egin dugu eremu hori Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aurrelanaren eta Natura 2000 sarea proposamenaren bidez.

Gero ere izango dugu gai konplexu honen inguruko alderdi ugariak aztertzeko denbora. Oraingoz, eztabaidaren ikuspegiak zabaltzea soilik izan da nire asmoa, baita garapen iraunkorra guztion helburua dela esatea ere. Izan ere, garapen iraunkorra ez da modan jarri den kontzeptu abstraktu soila, errealitatean errotutako eta gure erabaki guztien ardatz izan behar duen kontzeptua baizik. Bestela, egun Pasaialdeak pairatzen duen krisialdiaren iturburura itzul gaitezke berriz. Joan den mendeko neurrigabeko garapenak izan ditzakeen ondorio kaltegarrien adibide garbia da Pasaialdean gertatutakoa. Izan ere, baliabide naturalak neurri gabe ustiatu ziren hazkuntza bermatu nahian, baina denborak garbi asko frogatu du baliabide horiek mugatuak direla. Eredu zahar horren ondorio dira gure gaur egungo gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arazo gehienak, baina euskal gizartea garai bateko akatsetatik ikasteko gai dela sinetsi nahi dut.

Iruzkina idatzi