Joxe Iriarte ‘Bikila’”ren iritzia

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Pasaiako Portuko Agintaritzak kanpoko portua bideragarria ote den jakiteko, Jaizkibelen sarbideak eraiki eta bertan zundaketak egiteko baimena eskatu du Pasaiako Udalean eta baita lortu ere. Izan ere, balizko kanpoko portuaren inguruetako litologiaren egokitasuna eraikuntza lanetarako ezinbesteko baldintza baita.

Beraz, gaia oraindik behar bezala eztabaidatu gabe egon arren eta portu berria egiteko baimena ez izan arren, beti bezala, agintariak aurrera arrapala bizian. Bost kilometroko pistak irekiko dituzte ingurune babestuan, itzulirik gabeko kalte nabarmenak eginez. Pasaiako portua handitzeko (kanpoaldeko kai berria eraikitzeko, hain zuzen) egitasmoa
Gipuzkoako Hazkundea edo Merkataritza Ganberatik dator. Erakunde honen abiapuntua da Pasaiako portuak dituen muga tekniko naturalak (uraren sakonerak, lehorrerako eremuak eta inguruko presio urbanoak) bere hazkundea oztopatzen duela, eta denbora gutxira goia joko duela, ondoren gainbehera eginez.Zergatik?

Beraien esanetan, Europa osoan mota horretako merkantzia garraioak izugarrizko
hazkundea izango omen duelako eta Pasaiako portuak aurrera egin beharrean
atzera egingo omen lukeelako, egoera berri horrek emango lizkigukeen aukerak
galduz.Hor hasten da, lehenengo arazoa: etorkizunari aurre egin al diezaion
Pasaiako kaiak duen arazo nagusia eremu fisikoaren mugetatik ote dator, ala
baliabidez gaizki prestatuta eta okerrago kudeatuta egoteagatik? Edo bietatik?
Aditu askoren ustetan, eta horien artean kaiaren ardura izan dutenen artean,
kai zaharra ez dago gaindituta infra-erabilia baizik. Horrez gainera, Pasaiako
portuari gaina hartuko liokeen 5,7 milioi tonako kopurura iritsiko ote diren
ere ez dakite. Zergatik? Behar lukeen inportazio eta esportazioa ez dagoelako
garraio motaren baitan soil-soilik, ingurumen sozio ekonomikoaren indarrean ere
badago. Eta portu berri batek merkantzia fluxua zerbait gehiago bizkor
dezakeela egia izanik ere, horrek justifika al lezake kalte ekologiko larriak
egingo dituen eta gastu publiko hain handiak izango dituen egitasmo bat?
Merkataritza Ganberak, eta aldeko politikari guztiek, hankaz gora jartzen dute
argudio nagusia eta esneketarien ipuina kontatzen digute: kai berriak aukera
berriak sortuko omen lituzke eta horrek aukera berriak ekarriko lizkiguke. Ez
da ekonomista argiegia izan behar jakiteko, horrelako azpiegitura berri batek
behar bati erantzun behar diola justifikagarria izateko eta ez alderantziz,
azpiegitura egin balizko etekinaren esperoan. Alabaina, proiektua atzekoz
aurrera aurkezten da, edo idia gurdiaren aurretik. Alegia, 601 milioi euroko
(100.000 milioi pezeta zaharretan) aurrekontua, balizko ustean (ustelean)
justifika daiteke? Inondik inora, bestelako arrazoiak tartean egongo ez balira.
Baina, hori beste upel bateko sagardoa dugu, alegia, gutxi batzuek aterako
dituzten etekinak diru publikoaren erabilerari esker.

Mugak

Egia da Pasaiako Portuak bere mugak dituela (180 metroko eslora edo luzera egun argiz eta 140 metrokoa ilunpean, eta 25 kalatuko edo sakonerakoak), baina horrek ez du esan nahi, inondik inora, itsasontzi handiagoak ezin sartua (270 luzerakoak eta 15 sakonerakoak, hain zuzen) dela kaiak duen arazo nagusia.

Eta itsasontzi handia aitzakia hartuz, egin nahi da portu berria: 1.650 metro moila-leku izango lukeena eta 1.320.000 metro koadroko eremua. Bi barra izango lituzke, bat 1.040 metrokoa eta bestea 2.300 metrokoa. 60.000 metro koadro pentsu eta zerealetarako omen; 140.000 txatarretarako; 300.000 ikatzetarako; 20.000 erregaietarako; 200.000 zeregin guztietarako; eta 580.000 erreserbarako. Eta horrek guztiak, 8 milioi tona
urteko kopurua gainditzeko aukera emango omen lioke portu berriari.Ez dira
aipatzen, ur azpiko 30-40 metro sakonera eta haren gainetik 16 metroko altuera
(lau metroko itsas gorabeherak edo marea aldaketak, gehi 12 metroko uhinen
erasoa itsas bizia dagoenean) izango lukeen obra baten zailtasunak, eta inork
ez du esaten ezer, ekaitza denean sartzeko maniobra egiterakoan itsasontziek
saihetsetik har ditzaketen kolpeez.

Bi kontu gehiago. Gipuzkoaren inportazio esportazio fluxua edo gaitasuna (ikatza, petrolioa, txatarra, auto pilaketa eta garraioa, gainontzeko ekoizpenak…) «Euskal portuen sistemaren» osagai bezala aurkezten den proiektu hori justifikatzeko. Alegia, kontuan izanik, gainera hor ditugula Baionako eta Bilboko portuak, bakoitza bere ezaugarri propioekin, eta Pasaiakoari ez dago garbi zer nolako rola eman nahi zaion.

Agintariek, behin eta berriro, azpimarratzen dute, datozen urteetan itsas komertzioa itsasontzi erraldoietan egingo omen dela. Baina, hipotesi hori ez dago oinarriturik errealitatean. Erdi egia bat da, beraz gezurra. Balio du garraio mota baterako, eta mundu osoan kai oso berezien artean gauzatuko dena, horietako bat Bilbo. Bilborekin konpetentzia ero batean sartuko gara?

Bestelako argudioak

Jakina, gure agintariak ez dira tontolapikoak eta badakite herritarrak irabazteko gaia ondo saltzen.

Adibidez, lanpostuak aipatzen dira. Baina, ezaguna dugu beste kasuetan gertatutakoa. Portuaren eraberritzea puntako teknologiarekin lotzen da, eta horrek ez dakar inoiz lanpostuen ugaritzea, murriztea, baizik.Beste alde batetik, kaiaren berreskurapena lortuko omen da (dagoena txartzen utzi berritu eta hobetu beharrean). Alegia, birmoldaketaurbanistikoa, ingurumenaren hobetzea, eta abar (aldez aurretik prestatua, eta kaiaren gaiarekin zerikusirik ez duten plan urbanistikoekin nahasiz). Garbi
dago, egungo kaia oso itsusia eta kutsagarria dela, are, inoiz ez dutela ezer
egin egoera hobetzeko. Nahi dutena da, esate baterako zentral termikoaren kutsadura
kanpora atera, baina ez ezabatu edo kendu; beste aldetik kutsadura nagusiena
txatarrarena da, horrek justifika lezake kanpoko kaia? Ez ahal litzateke
egokiagoa txatarra kentzea edo bere kutsadura arintzeko neurriak hartzea?
Kaiaren berrantolaketaren aitzakiaren atzetik, lur espekulazio eta diru
etekinak daude, ezbairik gabe. Beste adibide bat, egungo CLH edo garai bateko
Campsaren desagertzeak ez du ekarriko aisia gune berri bat, etxebizitza gehiago
baizik. Eta bukatzeko. Kanpoko portua egiteak ez luke ekarriko barnekoaren
desagertzea, funtzio banaketa baizik. Besteak beste, kai zaharrean jarraituko
luke egungo automobilen metaketak eta horien karga eta deskargak.

Eta ingurumena?

Txosten guztiek inpaktu edo kalte larriak izango direla baieztatzen dute, alabaina, gure agintarientzat jasangarriak omen lirateke. Alde batetik, Jaizkibel mendia bi kilometroko tunel batek gurutzatuko luke. Alpeetako istripuek adi ipinarazi behar gintuzkete horrelako tunelek zer nolako arriskuak izaten dituzten jabetzeko, batez ere tona handiko garraiorako direnean. Bestetik, tunelaren kokapena kontuan hartuta, Lezoko herria oso
kaltetua irtengo litzateke.

Dena den, izugarriena, ingurumen babestutzat jotzen den Jaizkibelgo itsas ertzean eta bere labarretan gertatuko litzateke, Asabaratzeko kalan hain zuzen.Alegia, interes geologiko gorena aitortzen zaion itsasertzeko gune horretan, superportuaren eraikuntza eta betelana burutu ahal izateko 5.400 metro kubiko harkaitz labar erauztea eskatzen duela! Hiru kilometro itsas labar suntsituko direla, aizto edo zerra batekin bezala gailurretik itsasoraino ebakiz. Eta gainera, inguruetan harrobiak irekiko liratekeela.Harrobiak Jaizkibelen eta harrobi gehiago Gipuzkoa osoan. Izan ere, behar duten hormigoia fabrikatzeko 6 milioi metro kubiko kare-harri behar dute, eta egun, eta
horretarako 50 kilometro inguruan dauden harrobi guztiak ez lirateke gai
izango. Harrobi berriak (eta ez futbolarienak), beraz, gehi AHT eraikitzeko
beharko direnak. Panorama ederra gure Gipuzkoarentzat!Hori bai. Etekinak,
etekinak, poltsiko askorentzat.

Iruzkina idatzi