Nuria Lopez de Guereñurekin izandako elkarrizketari buruz Euskadi Irratian

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Gaur goizean Nuria López de Gereñu (Eusko
Jaurlaritzaren Garraio Sailburua)-rekin izandako elkarrizketaren harira eta
Pasaiako biziberritze eta kanpo kaiari buruz, hurrengo puntuak argitu nahiko
genituzke:

1. Pasaiako kanpo kaia Jaizkibel mendian eraikitzea aurreikusita dago, mendi
honen itsas labarretan hain zuzen, 4 kilometro inguru suntsituz. Jaizkibel
mendia eremu babestu bat da, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
proposaturik Natura 2000 Sare Europarrean barne. Administrazioaren ardura da
beraz, eremu honen balio naturalen babesa.

2. Badiako biziberritzeari eta kanpo kaiari dagokionez, badira hainbat
ikerketa azpiegitura honen bideragarritasun ekonomiko, sozial eta ekologikoa
zalantza larrian jartzen dutenak. Adibiderik garbiena Gipuzkoako Foru Aldundiak
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoari eskatutako Pozueta txostenean dago.
Honetan kanpo kaia badiaren biziberritzerako aukerarik okerrena dela ziurtatzen
du.

3. Eusko Jaurlaritzaren barne ere ez dago gai honi buruz adostasunik. Ester
Larrañagak, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailburuak, publikoki eta garbi azaldu
du azpiegitura honek Jaizkibelen izango lukeen inpaktua ezin dela onartu. Ezker
Batua eta Eusko Alkartasuna, Gobernuan hirukoa osatzen duten alderdi
politikoek, ere proiektu honen aurka azaldu dira.

4. Gai honen inguruan mugimendu sozial garrantzitsu bat sortu da. Jaizkibel
Bizirik! plataforma 30 elkarte sozial, ekologista, kultural,… baino gehiagoz
osatua dago, eta Jaizkibel mendiaren babesa eskatzen dugu bere balio natural,
historiko eta inguruko biztanleen bizi-kalitatean duen garrantzian oinarrituta.

2005eko azaroak 10

Iruzkina idatzi