PASAIAKO PORTUA S.O.S.

Egilea: Jaizkibel Bizirik  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Hauteskunde garai honetan Pasaiako Portuko Agintaritzako Enpresa Batzordeak egun ezagutzen dugun portuko egoeraren larritasuna kanpainan dauden alderdi politikoei zein jendarte  osoari azaldu nahi dio.

Pasaiako portua Gipuzkoaren komertziorako sarbide nagusiena izan da historikoki. Bai  garraioa itsasotik antolatzen zenean , bai eta geroan ere, trenbide eta errepideak gailendu direnean. Azken mendean zehar herrialdeak bizi izan duen industriaren garapena Pasaiako kaiari lotuta joan da. Hemen urterik oparoena 2003a izan zen, 6 milloi tona mugitu genuelarik. Aurten berriz, 3 milloi tona mugituko ditugu abenduaren bukaeran… (orain dela 50 urteko kopurua,alegia).

Badira 20 urte edo gehiago, Badiaren berriztatzerari lotuta, kanpoan portu berri bat eraikitzearen aukeraz hitzegiten hasi zenetik. Orduz geroztik, ehundaka ikerketa eta milioi euro andana gastatu dira. Hauen guztien emaitzen arabera, xoxak eta baimenak lortuz gero, balizko portu berria 2035rako aurrekusten dute haren sustatzaileek…

Kanpoko portuaren alde egin dute azken presidenteek, tarteka halako mehatxuekin: “Pasaiako Badia berriztatzeak derrigorrez portua kanporatzea eskatzen du”, edo…”. Kanpokoa ez badugu eraikitzen Pasaiako portua itxi beharko da”. Hau guztia komunikabideetan eta are larriago, ekitaldi pribatuetan enpresari eta bezeroen aurrean.

Iturri ofizialek diotenez portuko enpresa guztietan 2350 langile gara egun. Aurten 50 langile inguru despedituak izan dira, enpresa batzuk ixteko bidean daude, beste batzuk EREan daude, eta gehienok Madrideko murrizketak eta soldata jeitsierak pairatzen ari gara.

Baina Portuko bideragarritasuna eta antolaketa ardura duen enpresak, Portuko Agintaritzak alegia, ez du inoiz bere barnean egoera honen errudun bilatu, ez du inoiz bere agintariak zigortu edo indargabetu, nahiz eta berehaiek herrialderako ezinbestekoa den azpiegitura publikoa hau hondamendira gidatzen ari diren.

Jasanezinezkoa den egoera honen aurrean Enpresa Batzoreak LAB eta UGTren aldeko sostenguarekin (9tik 7) egungo portuko jardueraren jarraitze aldera irtenbideak eskatzen ditugu eta proposamen hauek egiten ditugu :

- Pasaiako Portuko Agintaritzako presidentea, Luzio Hernando jauna eta zuzendari nagusia den Gregorio Irigoien jauna, haien kargutik kentzea,itsas-trafikoaren jeitsieraren arduradun zuzenak baitira, egungo portuaren bideragarritasun komertziala eta sustapenaren aurretik   gutxienez zalantzagarria den kanpoko portuaren aldeko propaganda lehenetsi dutelako.

- Portu-azpiegituraren baldintzak gutxiagotzeko apostua babestu duten erakunde politiko zein enpresariek hain modu tamalgarrian kudeatu dituzten krisialdiaren ondorioak langileen bizkarrean ez botatzea.

- Sorospen deialdi bat egiten dugu portuko operadore,zamaketari zein garraio enpresariei, erakunde politiko,sozial,sindikal bertako zein herrialdekoei,  ( kanpoko portuari buruzko jarrera edozein dela ere, egungo portuaren jarduera arriskuan dagoena baita), irtenbide-mahai bat osa dezagun, Pasaiako Portuaren etorkizuna bermatzeko, azken urtetan galdu duen lehiakortasuna berrirabazteko, bai PPAn bertan Administrazio-kontseiluan bakoitzak duen ordezkapenaren bidez, bai beste era batez Badia Berriztatzerako erabiltzen ari dena, adibidez.

Azkenik Eusko Jaurlaritza berriari, urriak 21ean lanean hasiko denari, Portuko Agintaritzaren presidentea izendatzearen arduraduna den heinean , Pasaiako Portuaren iraunkortasuna bermatzeko behar diren neurriak har ditzan exijitzen diogu, euskal kostaldeko beste portuekin elkarlana sustatuz  eta enpresari-elkarteekin harremanetan jarriz, portuaren hondamendiak ondorio konponezinak Oarso-Bidasoa, Gipuzkoa eta Euskal Herrian sortu baititzake.

Iruzkina idatzi