Euskal Herriko kostaldeko hautetsiei deia

Egilea: Jaizkibel Bizirik  |  Atala: Albisteak / Kolaborazioak

Hendaiako ACE elkarteak eta CADEk (ingurumenaren alde Euskal Herrian eta Landes Hegoaldean diharduten elkarteen kolektiboa) kasu emateko eskatzen diete Hendaia, Urruña, Ziburu, Donibane-Lohizune, Getari, Bidart, Biarritz eta Angeluko auzapezei, halaber baita Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari ere, 2012ko ekainean Pasaiako kanpo portua kari, mugaz gaindiko galdeketa iragarri duelako bertako Agintaritzak. Hala dio bederen, martxoko « Diario del Puerto » (Portuko egunkaria) deitu dokumentuak. Gutun honi atxikia dator, bigarren orrialdearen behean.

Hendaiako udalak badaki proiektu honek nolako kalte ekonomiko eta ekologikoak eragingo dizkion Ipar Euskal Herriko kostaldeari. Izan ere, mozioa luzatu zion udalari martxoan, oposizioaren onespena zuela, Pasaiako super portuaren gaineko boza eman zezan. Gainera, 2012ko urtarrilean Biarritzeko eta Donibane-Lohizuneko udal kontseilariei laguntza galdatu zitzaien, haien udaletako immobilismoa urra zezaten. Ez zen lortu.

Gure ustean, eta ingurumenari dagokionez bederen, larritasuna ageri-agerikoa da. Arreta osoa eskatzen diegu udalei, haiek baitira herri bizitzaren sortzaile eta eragile, eta haiei baitagokie etsenplu ona ematea, Natura 2000 izendatutako gure kostaldea zaintzea. Esan gabe doa, neurriz gaindiko proiektu hau gauzatuko balitz, itzulbiderik izango ez luketen kalteak eragingo lizkiguke.

Gure ingurumena zaintzeko, eta bide batez, ongizate ekonomiko soziala eta datozen belaunaldien etorkizuna ziurtatzeko, komenigarri litzateke elkartzea, esan nahi baita, euskal kostaldeko elkargoan hautetsien indarrak batzea, eta modu honetan, bat eginik, Pasaiako kanpo portuko proiektu erraldoiaren karietara egingo den mugaz gaindiko hirugarren galdeketan parte hartzea.

Ikusi

2012ko apirilaren 30ean

Gaiak: , , ,

Iruzkina idatzi