Jaizkibel munduko ondare izendatzeko proposamena

Egilea: Jaizkibel Bizirik  |  Atala: Albisteak / Kolaborazioak

Greenpeacek, Ocenak, Kobek, Aranzadik eta beste erakunde batzuek lanean dihardute Jaizkibel babesteko

X.M. OIARTZUN

Jaizkibelgo labarra; erdi-erdian Grankanto eremua. / GARBIÑE ALBISU

Jaizkibelgo labarretan aurkitutako antzinako iknofosila eta beste hainbat eta hainbat fosil «itsas biziaren eboluzioa ezagutzeko lanabes zientifikoak dira», Jose Angel Torres geologoak dioenez. Jaizkibelgo labar guztiek jasotzen duten testigantza hori arriskuan dago kanpoko portuaren proiektua dela eta. Horregatik, azken hilabeteetan areagotu egin da Jaizkibel-Ulia babesteko egitasmoa. Greenpeacek, Ocena Europak, Aranzadik, Kobe geologoen eta biologoen elkargoak eta beste hainbat erakundek eskuz esku dihardute Jaizkibelgo naturak babes handiago lor dezan. Hala, proposamen bat zabaldu dute Jaizkibel geologiaren eta itsas zein lur bioaniztasunaren munduko ondare izenda dezaten.

Euskal kostaldetako flyschek munduko geologian duten garrantzia bistan geratu da 2010ean Euskal kostaldeko geoparkea munduko geoparkeen sarean txertatu eta gero. Geoparke horrek, gaur egun, Mutriku, Deba eta Zumaiako kostaldea hartzen du. Hura hedatzeko proposamena aspaldikoa da, ordea.

Ideia horren haritik tiraka zabaldu da Jaizkibel-Uliako itsas eremua babesteko azken egitasmoa: Natura 200 Sarean sartzeko eskaera egin dute. Horrez gain, egitasmo berak euskal geoparkea zabaltzeko eskatzen du, Jaizkibel-Ulia bertara sartzeko. Euskal erakundeei, Espainiakoei eta Europakoei dei egiten diete, baita Unescori ere, aintzat har ditzaten Jaizkibel altxor zientifiko gisa azaltzen duten askotariko ikerketak. «Jaizkibel-Ulia bitxi geologikoa da; munduan bakarrak diren geoformak aurkitu dira han: noduluak, paramoudrak, iknofosilak… Gainera, itsas zein lur bioaniztasunak balio zientifiko zein kultural izugarria dauka», diote egitasmoa zabaldu dutenek. Babes handiagoa lortzeak, geoparkean sartzeak adibidez, Jaizkibelgo kanpoko kaiaren proiektuari eragingo lioke.

Iruzkina idatzi