Pasaiako portua: ingurumen zaintza noizko? Hitzaldia Oreretan abenduaren 1ean
Errenteria-Orereta Bizirik eta Eguzki Oarsoaldea talde ekologistek antolatua, “Pasaiako portua: ingurumen zaintza noizko?-Salud medioambiental: asignatura pendiente del puerto de Pasaia” hitzaldia eskainiko du abenduaren 1ean Jose Manuel Cortizo CCOO sindikatuko kide eta portuko langileak. 19.00etan izango da, Errenteriako Reina Aretoan.
Hitzaldiaren ondoren, eztabaidarako aukera ere izango da. Horrela bada, “Pasaiako kanpo kaia justifikatzeko erabiltzen dituzten gezurrak” aztergai izango direla adierazi dute antolatzaileek. “Pasaiako kanpo kaiaren sustatzaileak haren eraikuntza justifikatzen eta proiektu honek eskualdeko herritarren osasuna hobetzeko eta kaiaren biziberritzean izango lukeen eragina aldarrikatzen agortu nahi dituzte azken indarrak eta argudioak”, gaineratu dute.
“Gipuzkoara aberastasuna, lanpostuen sorrera eta onura ekonomikoak ekarriko zituela esan ondoren, orain, osasuna eta badiaren biziberritzea dira gelditzen zaien azken argudioa”, aipatu dute. Abenduaren 1eko hitzaldi-eztabaidan “askoren ahotan dabiltzan gezur eta manipulazioak” atera nahi dituzte argitara.
Neurririk ez
“Azkeneko hamarkadatan, ez Portuko Agintaritzak ez Portuko enpresek, ez dute inongo ekarpenik egin laneko osasun gaietan ezta kutsaduraren kontrako neurri edo lan baldintzak hobetzeko asmotan ere. Eta gaur egun egoerak berdin jarraitzen du; portuko praktika egokiak, prebentziorako koordinazio lanak edota lan eta ingurugiro segurtasun protokoloak ez dituzte martxan jarri. Ez dituzte beste portuetan hartu ohi dituzten neurriak martxan jarri: txatarra leku erdi itxietan deskargatzea, ikatza estaltzea, edota gai kutsakorrak leku eta modu egokian biltzea”, azpimarratu nahi izan dute egitasmoaren antolatzaileek.
Gai hauetan, Pasaiako portua portu atzeratu eta atzerakoia dela uste dute. “Neurri egoki eta benetakoak hartu beharrean (hemen eta orain egungo arazoak konponduko lituzketen neurriak), kanpo kaia justifikatu nahian dabiltza, eta honetan erabiltzen dituzte indarrak eta gure aurrekontuak, nahiz eta, aurrerapenaren izenean, Euskal Herriaren kontra egin daitekeen atentatu ekonomiko eta ekologiko handienetako bat izan”, azaldu dute.
Gaiak: Eguzki, hitzaldiak