Kaltegarria, jasanezina

Egilea: arranoa  |  Atala: Hemeroteka, Superportua

Interesgarria gaurko Oarsoaldeko Hitzan irakurritako artikulua. Bertan Pasaiako Portu Agintaritza, LAB, Greenpeace, Aralar, Ezker Batua eta Ekologistak Martxan-en iritziak jaso dituzte.

Hona hemen artikulua:

Espainiako Ingurumen Ministerioak (MMARM) ez du begi onez ikusten Pasaiako kanpo kaiaren proiektua. Alegazioak aurkeztu dizkio Portu Agintaritzaren Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari, kanpo kaia egiteak kalte “ezin itzulizkoak” eragingo lituzkela iritzita.

Larrienak izanagatik,baina,  eragozpen bakarrak ez dira ingurumenari dagozkionak. Ekonomikoki “jasanezia” litzatekela iritzi dio Ingurumen Ministerioak.

Alegazio erabakigarria
MMARMek egindakoa Iraunkortasunerako Txostenari aurkeztutako 1.012 alegazioetako bat da, baina alegazio erabakigarria izan daiteke, Ministerioari dagokiolako kanpo kaia egin ahal izango den edo ez erabakitzea.

Lehengo astelehenean ezagutu zen berria, hedabide batek zabaldutako informazioari esker, eta erreakzioak errenkan eragin ditu, batez ere, kanpo kaiaren kontra dauden eragileen artean.

Portu Agintaritzako presidente berri Lucio Hernandok, bestalde, maiatzean Espainiako Ingurumen Ministerioko kideekin bilduko dela iragarri du, Iraunkortasunerako Txostenean jaso beharreko neurri zuzentzaileak aztertzeko eta prestatzeko.

PASAIAKO PORTU AGINTARITZA: “Ingurumen Ministerioaren txostena beste alegazio bat da, baina kontuan hartuko dugu”

Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak nabarmendu du Ingurumen Ministerioaren txostena Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako “beste alegazio bat” dela “beste askoren artean”; izan ere, azaldu duenez, Ingurumen Ministerioaren txostena 2010eko abenduaren 1ekoa da. Horrela, kanpo kaiaren eraikuntzari makilakadarik ez diola ematen nabarmendu du, El Pais egunkariak adierazitakoaren haritik. Eta esandako  hori indartzeko orain hiru aste Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portu Agintaritzak sinatutako hitzarmena izan du ahotan: “Badia biziberritzeko konpromisoak indarrean jarraitzen du, zentzu horretan ezer ez da aldatu”.
Ingurumen Ministerioaren alegazioaz, bestalde, kontuan hartuko duela azaldu du Hernandok, “ni bainaiz lehenengoa ingurumen exijentziak muturrera eramatearen aldekoa”.

Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak gaur egun badian ingurumen inpaktu negatiboak eragiten direla nabarmendu du: “Inguruko herritarrei eragiten diete inpaktu horiek eta desagerrarazi behar dira. Eta hori portuko jarduera kanpora ateratzen bada lortuko da. Izan ere, Pasaiako badiaren biziberritzea integrala da, edo ez da biziberritzerik izango”.

LAB: “Bideragaitza den proiektua alboratu eta benetako biziberritzearen alde egiteko unea da”

“Pasaiak eta bere inguruak benetako biziberritze bat merezi dute, ingurugiroa errespetatu eta ongizate sozioekonomikoan oinarrituko dena, enpresa pribatu gutxi batzuen interesak lehenetsi beharrean”. Hala iritzi dio LAB sindikatuak, eta hala eman du ezagutzera sindikatuak “aspalditik” argi zituenak berrestera datorren alegazioaren harira.

Esan dutenez, “bideragaitza den proiektua alboratu eta inguruaren benetako biziberritza baten alde egiteko unea da”, eta krisi garaian “gure etorkizuna hipotekatuko duten proiektuak” baino “babes soziala” lehenesteko eskatu dute.

GREENPEACE: “Txosten guztiek agerian utzi dute kanpo kaiaren atzetik espekulazio urbanistikoa baino ez dagoela”

“Erakunde politikoek dagokion ingurumen baimenari bizkarra emanda akordio sinatu dute, badiaren biziberritzea kanpo kaiaren eraikuntzari baldintzatzeko” kritikatu du Greenpeacek. Espainiako Sustapen ministerioak, Portu Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak badia biziberritzeko eta kanpo kaia eraikitzeko sinatutako protokoloa bertan behera uzteko eskatu du eta txalotu Ingurumen Ministerioaren jarrera.

Kanpo kaia eraiki gabe badiaren biziberritzeari ekin diezaioten eskatu du.

ARALAR: “Ministerioaren hitzak nahikoak dira erakundeek proiektua berriro aztertzeko”

Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarko eledunak adierazi du Ingurumen Ministerioak txostenak berriro ezbaian jartzen duela azpiegitura horren beharra eta bideragarritasuna: “Iruditzen zaigu Ministerioaren hitzak nahikoa direla erakundeek portuaren eraikuntza berriro azter dezaten”. Horrez gain, kritikatu egin du erakundeek orain hiru aste sinatu zuten hitzarmena: “Ez dakigu hauteskunde giroko antzezpen hutsa izan zen edo Ministerioak bere txostena publiko egin aurretik jarrera finkatzeko modua izan den”.

EZKER BATUA: “Ministerioaren alegazioak makilkada handiak dira Olano eta Buenentzat”

Arantza Gonzalez Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ezker Batuko eledunaren hitzetan, Ingurumen Ministerioaren alegazioak “benetazko makilkadak” dira Markel Olano eta Miguel Buenentzat, “hilda dagoen proiektua gauza guztien gainetik defendatzen baitute”. Lucio Hernandori alegazio horiek kontuan hartzeko eskatu dio. Azken hamar urtetan «xahutu» duten dirua ere kritikatu du Ezker Batuak.

EKOLOGISTAK MARTXAN: “Ingurumenarekiko erakundeen ardura falta argi geratu da”

“Azkenean erakunde hau [Ingurumen Ministerioa] izan da gai honi profesionaltasun pixka bat eman diona”. Denbora honetan interes partikularrak argi geratu direla dio taldeak, baita ingurumenarekiko eta pertsonen osasunarekiko erakundeen ardura falta ere. Bide horretatik, Ekologistak Martxan taldeak kanpo kaia eraikitzeko nahia behin betiko errefusatzeko eskatu du.

Gaiak: , , , , ,

Iruzkina idatzi