Aralarrek salaketa aurkeztu du Europan EAEren kontra, Jaizkibelen eta Txingudin ingurumen arloko araudia ez betetzeagatik

Egilea: Jaizkibel Bizirik  |  Atala: Albisteak / Kolaborazioak

Maeztuk esan duenez, 2010eko abenduan, Europako Batasunaren arabera interesa duten (LIC) 39 eremu Natura Sarea 2000-n sartzeko prozesua amaitu beharko litzateke, eta horretarako, eremu horiek Babestu beharreko Eremu Bereziak (ZEC) zerrendan sartu. “Baina, berez nahikoa atzeratua den prozesu horrek ezusteko tamalgarria eman digu: Jaizkibel eta Txingudi LIC eremuekin atzeratuta ari dira, inolako arrazoirik gabe, gainera”, adierazi du Maeztuk.

Urte honetan zehar, Jaizkibel eta Txingudi kokatzen diren Kantauriar eremuko LICak kudeatzeko plangintzak argitaratzen joan da Ingurumen Saila. “Baina, gure harridurarako, aipatutako bi eremuetako plangintzak ez dira argitaratuak izan, argitaratu diren beste guztien prozesu bera jarraitu duten arren”.

Bi eremu horietako ingurumen balioa modu berezian kalte dezaketen azpiegitura proiektuak egiteko asmoa egotea “ez da kasualitatea”, Aralarren ustean. “Jaizkibelen, esaterako, kanpoko portua eta bestelako azpiegiturak egin nahi dituzte; proiektu horien ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa egiten ari dira egunotan, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak lehen fasean egindako ebaluazioaren arabera, Portu Agintaritzak egindako iraunkortasun txostenak gabezia handiak ditu eta gainera, inguru horretarako aurreikusia dagoen plangintzak kalte larriak eragin ditzake ingurumen balioetan”.

Zentzu horretan, Pasaiako Kaia birgaitzeko plangintza kanpoko portuarekin ezinbestean lotzen duen plangintza aurrera ateratzeko hainbat erakundek sinatu duten hitzarmena “bereziki larria” iruditzen zaio Aralarri. “Oraindik ere ingurumenaren gaineko txostenak lantzen ari dira eta bertan hainbat alternatiba jasotzen dira, eta kanpoko kaia horietako bat da, baina ez bakarra. Ingurumen arloko tramite guztiak aurretik eraman dituzte”.

Txingudiri dagokionez, Hondarribiako aireportuko pista handitzeko mehatxua dagüela gogoratu du Maeztuk, “horrek inguru horretan zein bere funtzionamenduak izan dezakeen eragin kaltegarriarekin”. Aralarreko legebiltzarkidearen hitzetan, “kontuan izan beharrekoa da Txingudiko eremua LIC zerrendan egoteaz gainera, hegaztien kontserbaziorako gune berezia dela. Txingudiko kasuan, gainera, eremu horrek badauka 1994an onartutako kudeaketa plana, naiz eta instituzioek behin eta berriro bete gabe utzi duten; Plaiaundiko kirol instalakuntzen kasuan, esaterako, ez dute kudeaketa plana bete. Ingurumen sailburuaren arabera, kudeaketa plana agortua dago, eta Kudeaketa Plan berria idatzita dago. Baina, bien bitartean, aurreko plana ez da betetzen eta berria ez da iristen”.

Aralarren ustean, “azpiegitura erraldoiak bultzatzen dituzten interes ekonomikoak nagusitzen diren bi adibide argien aurrean gaude. Garapen eredu horrek alde guztietan dauzka itoginak, baina ingurumenaren logikari eta lurraldearen arrazoizko antolaketa iraunkorrari gailendu nahi zaio”.

Iruzkina idatzi