‘Korri, Xalto ta Brinko Jaizkibelgo itsasertzean’ liburua aurkeztu dute

Egilea: JB  |  Atala: JB multimedia

Korri, Xalto ta Brinko pailazoen abenturak liburu berri batean bildu dituzte. Ixerka! liburu bildumaren hamargarren alea da Korri, Xalto ta Brinko Jazikibelgo itsasertzean. Lezoko eta Pasaiako udalen laguntzarekin. Jaizkibel Bizirik! elkarteak ere laguntza eskaini dio pailazoen egitasmoari.
Iñigo Esnaola Lezoko Kultura zinegotziaren esanetan, pailazoek liburu berriaren ideia aurkeztu zieten Jaizkibel mendian lurrak dituzten hiru udalei. Horrela, bai Lezoko Udalak baita Pasaiakoak ere lagundu diete. «Liburuaren helburua ez da egin nahi duten kanpo kaiaren aurka egitea, Jaizkibelek dituen baloreak haurrengan sustatzea baizik», esan du Esnaolak. Izan ere, pailazoek Jaizkibelgo kostaldeko parajeak ikusterakoan «A ze paraje lasaia… ba pentsa! Hemen batzuek super portua egiteko okurrentzia izan zuten», diote pailazoek liburuan.

Jaizkibelen balioa Lezoko eta Pasaiako udalez gain, Europako Batasunaren Natura 2000 planan ere onartu dutela gogorarazi du Esnaolak. Ander Poza Pasaiako Kultura zinegotziaren arabera, «askotan ez ditugu ezagutzen Jaizkibelgo parajeak eta liburua ikusterakoan harritu egin naiz horrelako lekuak daudela ikustean». Hala ere, liburua «Jaizkibelen gida» ez dela berretsi dute, «pailazoek bertan duten abentura bat baizik».
Kolaborazio ugari liburuan


Liburua sortzeko hainbat kolaboratzaileren laguntza eduki dute Korri, Xalto ta Brinko pailazoek. Horrela, Miguel Angel Lujanbio pasaitarraren argazkiez hornituta dago liburua. Gainera, Lander Zurutuzak duela urte b atzuk egindako marrazkia ere aurki daiteke liburuaren bukaeran.

Horiek guztiak ikusteko, aste honetan Korri ta Xalto pailazoak eskoletan ibiliko dira liburua banatzen. Lezo eta Pasaiako ikastetxeetan banatuko dituzte liburu berriaren aleak. Guztira 1.700 banatuko dituzte. Gaur Lezoko Herri Eskolan eta Antxoko Lizeoaren egoitzan izango dira. Bihar goizean, berriz, San Pedron eta Donibanen izango dira eta, arratsaldean, Lizeoko Lehen Hezkuntzan. Pasaiako edo Lezoko ikastetxeetara joaten ez diren haurrek Lezoko Kultura Aretoan lortu ahal izango dute. Elkarrek ere Euskal Herrian zehar banatuko du Korri, Xalto ta Brinko Jaizkibelgo itsasertzean liburua.

www.oarsoaldekohitza.info

Iruzkina idatzi