Turruia kapitainaren altxorra

Egilea: JB  |  Atala: JB multimedia

Turruia kapitainaren altxorra aurkeztu zuten maiatzaren 18an Lezon. Ipuina Lezoko Superportuaren aurkako taldeak eta jaizkibel Bizirik-ek argitaratu du eta Joseba Aurkenerena Barandiaranen testua eta Andoni Trekuren ilustrazioak ditu.

Turruia kapitainaren altxorra

IKUSI ALDIZKARI GEHIAGO / MAS PUBLICACIONES

Hona hemen Turruia kapitainaren altxorra aurkezpenerako Joseba Aurkenerena Barandiaranek prestatutako testua:

Gaur egun gizateria osoa kinka larrian dago. Aurrerapenaz jantzitako kapitalismo salbaia nagusi da planeta osoan eta Ama-lurrak milurtekoetan erakutsitako oreka haustear daukagu. Gizakia gizakiarekiko otso zela kontu zaharra den arren, gaurko gizarte gaixo honetan bere esanahi osoa hartzen du.

Gizakiak jainko eta jainkosak hil ditu, izadiko indar magikoak baztertu ditu, bizitzaren xarma ehortzi du, eta horien lekuan dirua, kapitala ezarri du aldare gainean. Berdin da zein den bidea, berdin da zein zanpatu behar den, berdin da gizateria osoaren etorkizuna arriskuan jartzen bada, gauza da gero eta diru gehiago egin beharra dagoela. Kapitalistek ez dute bihotzik, kapitalistek ez dute natura maite, kapitalistek ez dute gizartearen onura bilatzen… beraien patrikak bete-beteak nahi dituzte, eta horretarako zanpatu behar badute zanpatuko dute lasai ederrean, eta horretarako lapurtu behar badute lapurtuko dute inolako eskrupulurik gabe, eta horretarako hil behar badute hilko dute inolako damurik erakutsi gabe.

Jadanik oztopo guztien gainetik igaro dira, jadanik itzulerarik gabeko gurpilean sartzen ari gaituzte planeta osoaren bizitza arrisku handian ezarriz. Baina kapitalismoari berdin zaio eta ez dio inoiz bere bideari uko eginen.

Euskal Herri gaixo honetan adibide franko ditugu. Dena errepidez eta autobidez betetzen ari zaigu. Lur onenak hondatu dituzte, bizimodu tradizionalak: nekazaritza, artzaintza, arrantza… folklore bilakatzen ari dira, eta garapenkeria ero horren mesedetan gure eskualderik ederren eta emankorrenak izorratzen ari zaizkigu. Poltsikoak bete diru duten horiek gehiago nahi dute eta proiektu faraonikoak aurkezten dizkigute behin eta berriro: tren sare berria, superportua, autobide zabalagoa, abiadura handiko trena…

Herriaren aldekoak omen, baina dirua beraientzat. Herria engainatu, herria lapurtu… eta beraiek negozio biribilak egiten herriaren izenean. Horretarako balio dute proiektu horiek guztiek, dirua daukatenek diru gehiago egin dezaten.

Baina oraindik ez dago dena galduta, hemen Euskal Herrian eta baita planetaren luze-zabalean ere, garapenkeria itsuaren kontrako mugimenduak sortzen ari dira. Bankuak, armada, poliziak, epaileak, eliza… beraien alde dauden arren, herri xehea altxatzen hasita dago. Ez, ez gaude ados etorkizunik gabeko mundu horrekin! Eta Turruia kapitaina dugu mugimendu horren adibide, Jaizkibelen dagoen altxorrik handienaren gordelari baita. Ez dago urrerik, zilarrik, perlarik edota harribitxirik Ama-lurraren edertasunaren pareko denik.

Utz ezazue Jaizkibel bakean! Utz gaitzazue lasai bizitzen! Turruia kapitainak erakutsitako bideari ekin nahi diogu! Jaizkibel bizirik nahi dugu! Superporturik ez! Komiki hau garapenkeriaren kontrako ikur bilaka dadin. Bil gaitezen! Biltzen bagara ezingo dute gurekin, eta dagoeneko Ama-lurraren seme-alaben garaipena izarretan idazten hasita dago. Hala bada, hala bedi denon onerako.

Lezon, 2010eko maiatzaren 18an.

Joseba Aurkenerena Barandiaran

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi