Ingurumenean «ondorio kritikoak» izango ditu Pasaiako kanpoko kaiak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

«Pasaiako kanpo kaiak hainbat eragin kritiko izango ditu ingurumenean; nahiz eta, aplikatuko ditugun neurri zuzentzaileei esker, eragin horiek arindu eta larriak izatea lortuko dugun». Hala aitortu du Miguel Buenek, Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak. Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluak atzo onartu zuen Ingurumen Iraunkortasunerako Txostena. Txostenak 600 orrialde ditu, eta 60 orriko laburpen bat. Bertan, 100 hektareako kanpoko kai txikiagoaren alde egin du Portu Agintaritzak. «Halako azpiegitura bat eraikitzerakoan kontuan hartu behar diren aldagaiak egokien bateratzen dituena da», nabarmendu dute txostenean. Portu Agintaritzaren arabera, «ekonomikoki aukerarik bideragarriena da; Pasaiako badia biziberrituko du, eta egungo portuaren jarduera handitu».

Alor horretan eskumena duten erakundeei bidaliko diete txostena, eta jendaurrean ere jakinaraziko dute. 45 egunez helegiteak jartzeko aukera egongo da. Behin helegite eta proposamen horiek jasota, txostena berrituko du Portu Agintaritzak. Horrekin, Espainiako Ingurumen Ministerioarekin batera, Ingurumen Memoria egingo dute.

Kanpoko kai txikiagoak ingurumenean izango lituzkeen ondorioen artean, txostenean ondorengoak aipatu dituzte: kalteak itsasertzaren dinamikan; aldaketak uraren kalitatean; gorabeherak lurraren kalitatean; hondakin kopuruaren handitzea; kalteak ekosistema naturaletan, nahiz Azabaratzako hondartzan eta Jaizkibelgo itsaslabarretan; kalteak lurreko nahiz itsasoko fauna eta floran -itsasoko faunaren kasuan, kalte horiek «ez dute atzera bueltarik» -; eta gorabeherak paisaian.

Eragin edo ondorio «kritiko» horiek arintze aldera, 34 neurri zuzentzaile proposatu ditu Portu Agintaritzak txostenean. Hauek dira esanguratsuenak: Jaizkibel iparraldeko errekak bertakotzea edo naturalizatzea; kanpo kaiaren eraikuntzaren ondorioz kaltetutako udalerrietako gune degradatuak berritzeko neurriak hartzea; Azabaratzako hondartza desagertuko denez Kalaburtzakoa berritzea, jendeak erabili dezan; inguruko hondartzak onera ekartzea Azabaratzako hondarra erabilita; eta kaltetutako guneen ingurumena lehengoratzea. Proiekturako erabiliko duten diruaren %10 eta %15 inguru neurri horiek ezartzeko erabiliko dute, Buenek azaldu duenez. Neurri horiek aplikatuz, ondorio «kritiko» horiek «larriak» izango liratekeela nabarmendu du Buenek.

Ingurumenaren ikuspegitik, zentral termikoaren kokapena izan da beste eztabaidagaietako bat. Izan ere, hainbat taldek, elkartek eta alderdi politikok hura ixteko eskatu dute. Horri ere aipamena egin diote txostenean. Gogorarazi dute egungo zentralak 2022ra arte duela jarduteko baimena. «Kanpoko kaia eraiki zein ez». Gainera, kanpoko kaia eraikiz gero, bi aukera dituzte esku artean, energia sortzeko azpiegiturei lotuta: ziklo konbinatuko zentral bat eraikitzea edo zentral termiko bat egitea. Lehenak gasarekin funtzionatuko luke, eta besteak ikatzarekin. Ikatzaren kasuan, erre aurretik tratatu egingo lukete, hainbat gai kutsagarri kentzeko.

Baina kanpoko kai txikiagoak ingurumenean izango lituzkeen ondorio eta eraginak aipatzearekin batera, txostenean adierazi dute «ondorio ekonomiko positiboak» izango lituzkeela. Azpiegitura eraikitzea 765 milioi euro kostako da. Portuaren jarduera, gainera, igo egingo litzatekeela jaso dute. Hala, 2030erako salgaien joan-etorria 9 milioi tona ingurukoa izatea aurreikusi dute, egun baino 4 eta 5 milioi tona inguru gehiago. «Trafikoa gehiago handituko balitz, gainera, dike nagusia handitzeko aukera dago».

Beste aukerak

Beste lau aukera ere aztertu dituzte txostenean. Horietako bat 172 hektareako kanpoko kaia izan da. Hasiera batean horren alde egin zuen Portu Agintaritzak, baina ekainean 100 hektareakoaren alde egitea erabaki zuen. Egungo krisi ekonomiak eragindako murrizketen eta atzeraldiaren ondorioz egin zuten hori. «Hasierako proiektu horrek, gainera, eragin handiagoa du ingurumenean», adierazi dute txostenean aukera horren inguruan.

Egungo kaiari eusteko aukera aztertu dute. «Oraingo ingurumen ondorioak mantentzeaz gain, portuaren jarduera geratzea ekarriko luke. Pixkanaka-pixkanaka portua hiltzen joango litzateke». Hori dela eta, baztertu egin dute.

Egungoa mantendu bai, baina inguruko kaiekin-Bilbokoa eta Baionakoa, batez ere- lankidetza areagotzea da beste proposamenetako bat. Baina hori ere ez du begi onez ikusten Portu Agintaritzak. Txostenean jaso duenez: «Burdinak deskargatzeagatik sortzen diren soinuak eta partikulen emisioak murriztuko liratekeen arren, zentral termikoari lotutakoak mantenduko lirateke». Gainera, portuaren jarduera %50-%65 artean murriztuko litzatekeela nabarmendu du. «Alde horretatik, portua bere horretan uzteak baino eragin negatiboagoa izango luke inguruko portuekin lankidetza sustatzeak».

Txostenean aztertu duten azken aukera egungo portuarekin batera Lezo-Gaintxurizketan plataforma logistiko bat eraikitzea izan da. Aukera horrekin ere kritiko agertu da Portu Agintaritza: «Kasu honetan La Herrerako egoera hobetuko litzatekeen arren, Lezo, Errenteria, Pasai Antxo eta Altza kaltetuko lirateke, salgaien trafikoan egongo litzatekeen igoeraren ondorioz». Gainera, elikagaien, pastaren, paperaren, ongarrien eta produktu metalurgikoen garraioak egingo du gora, «ez salgai garrantzitsuenak». «Gainera, ez litzateke aukerarik izango kaira salgai berriak iristeko».

www.berria.info

Iruzkina idatzi