Erakundeen ituna nahi du Aldundiak Pasaiako kanpoko portua egiteko

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Erakundeen arteko elkarlan protokoloa eta konpromisoa. Horixe nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako kanpoko proiektu berrituari beste bultzada bat emateko. Horixe adierazi zuen atzo Arantza Tapia Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Bertan, kanpoko portuaren aurrekontua eta azalera erdira murriztu izana azaldu zien alderdietako ordezkariei, eta haien iritziak jaso zituen.

Tapiaren arabera, proiektu berria -100 hektarea eta 750 milioi euroko aurrekontua- «Gipuzkoak egun dituen beharretara» hobeto egokitzen da, baina etorkizunean handitu ahal izango dela gaineratu zuen.

Erakundeen arteko elkarlana beharrezkotzat jo zuen Tapiak, orain arte bi erakundeen arteko hitzarmenak besterik ez daudelako. «Denok proposamen beraren alde gaudela esateko garaia da, bakoitzak ikus dezan besteek dagozkien konpromisoak betetzen dituztela dagozkien eskuduntzen arabera».

Protokoloak «obrak egiteko eta finantzatzeko» balio beharko luke, Aldundiaren arabera. Halaber, segurtasun juridikoa emango lieke kanpoko kaiaren obrei, eta badiaren berrantolatzeari. Bost puntu hartuko lituzke protokoloak, eta haietako batek zehaztuko luke ea nola banatuko litzatekeen obraren finantzaketa erakundeen artean. Horrez gain, beste hauek ere bilduko lituzke: Donostialdea-Behe Bidasoako Arloko Lurralde Planaren garapena, intermodalitatea eta trenbidearen garapena portuaren inguruan, kanpoko kairako lotura, eta badiaren lehengoratzea.

Diputatuaren argudioak entzun ostean, batzarkideen iritziak azaldu zituzten. PSE-EEko Lore Suarezek adierazi zuen erakundeen babes osoa duela proiektuak, eta ziurtatu zuen aurrera aterako dela.

Maribel Vaquero EAJkoaren arabera, Aldundiaren proposamenak aukera emango du proiektuari beste indar bat emateko. H1eko ordezkari Juan Inazio Galdosen iritziz, proiektua «oinarrizkoa» da.

Bakarrik Aralar eta Alternatiba agertu ziren proiektu berriaren aurka.

Bestalde, 20 eragilek eta Jaizkibel Bizirik taldeak agerraldia egin zuten atzo Pasaian joan den asteko Portuaren Administrazio Kontseiluan ELAko, LABeko, Pasaiako eta Lezoko ordezkariek egin zuten proposamena babesteko. Hain zuzen ere, kanpoko portua baztertu, eta barrukoa hobetzeko eskatu dute eragileek.

Sinatzaileen artean, sindikatu, alderdi eta eragile ekologistak daude: ELA, LAB, EHNE, ESK, ezker abertzalea, EA, Aralar, EB, Alternatiba, Berdeak, Antikapitalistak, Zutik, Ezker Soberanista Eraikitzen, Eguzki, Ekologistak Martxan, Aritzalde, WWF Adena, Mutriku Natur Taldea, Club Vasco de Camping, Itsas Mendi Elkartea. Jaizkibel dagoen bezala uzteko eskatu dute eragile horiek, besteak beste Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak eta Oceanak eskatu dutelako Donostia-Miarritze itsas korridore ekologikoa sortzeko, eta Jaizkibel horren parte delako.

Eragile horiek eta Jaizkibel Bizirik taldeak lehen ekimen bateratua jarri dute martxan: sinadurak bilduko dituzte Gipuzkoako herritarren artean, eta ondoren Espainiako Ingurumen Ministeriora eta beste erakundeetara bidaliko dituzte, ingurumen ebaluazioan kontuan eduki ditzaten. «Sustatzaileen iritzi interesatuen gaindi herritarren errefusa» utzi nahi dute agerian.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi