Kanpoko kai berria itsaslabarrentzat kaltegarriago izan litekeela esan dute

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako kanpoko kaiaren egitasmoaren tamaina erdira murriztu du portuko agintaritzak, baina, hala ere, proiektuak «atentatu ekologiko larri» bat izaten jarraitzen duela salatu du Jaizkibel Bizirik taldeak. Natura 2000 sarearen barruan dauden hiru kilometro itsaslabar «suntsituko» ditu proiektu berriak, eta itsas hondoan aurreko proiektuak zuen eragina baino handiagoa eragin dezake egitasmo berriak, ekologisten arabera: «20,5 milioi metro kubo lur ateratzeko asmoa baitago, gero betelanerako erabiltzeko».

Ekonomia aldetik ere proiektu berriak ez duela zentzurik eta zuribiderik uste du taldeak. Moilak bost kilometrotik hirura murriztu dira egitasmo berrian, eta horrek olatuak ugaritzea ekarriko du, batetik. Bestetik, portuak eskuratu nahi duen edukiontzi handien trafikorako, «desabantaila nabaria» du Pasaiako portuak, Bilbokoaren aldean, adibidez. Oraingo portura iristen diren ontzien eslora neurria %25 soilik handituko dela ondorioztatu du talde ekologistak; egungo portuak dituen itsas eremu babestu eta lur azalera antzekoak izango ditu egitasmo berriak.

Hori aintzat hartuta, xede berriaren kostuak «itzelak» direla diote ekologistek, nahiz eta portuko agintaritzak zenbait gastu «ezkutatu» eta ez dituen egitasmo berriaren barruan zenbatu; portua salgaien garraioarekin lotzeko tunelen, errepide eta trenbide sarreren eta plataforma logistikoen gastuak kontuan hartzen badira, 750 milioi euro ez, 1.000 milioi eurotik gorako gastua izango du portu berriak, Jaizkibel Biziriken arabera. «Eta hori, gainkosturik gertatzen ez bada: Xixon eta Coruñako kanpoko kaietan %50 garestitu dira hasierako proiektuak». Horregatik, taldeak ondorioztatu du egitasmo berriak ez duela zentzurik.

«Izaera estrategikoa», dudan

Aralar ere bat etorri da talde ekologistaren salaketekin. «Azpiegitura horri erakunde batzuetatik eman nahi izan zaion izaera estrategikoa zalantzan» jartzen du kanpoko kaiaren tamaina erdira murrizteak, Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarko eledunak ohartarazi duenez. Kaiaren tamainaz baino gehiago, «eraikitzeko beharraz» eztabaidatu behar da, Uberaren esanetan: «Gero eta ageriago geratzen ari da ez dela behar dugun azpiegitura bat». Aralarrek zehaztu du, hala ere, «atzerapenek eta diseinu aldaketek» Pasaiako barruko kaiaren biziberritzeari ez eragitea: «Hori bai dela atzeraezina eta premiazkoa bertako bizilagunentzat».

www.berria.info

Iruzkina idatzi