Jaizkibel nondik zulatu

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako kanpoko kaiaren egitasmoak ez du ingurumen baimen integraturik jaso oraindik, baina bertara iristeko tunelaren proiektua «laster» jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde hori da, izan ere, kanpoko kaira sartzeko eta irteteko Jaizkibel mendian barrena egingo den tunela egiteko arduraduna. Aste honetan ezagutu da tunel proiektuaren idazketa etenda egon dela bi hilabetez. Proiektuaren ardura duen ingeniaritza enpresari idazketa gelditzeko agindu zion Aldundiak martxoan, eta iragan astean esan zion berriro idazten has zitekeela.

Portuko Agintaritzako presidente Miguel Buenek urte hasieran esan zuen kanpoko kaia «berriro dimentsionatu» behar zela, eta hasieran eduki behar zituen 200 hektareen ordez agian 100 hartuko zituela. Horrek zalantza sortu zuen Diputazioan, Jaizkibel nondik zulatu beharko ote zuen tunelak. «Dikearen hasiera ez da aldatuko», azaldu dio berriki Buenek Diputazioari; eta idazteari ekin dio berriro Diputazioak. Tunelaren irteera, 55 metro mugituko da ekialdera; aldaketa ez dela esanguratsua eta orain arte egindako lanarekin segi litekeela azaldu dio Diputazioak BERRIAri, «laster» jasoko duela proiektu idatzia. Portu Agintaritzak urte bukaeran espero du kanpoko kaiaren ingurumen baimena jasotzea. Hura jaso gabe ere Jaizkibel nondik eta nola zulatu behar den zehaztuko du Diputazioak.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi