Buen: «Kanpoko portuak Kontxa bezain eder utziko du Pasaia»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

«Kanpoko portuak Pasaiako badia lehengoratzeko aukera emango digu, eta Pasaia Kontxa bezain eder eta Kontxak adinako gaitasun ekonomiko izatea ekarriko du». Halaxe mintzatu zen atzo Miguel Buen Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako Batzordean. PSE-EEk eskatuta, azalpenak eman behar izan zituen Espainiako Gobernuko Landa, Itsaso eta Ingurumen Ministerioak urrian Pasaiako kanpoko portuaren inguruan kaleratutako Ingurumen Azterketaren Erreferentziazko Agiria dela eta. Agiri horrek ohartarazi zuen kanpoko portuak Jaizkibelgo itsaslabar babestuetan eragingo lukeen atzerakorik ez duen kalteaz, eta Portu Agintaritzari eskatu zion, kanpoko portuaz gain, beste aukera batzuk kontuan hartzeko, hala nola barruko portuan jarraitzea, Bilboko portuarekin elkarlanean aritzea edo kanpoko portua beste lekuren batean jartzea.

Buenen arabera, agiri horrek ez du esaten kanpo portua bideragarria ez denik: «Soilik gomendioak ematen dizkigu Ingurumen Iraunkortasunaren Txostena egiteko». Hain zuzen, horixe da hurrengo urratsa: Ingurumen Iraunkortasunaren Txostena egitea. Miguel Buenek jakinarazi zuen txosten hori maiatzaren amaierarako amaituta izango dutela. «Udararen amaieran jendaurrean jarriko dugu, alegazioak egiteko. Hala ere, epe horiek gutxi gorabeherakoak dira, guztiok ezagutzen ditugun arrazoiak medio, atzera daitezkeelako».

Buenek beste behin defendatu zuen Gipuzkoak kanpo portua behar duela, eta hori egin gabe «ezinezkoa» dela badia lehengoratzea. «Trintxerpen Kantauriko kirol portu hoberena izango genuke, eta eskualdeari balio erantsia emango genioke».

Bestalde, jakinarazi zuen portuak 200 hektarea hartu ordez, 80 edo 85 hartuko dituela, eta 220 eta 240 metro luzeko eta 100.000 tona garraiatzeko gaitasuna duten itsasontziak hartuko dituela.

Gasa tratatzeko planta

Pasaian egin gura duten kanpoko kaiaren barruan, egitasmoetako bat, bertan gasa tratatzeko planta bat jartzea da. Eguzki talde ekologistak ohar bat plazaratu du, inoiz Jaizkibel mendiaren itsaslabarretan horrelakorik egiten bada, eragin dezakeen «arrisku handiaz» ohartarazteko. Ildo horretan, Ferrolen (Galizia) hainbat adituk, martxan dagoen era horretako zentral baten kontra bat egiten dutela azaldu du. Aditu horien aburuz, era horretako planta batean inoiz hondamendiren bat jazoz gero, larrialdi plan guztiak alferrikakoak lirateke. Gas isuri baten ondorioz sortuko litzatekeen eztanda, 50 bonba atomikok sortuko luketenarekin parekatu du Eguzki talde ekologistak.

Iruzkina idatzi