Pasaian kanpoko kairik ez egiteko eskatu dio ezker abertzaleak Bueni

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaian (Gipuzkoa), Jaizkibelgo itsaslabarrean egin nahi duten kanpoko portuak «ez du ez hankarik ez bururik», Oarsoaldeko ezker abertzalearen irudiko. Haren ustez, egitasmoaren atzean «gutxi batzuen negozioa» besterik ez dago. Hala, egungo kaiaren beste kudeaketa bat, eskualdearen eta herritarren beharren araberakoa eskatu du ezker abertzaleak. Eta baita kanpoko kaiaren egitasmoa betiko bertan behera uzteko ere.

Pasaiako Portu Agintaritzako presidente berri Miguel Bueni egin dizkiote eskaera horiek ezker abertzaleko kideek. Izan ere, nahiz eta Portu Agintaritzan kargu aldaka izan ez dute ikusi aldaketarik proiektuetan eta helburuetan. Buenek, «egungo portuaren kudeaketa eraginkor batean zentratu ordez, kanpoko portuaren negozio lotsagarriarekin jarraitzeko asmoa» azaldu izana txarretsi dute. Izan ere, kanpoko kaiak ez duela justifikaziorik uste du ezker abertzaleak. Haren ustez, Gipuzkoak ez du halako azpiegiturarik behar, eta, gainera, «dirutza publikoaren justifika ezinezko gastua» dakar proiektuak. Jaizkibelgo itsaslabarra babestutako gunea dela gogorarazi du. Horregatik guztiagatik, «interes ekonomiko zehatzen mesedetan» eginiko proiektua dela uste du.

Eta salatu du egitasmoa aurrera ateratzeko «guztiak» balio duela: udalei eskumenak kentzea, lur publikoa esku pribatuetan uztea, barruko portuko lurrekin «espekulatzea»…

Jaizkibel Bizirik eguna

Ezker abertzaleak Bueni eskatu dio egungo portuaren kudeaketa eraginkorra egiteko, herritarren beharrei begirakoa, eta bertan behera utz dezala kanpoko kaiaren egitasmoa. Herritarrei eta eskualdeko udalerriei, berriz, egin nahi duten «iruzurraren» aurka mugitzeko eskatu diete. Hala, uztailaren 4an, Pasai Donibanen egingo den Jaizkibel Bizirik egunean parte hartzera deitu du.

www.berria.info

Iruzkina idatzi