Pasaiako kanpoko kaiaz argibideak eskatuko dizkio Europak Madrili

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako kanpoko kaiari buruzko argibideak eskatuko dizkio Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari. Hala jakinarazi berri du Europako Ingurumen komisario Stavros Dimasek. Jaizkibel Bizirik-ek Europako Parlamentuko Berdeetako diputatu David Hammersteinen bidez urtarrilean egindako galderari erantzunez egin du eskaria. Hammerstein baikor agertu da etorkizunari begira. «Pasaiako kanpoko kaia ez da egingo, basakeria eta zentzugabekeria ekologikoa baita. Ez dago halako proiektu bat egiteko behar sozio-ekonomikorik», adierazi du.

Pasaiako kanpoko kaia egin ez dadin talde eta alderdi ekologistak egiten ari diren lana azaldu zuen atzo Jaizkibel Bizirik-ek, eta bertan Europako Parlamentutik jasotako erantzunaren berri eman zuen Hammersteinek. «Erantzunean Dimasek eskertu egin du proiektuaren inguruan arreta deitu izana, eta adierazi du horren inguruan duen informazio bakarra nik egin nion galderaren bidez jasotakoa izan dela».

Hori kontuan hartuta, «gogotik» egingo du lan Hammersteinek, proiektua aurrera atera ez dadin. Harez ustez, kanpoko kaia egitea ez da beharrezkoa. «Proiektu politiko bat baino ez da, eta gizartearentzat ez du erabilerarik». Ez du uste, gainera, halako proiektuek krisi ekonomikoa gainditzen lagunduko dutenik, haren sustatzaileek argudiatzen duten moduan. «Halako makroproiektu batean inbertitzen den milioi bat euroko, zazpi lanpostu sortzen dira. Energia berriztagarriei edo teknologia berrien alorreko proiektuetan inbertitzen den milioi bat euroko, berriz, 20 lanpostu sortzen dira».

Gainera, gogorarazi du ez dagoela halako proiektu batek eragingo lituzkeen «kalteak» konpontzeko neurri konpentsatzailerik. Horren haritik, egungo kaia garbitu eta bertan dagoen zentral termikoa kentzearen alde agertu da.

Portu Agintaritzari kritika

Jaizkibel Bizirik-en ustez, Ingurumen komisarioaren erantzunak agerian utzi du Pasaiako Portu Agintaritzak izan duen «ezkutuko» jarrera. «Europako Batzordearen esku-hartzea saihesten ahalegindu dira proiektua ezkutatuz. Baina erantzun honek errealitatea bestelakoa dela erakusten digu», azaldu du Jaizkibel Bizirik-eko kide Ainhoa Olaizolak.

Gainera, gogorarazi du apirilaren 23an amaitzen zela Espainiako Ingurumen Ministerioak kanpoko kaiaren proiektuari buruzko erabakia emateko epea. Ministerioak, ordea, ez du erabakirik jakinarazi, Portu Agintaritzak ez zizkiolako hainbat dokumentu bidali. Proiektuaren lehen fasea bukatzeko jarri diren datak errespetatzen saiatuko diren arren, behin agiriak bidalita ez dagoela erantzuna emateko eperik azaldu du Ingurumen Ministerioak.

Gainera, Europako Ingurumen komisarioaren erantzuna ikusita, aste honetan bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpoko kairako bide proiekturako deialdi publikoa egin izana salatu du Olaizolak. «Aldundia eta Portu Agintaritza diru publikoa xahutzen ari dira, zalantzazko bideragarritasuna duen proiektu batean. Gainera, burututako ekintzen politikaz baliatzen saiatzen ari dira».

Eusko Jaurlaritza berriari ere eskaria egin diote: «Jaizkibel eta haren itsaslabarren benetako babesaren alde egin dezala eta Pasaiako badia biziberritzeko bestelako alternatibak sor ditzala».

Iruzkina idatzi