Pasaiako kaiaren eraginei buruzko agiririk ez du bidali Madrilera Portuak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako Portuko Agintaritzak (Gipuzkoa) Jaizkibelgo itsaslabarraren kanpoaldean egin nahi duen kanpoko portuaren proiektuaren inguruko hainbat dokumentu ez dizkio helarazi Espainiako Ingurumen Ministerioari. Dokumentu horiek, eragile, elkarte zein herritarrenak dira, hain justu. Kanpoko kaiak haiengan duen eragina azaltzen dutena, zehatzago esateko. Espainiako Ingurumen Ministerioak adierazi duenez, Pasaiako Portuko Agintaritzak dokumentu horiek «derrigorrean» helarazi behar dizkio proiektuaren inguruko balorazioa egin ahal izateko. Ingurumen Ministerioak proiektuaren inguruko zein iritzi zuen jakinarazteko azken eguna gaur duela adierazi zuen Joxe Joan Gonzalez Txabarri Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak Pasaiako Portuan atzo egin zuen agerraldian. Ingurumen Ministerioaren aldetik erantzun «serioa» espero duela adierazi zuen, gainera.

Hala eta guztiz ere, Ingurumen Ministerioak jakinarazi duenez, hasiera batean kanpo kaiaren inguruan bere erantzuna emateko hiru hilabeteko epea gaur bukatu arren, epe hori eten egin zuen Pasaiako Portuak helarazi behar dizkien dokumentuak falta direlako. Portuko Agintaritzak dokumentu horiek helarazten dizkionean, promotora batek bertako edukia aztertuko du, eta ondoren, Espainiako Ingurumen Ministerioari helaraziko dizkio. Ondoren, hark balorazio txostena prestatuko du. Ingurumen Ministerioak ez daki oraindik noiz bidaliko dizkion falta diren dokumentuak. Behin bidalita, ez da eperik egongo Ministerioak erantzuna emateko. Hala ere, proiektuaren lehen fasea bukatzeko jarri diren datak «errespetatzen saiatuko» dela adierazi du Ingurumen Ministerioak.

Horrela, aurreikusitako daten barruan proiektuari oniritzia emanez gero, tramitean dagoen Azpiegituren Gida Plana ekainean onartuko du Sustapen Ministerioaren menpeko Estatuko Portuak erakundeak. Ondoren, ekainaren 18an Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluak plana berretsi beharko du.

Hortik aurrera, Plan Berezia eta Ingurumen Plana deitutakoak onartu beharko dira. Gonzalez Txabarrik adierazi duenez, lau edo bost hilabeteren buruan, planifikazioko tresna guztiek oniritzia izango dute eta kanpo kaiaren proiektua bigarren fasean sartuko litzateke, proiektuaren eraikuntza fasean, hain zuzen ere. «Irailetik aurrera, proiektuaren eraikuntza idazten hasiko ginateke, Azpiegituren Gida Planean zehazten direnak», adierazi du Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak. Heldu den urtean tren eta ibilgailuentzako tunelak eraikitzen hasteko asmoa dagoela azaldu du, eta kanpoko portua, berriz, 2012. urtean.

Jaizkibel Natura 2000 Europako sarearen barruan dago eta ordenazio plan guztiek babestutako natur eremua da.

Trenbide eta errepide loturak

Kanpo portura bideratuko diren trenbide eta errepide loturen proiektua idazten eta aztertzen ari dira, Gonzalez Txabarrik jakinarazi duenez. Trenbide loturei dagokienez, trenbide sarbide bat eraikitzea proposatu du Pasaiko Portuko Agintaritzak. Sarbide hori Jaizkibel mendiaren azpitik joango litzateke, ibilgailuentzat aurreikusitako errepide berriarekiko paralelo. «Trenbide adar hori igarobide batekin lotuta egongo litzateke, eta han nazioarteko zabalera izango duen trenbide berri bat egingo litzateke». Trenbide hori Renfe eta Eusko Trenen egungo trenbideekiko paralelo joango da Lezo, Oiartzun eta Irun artean.Oiartzungo udal mugartean AHT trenbide sarearekin lotuko litzateke.

Proiektuari PasaiaECOPort izena jarri diote eta eta Portu Berria, badia berria da kai egitasmoa aukezteko erabili duten leloa. Atzo egindako agerraldian, kanpoko kaia izango litzatekeenaren proiekzioa erakutsi zuten. Balizko kanpoko kaiak 200 hektaerako azalera izango du, horietatik 160 dikeena eta moilena izango da. Dike nagusiak 2.890 metro izango ditu. Kanpoko kaian Iberdrolaren zentral termikoa egongo litzateke, beste hainbat eremurekin batera, txatarrena, besteak beste. Proiektuak diru publikoko 1.000 milioi euroko aurrekontua du, eta beste 350 milioi euro enpresa pribatuena.

www.berria.info

Iruzkina idatzi