Lezon ez zen inolako erasorik izan

Egilea: JB  |  Atala: Jaizkibel Bizirik, Prentsa Oharrak

Gipuzkoako Batzar Nagusietako iturriek igorri dituzten adierazpenen harira, joan zen abenduaren 9an, Lezon, Gipuzkoako Batzar Nagusien autobusaren aurrean egindako protestaren inguruan zabaldu zen informazioa gezurtatu nahi du Jaizkibel Bizirik kolektiboak.

Protestan parte hartu genuen kideak ez ginen ezezagunak izan, Lezoko herritar ezagunak baizik. Horrez gain, ez zen inolako erasorik egon, burutu genuen ekintza publikoa «Diputación=Corrupción, El superpuerto no es solución» eta «Superportua=Iruzurra, Jaizkibel ez ukitu» zioten bi pankarta eskegitzera mugatu baitzen. Oarsoaldeko Hitza-k abenduaren 10ean argitaratutako argazkian argi ikusten da ez zela «Puerto de Pasajes EZ» zioen pankartarik eskegi, Batzar Nagusiek sinestarazi nahi dutenaren aldera.

Bestetik, «Gezurtiak, Gipuzkoak ez du behar superporturik» eta «Azpiegitura txikitzaileak gelditu» zioten kartelak erakutsi ziren, baita Jaizkibia zein beste erakunde batzuek eskualdea garraio azpiegitura erraldoi bilakatu nahi dutela adierazten zuten kartel informatiboak ere.

Aldarrikapena modu baketsuan eraman zen aurrera, eta autobuseko arduraduna ez zen guregana zuzendu inongo kexarik adierazteko. Gure asmoa, bertan denbora jakin bat egotea zen, ondoren ekintza amaitutzat emateko.

Proiektu desarrollista planifikatuek Gipuzkoan eta batez ere Lezon izango duten eragin izugarriak salatzeko baliatu genuenBatzar Nagusien autobusaren presentzia. Besteak beste, Jaizkibel inguru babestuari eta eskualdeko beharrezko inguru naturalei kalte besterik egingo ez dien plataforma logistikoak, azpiegitura intermodalak eta tunel bidezko errepide eta trenbide berriak eraikitzea aurreikusten dutelako.

Ekintza bukatutzat eman behar genuenean, ertzain ugari agertu ziren, eta modu erasokorrean hasi ziren bertan zeuden bizilagunak bultzatzen eta mehatxatzen. Bost kide identifikatuak izan ginen, eta handik gutxira Batzar Nagusietako autobusak alde egin zuen.

Goiz guztian ez zen inor Batzar Nagusietako autobusera sartu. Horrek argi uzten du zenbaterainokoa den erakundeen eta herritarren artean dagoen distantzia, eta hainbesteko gastua ekarri duen kanpainak izan duen porrota.

Pasaiako portuaren kudeaketa ezin okerragoa ere salatu nahi dugu: merkantzien legez kanpoko funtzionamendua, espazioaren erabilera desegokia eta ura, lurra eta haizearen kutsadura handia. Horrez gain, xantaia baten moduan ikusten dugu Portu Agintaritzak herritarrei eginiko proposamena: gaur egungo portuaren egoera jasangaitza eta Jaizkibelgo kanpoko portua.

Bestetik, ezin dugu onartu krisi ekonomikoan gauden honetan, 1.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsio publiko batean murgiltzea, jakinda proiektu horrek ez duela frogatutako bideragarritasunik, ez ekonomikoki ez sozialki ezta ingurumenari dagokionez ere, eta soilik etekin pribatuei erantzungo diela.

Klase politikoak interes partikularren aldeko apustua egiten jarraitzen du, herriaren interesak alde batera utzita, eta, aldi berean, erasoak ikusten ditu egon ez diren lekuetan.

Herritarren erantzun ororen aurrean erabilpen politiko interesatua inposatzen dute, argi geratzen da, honela, gure kabuz hausnartu eta parte hartzeak ezinegona sortzen duela proiektu txikitzaileak bultzatzen dituzten eragileengan.

Mairi Garcia.

Jaizkibel Bizirik-en izenean.

Gaiak:

Iruzkina idatzi