2.600 milioi euro beharko dituzte Pasaiako kanpoko portua egiteko
Pasaiako kanpoko kaia egiteko inbertsio handia beharko dute: 2.560 milioi euro inguru. Hala jakinarazi zuen atzo Joxe Joan Gonzalez Txabarri Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak. Proiektuaren zati bat -1.000 milioi euro- administrazioak jarriko du, eta beste zati bat -1.400 euro- finantzabide pribatuetatik lortzea espero dute. Horrez gain, portura iristeko egin beharko diren bide berriak eraikitzeko 130 milioi euro gehiago beharko dituzte.
Azpiegitura berria egiteko finantzaketa oso handia da. Esate baterako, Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena Euskal Y-a da, abiadura handiko trena (AHT). 4.200 milioi euroko aurrekontua du azpiegitura horrek aurreikusia.
Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gregorio Irigoien Arantzadiko lehendakariarekin eta Juan Ormazabal Energia Berriztagarrietako Espainiako Zentroko zuzendariarekin agertu zen atzo prentsaren aurrean.
Txabarrik argibide batzuk eman zituen Portuko Administrazio Kontseiluari atzo bertan aurkeztu zioten Pasaiako Portuko Azpiegituretako Plan Zuzendariaren inguruan. Besteak beste, adierazi zuen portu berriak 172 hektarea hartuko dituela Jaizkibelgo magalean, eta bi fasetan eraikiko dutela. Obrak 2012an hasiko lirateke, eta 2019an amaitu.
Aldi berean, Txabarrik jakinarazi zuen Portuko Administrazio Kontseiluak onartu zuela atzo ingurumen eraginaren azterketa egiten hastea. Hor, Arantzadirekin akordio bat egin dutela esan zuen, ingurumen gaietan aholku eskain diezaioten portuari.
Portu berria igeri egongo diren kaxoi batzuen bidez egingo dute. Haiek, mendiaren magalean ezarritako betelanari atxikiko zaizkio. Planak aurreikusten du olatuen indarra neurtuko duen sistema bat. Halaber, itsasontziek maniobratzeko izango duten aukerari buruzko azterketa bat ere egingo dute.
Kanpoko portu berrian Iberdrolak leku bat izango du, badia barruan duen ikatzezko zentrala ordezkatuko duen zentral termiko bat eraikitzeko.
Joxe Joan Gonzalez Txabarrik azaldu zuenez, Pasaiako badia barruan egiten ari diren biziberritze lanek aurrerapen garrantzitsuak izango dituzte hurrengo urtean. Atzo bertan lau pabiloi egiteko lanak eman zituzten, Molinaon eta Erlojuaren kaian. Bi pabiloi horiek 2010 baino lehen eraikita egongo direla jakinarazi zuen. Aldi berean, hurrengo urtean pabiloi zahar bat eraitsiko dute, eta Molinaon dagoen itsas estazio zaharra.
Halaber, planta berri bat egingo dute gaur egun autoak pilatzen diren Kaputxinoseko lur muturrean. Horrekin 30.000 metro koadro inguru irabaztea espero dute, Lezoaldeko portuko bazterrak ordenatzeko.
Lan horien guztien bidez, Hego Herrera hustuko dute, eta ekin ahal izango diote poligono-logistiko berria egiteari.
www.berria.info