Itsasoak eta lurrak bat egiten dutenekoa

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jaizkibelgo itsaslabarra ardatz duen argazki erakusketa jarri du Donostian Miguel Angel Lujanbio argazkilariak; 150 iruditan bildu ditu Pasai Donibane eta Hondarribia arteko kostaldearen altxor ezezagunak.

Garaierari erreparatuz gero, mendi xumea da Jaizkibel. Xumea eta ezezaguna. Txirrindularitzarekin lotuko dute askok Jaizkibel izena, edo eraiki asmo duten Pasaiako super portuaren aferarekin. Miguel Angel Lujanbio argazkilari eta mendizaleak Jaizkibel ezagutarazteko bidea egiten dio bisitariari Jaizkibel, itsasoa eta lurra erakusketaren bidez. Pasai Donibane eta Hondarribia arteko altxorrak bildu ditu 150 iruditan, eta urtarrilaren 30a arte izango dira ikusgai irudiok Vasco de Camping elkarteak Donostiako Gros auzoko Iparragirre kalean duen egoitzan, 18:00etatik 20:30era.

Jaizkibelek badu ezaugarri berezi bat: Kantauri itsasoak eta mendiak bat egiten dute itsaslabarrean, eta aniztasun eta kontraste handiko bazterrak daude eremu zati txikian, haizeak eta itsasoak eraginda. «Jendeari Jaizkibel ezagutarazi nahi nion, eta hara joateko gonbita egin; garaieran mendi txikia den arren, aberatsa baita oso», dio Lujanbiok.

Pasai Donibane du abiapuntu bi herriak lotzen dituen ibilbideak eta, bide batez, baita erakusketak ere. Herritik bertatik abiatu eta harkaitzen formek eta koloreek bereganatzen dute bisitarien arreta. Miguel Angel Lujanbiok hiru eremu nabarmendu ditu ibilbidean zehar: Buenos Aires, Morkotx Zuloa eta Erentzingo Zabala. «Bide guztian daude gauza bitxi eta ikusgarriak, baina bereizgarrienak hiru leku horiek dira. Buenos Aires inguruko harkaitzen forma eta koloreak ikusgarriak dira. Urte luzetako erosioak eragindako formek bisitaria zur eta lur uzten dute», dio. Pasai Donibanetik bertatik gertu dago Buenos Aires, Jaizkibelgo errepidea hartu eta lehenengo kantinatik behera jaitsita.

Morkotx Zuloa da ibilbideko zatirik ederrena Lujanbioren ustetan: «Koloreen bailara deitzen diogu. Eguraldi eguzkitsua egiten duenean, koloreek sekulako jokoa ematen dute. Bisitak merezi du», jarraitu du argazkilariak itsaslabarrari buruzko hausnarketa. Hondarribirako bidean segiz, Leuta eta Akerregi pasata, Erentzungo Zabala da hirugarren eremua: «Imajinaziorako lekua da, fosilen hondartza deitzen diogu. Harrien formek gauza bat edo beste bat iradokiko digute gutako bakoitzari; dela dortoka, dela perretxikoa, gizakiaren burua, iguana bat…».

Pasai Donibane eta Hondarribia arteko ibilaldiak 21 kilometroko luzera du, eta pauso lasaian eta inguruari erreparatuz osatuz gero, 9 ordu inguruko iraupena du Lujanbioren hitzetan. «Jende askorentzat luzeegia izan daiteke, akaso, eta guk beste aukera batzuk eman nahi dizkiegu; informazio ohol batzuk jarri nahi ditugu ibilbideko hainbat puntutan, ibilaldi laburragoak egin nahi dituztenentzat; Jaizkibelen edonork goza baitezake», zehaztu du. Erretreta hartu zuenetik, ibilbidea garbitzen eta ibiltarientzat prestatzen aritzen da Lujanbio. «Gustura aritzen naiz. Bizitza osoa daramat mendira joaten, eta jende askoren lana baliatzen; orain ni aritzen naiz bidea garbitzen eta txukuntzen, seinaleak jartzen. Jakin badakit Hondarribiko beste lagun bat ere badabilela Jaizkibelgo ibilbidea txukuntzen. Ez dut ezagutzen, baina hark ere sekulako lana egiten du. Ea elkar ezagutzen dugun noizbait», gehitu du.

Pasai Donibanen jaioa, bertan bizi da egun ere Miguel Angel Lujanbio. Gertukoa du Jaizkibel, eta jendeari gerturatu nahi dio orain, urteetan atera dituen argazki dotoreak baliatuz, eta inguru hartan egin asmo duten portu handiak Jaizkibelgo altxorrean eragina izango duela ohartarazi. «Zorionez, geroz eta jende gehiago ibiltzen da Jaizkibelen, Euskal Herri osotik etorritako jendea, gainera», dio pozik.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi