Etxea teilatutik

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Iritziak / Opiniones

Aste honetan jakinarazi dute EAJk eta PSOEk Espainiako aurrekontuei buruz adostu duten akordioaren barruan puntu nagusietako bat Pasaiako kanpoko portua egitea dela. Interes orokorrekotzat joko dute azpiegitura, modu horretan bermatzeko, kosta ahala kosta, ingurumenaren aldetik sor litezkeen oztopo guztien gaindi, azpiegitura egin egingo dela.

Akordioak dio Espainiako Ingurumen Ministerioak beharrezko neurriak hartuko dituela portuak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena egiteko. Alabaina, harridura sortzen du hori esateak Ministerioak berak oraindik ez duenean aztertu zer eragin izango duen proiektuak. Izan ere, Pasaiako kanpoko portua egitea Espainiako Gobernuari dagokio, eta hark oraindik ez du proiektu bati dagozkion tramiteen urrats bakar bat eman, besteak beste, ingurumenaren eraginaren azterketa eta bideragarritasun ekonomikoaren txostena egitea. Bi urrats horiek gabe, ezinezkoa da proiektua gauzatzen hastea.

Badirudi, etxea teilatutik hasteko hautua egin dutela bi alderdiek, ekintza burutuen bidean barneratzea. Horrela, data ezarri diote jadanik kanpoko portuaren obren hasteari: 2011. urtea. Baina, prozedurak eskatzen dituen urrats guztiak eginez gero, ezinezkoa da bi urte barru kanpoko kaiaren lanei ekitea. Ze, proiektuaren oztopoak ez dira txikiak.

Zeren, bai PSOEk eta baita EAJk ere, badakite, proiektua egin nahi duten Jaizkibelgo itsaslabarra Europako Batasunaren Natura 2000 Sarearen barruan dagoela, babestu beharreko Interes Komunitarioko Leku gisa izendatua. Ongi azaldu beharko dute nola lortuko duten, kanpoko kaia eginda, betetzea babes horrek ezartzen dituen helburuak; hots, Jaizkibel babestea eta hurrengo belaunaldiei gaur egun dagoen gisan uztea.

Ingurumena babestu nahi duten herritar eta erakundeek, ordea, badituzte kezkatzeko arrazoiak. Zeren, teorian Jaizkibelgo itsaslabarra Europak babestu beharrekotzat jotzen badu ere, iraganak erakutsi du horrek gutxirako balio duela, interes orokorreko obra bat izendatzen den kasuan. Itoizko auziaren iragana gogoratzea esanguratsu eta argigarria da zentzu horretan.

Bestalde, Espainiako Gobernuak oraindik ere ez du frogatu Pasaiako kanpoko portua ekonomikoki bideragarria dela, eskatzen duen inbertsio itzela bermatzeko baliabide nahikoak izango dituela. Ekimen pribatuaren dirua erakarriko dutela uste dute egitasmoaren bultzatzaileek, behin proiektua martxan dagoela. Baina, lanak hasi eta gero, diru pribatua helduko ez balitz?

Argi dago interes handia dagoela gizartearen zati batean Pasaiako kanpoko portua egiteko: Merkataritza Ganbera, Pasaiako Portuko Agintaritza, Iberdrola -kanpoko kaian zentral termiko bat egiteko toki bat bermatua du-, eraikuntza enpresak eta patronala oro har… EAJk haien nahia eraman du Madrila, eta boto beharrean zen PSOEren konpromisoa lortu. Bitxia da bi alderdien arteko negoziazio batean adostasun zabalagoa beharko luketen akordioetara iristea. Baina etxearen egiturarik finkatu gabe teilatuari ekin diote. Eta, etxeak ezin dira teilatutik hasi, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak berak ohartarazi duenez.

Iñaki Petxarroman

www.berria.info

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi