Kanpoko portua eraikitzea adostu dute, proiekturik onartu ez den arren

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Espainiako Sustapen Ministerioak Pasaiako (Gipuzkoa) portua egokitzeko eta Jaizkibelen oinetan kanpoko kaia eraikitzeko hainbat neurri eta konpromiso hartu ditu. Sustapen Ministerioak ez du, hala ere, proiekturik onartu oraindik. PSOE eta EAJ alderdiek asteartean Madrilen itxi zuten akordioaren barruan erabaki dute Pasaiako portuari bultzada ematea. Sustapen Ministerioak 9,5 milioi euro emango dizkio portuari 2009an. Bestetik, azaroaren 7an bilera egingo du Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak. Bilera horretan erabakiko dute kanpoko kaiarekin zer egin. Uztailean Ekoportuaren egitasmoa aurkeztu zuen Portuko Agintaritzak, baina oraindik ez da onartu. Hala ere, 2009ko lehen seihilekoan egitasmoa Sustapen Ministeriora iritsiko dela iragarri dute; eta Ministerioak egitasmoari baiezkoa emateko konpromisoa hartu du.

EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrekin eta Espainiako Kongresuan EAJren diputatu den Jose Ramon Belokirekin agerraldia egin zuen, atzo, Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Arantza Tapiak. Pasaiako portuari buruz PSOEk eta EAJk hartu dituzten konpromisoak aletu zituen Tapiak: «Estatuaren inplikazioa falta zitzaigun portuan, eta orain lor zitekeen akordio osoena daukagu». Pasaiakoa, orain arte, «desintereseko portua» izan da Espainiako Gobernuarentzat, Tapiaren esanetan, baina aurrerantzean «interes orokorreko» lana izango dela erabaki dute bi alderdiek. Horrek lanak aurreratzea erraztuko duela, eta Espainiako Gobernuaren konpromiso politikoa eta ekonomikoa lortu direla nabarmendu du Tapiak.

Kanpoko kaiaren lanak, «beranduenera», 2011n hastea espero du Tapiak eta 2018rako guztiz bukatzea espero du: «Ordurako portuko jarduera guztia kanpora aterata egotea da helburua».

Sustapen Ministerioak 9,5 milioi euro emango dizkio datorren urtean portuari, baina dirua egungo azpiegiturak egokitzeko erabiliko da: Molinaon pabiloi berriak egiteko, arrain merkatua berritzeko, ibilgailuen biltegia handitzeko eta Herrerako hegoaldean pabiloi zaharrak bota, lurraren kutsadura garbitu eta pabiloi berriak egiteko.

Tapiaren arabera, «lau ekintza zehatz horietarako dago dirua eta zaila da dirutan zehaztea egitasmo osoa». Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu dituzte dirulaguntzak. Hala ere, ekimen pribatuaren laguntza beharko da egitasmoak aurrera egin dezan, kanpoko kaia eraikitzeko, bereziki. «Ziur ekimen pribatuak nahikoa emango duela, kanpoko kaia eraikitzeko interesa baitu», Tapiaren hitzetan. Akordioari «jarraipena» egin beharko zaiola adierazi du Tapiak: «Baina atzeraezina den bide bat egiten hasi gara».

Ingurumen Saila, aztertzen

Proiektuaren etorkizunari buruz zuhurrago agertu dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean. Badia biziberritzeko eta kanpoaldean kaia egiteko egitasmoek urrats zehatzak jarraitu behar direla uste dute Ingurumen Sailean. Pausoz pauso joan behar dela pentsatzen dute: «Horren moduko proiektua ezin da teilatutik hasi; oraindik ez da aztertu proiektuak nolako eragina izango duen ingurumenean». Zehazki, egitasmoak gizartean, ekonomian eta ingurumenean zer eragin izango duen «zorrotz» aztertu behar dela uste dute. Ingurumen eraginaren azterketa egitea Sustapen Ministerioari dagokiola jakinarazi dute eta, hortaz, Ingurumen Sailak ez duela eskumen zuzenik Pasaiako Portuan. Dena den, portuari buruzko egitasmoak aztertzen ari dira Ingurumen Sailean, eta ondorioak dagokien instituzioei aurkeztuko dizkiete.

Ingurumen Sailak orain arte izan duen jarrerari eutsiko diola ere jakinarazi dute: «Atzeraezina izan behar duena Pasaiako badiaren biziberritzea da. Gure helburua badia biziberritzea da». Urratsak egin ahala ikusiko da egitasmoak, ingurumen ikuspegitik, egokiak diren, edo ez: «Ezin da esan kanpoko kaia atzeraezina denik. Madrilek egin behar duen azterketa, non dago? Nola jakin ingurumen eraginaren txostenak zer ondorio izango dituen, oraindik azterketarik egin ez bada?»

Pasaiako alkate Maider Zigandak ere errezeloz hartu du akordioa. «Birsortze plana balitz bezala aurkeztu den arren», portuari emandako dirulaguntza bat dela uste du alkateak: «Argi ikusten da ekarpen ekonomikoa portuan bertan ekintzak egiteko dela; portuari eta portuko enpresei onurak ekarriko dizkieten ekintzak besterik ez dira, ez dakit ze interesekin, baina ez behintzat herritarren mesederako». Kanpoko kaia eraikitzeko finantzabide bila ari direla uste du Zigandak: «Argi dago Herrerako etxebizitzetan ikusten dutela diru iturri bat: nola atera Herreratik diru nahikoa, edo ahalik eta diru gehien, kanpoko kaia egiteko?». Prozedurak alderantziz beharko lukeela uste du, ordea, alkateak: «Aztertu beharko da zeintzuk diren beharrak, eta horrek esango digu nolako hiri antolaketa egin behar dugun».

Herrerako lurrak Pasaia direla, eta lur horietan hartu beharreko erabakiak Udalari dagozkiola uste du Zigandak: «Guk beti defendatuko dugu Pasaiari dagozkion erabakiak Pasaian, eta pasaitarrek, hartu behar dituztela; hortaz, ez dugu onartzen Madrilen erabakitzea Herreran zenbat etxebizitza egingo diren». Akordioak «ez du zerikusirik inguruan bizi garenon bizi kalitatea hobetzearekin», Zigandaren esanetan.

Epeei buruz «gezurretan»

Jaizkibel Bizirik taldeak ere gaitzetsi egin du akordioa hartzeko modua: «Proiekturik ere ez dago, ez dituzte behar diren urratsak egin, eta dagoeneko sententzia erabaki dute». Taldearen ustez, EAJren eta PSOEren arteko «kromo trukaketan» ez dituzte aintzat hartu araudiak, orain arte egindako azterketak, naturgune babestuak, ez eta udalerrien eta herritarren iritziak ere. Gainera, «gezurretan» aritzea egotzi diete akordioaren sinatzaileei: «Lan hauek bost urteko tramitazioa behar dute gutxienez; eta 2010ean hasiko direla esan dute». Horrela, kanpoko kaiaren proiektuaren ingurumen azterketa «tramite administratibo hutsera» murriztu nahi dela salatu dute Jaizkibel Bizirik-eko kideek.

PSOEk eta EAJk asteartean adostu zuten akordioak hiru oinarri dauzka, Pasaiako portuari dagokion atalean:

Kanpoko kaia eraikitzea. 2009ko lehen seihilekoan Azpiegituren Gida Plana onartuko du Espainiako Sustapen Ministerioak. Kanpoko kaia egiteko obrak 2011n hasiko dira. Harekin lotzeko trena eraikitzeko konpromisoa ere hartu du Sustapen Ministerioak. Era berean, «interes orokorreko» obra izendatuko du kanpoko kaia. Portuko Agintaritzak aurkeztu dituen txostenei zuzenketak egin dizkie Espainiako Ingurumen Ministerioak, zein zuzenketa zehaztu ez den arren.

Portuaren moldaketa urbanoari ekitea. Herrera iparraldeko pabiloiak eraisten hasiko dira 2009an eta Nabalaldeara eramango dira. Jaizkibia elkarteari besterenduko zaizkie lurrak eta, kutsaduratik garbitu ostean, Pasaiako Udalari emango zaizkio. Lurren heren batean etxebizitzak egiteko asmoa jasotzen du akordioak, beste heren bat ekintza ekonomikoetarako gordeko da eta azken herena zerbitzuentzat.

Portuaren egokitzea. Arrain merkatua, Molinaoko pabiloiak eta Herrera hegoaldekoak berritzeko eta ibilgailuen biltegia handitzeko konpromisoa hartu du Sustapen Ministerioak.

www.berria.info

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi