«Gune babestuak jarri bai, baina ez dira neurriak hartu»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Lurra kolektiboak antolatuta, Babestutako naturguneen eragin ekonomikoak bertako biztanleengan jardunaldiak egin ziren atzo Gasteizen, EHUko Gradu aretoan. Natura 2000 sareko gune babestuen egoera aztertu dute jardunaldi horietan, eta pozik agertu da Peio Lozano geografo eta EHUko lurralde antolaketa irakaslea: «Oso interesgarria izan da, ikuspegi guztietako jendea bildu delako. Soilik administrazioetako ordezkari batzuen falta sumatu dut».

Nolakoa da Natura 2000 sarearen egoera Euskal Herrian?

Europako Batasunak gomendatzen du lurraldearen %20 eta %30 artean babestu behar dela. Eta orain gainditu dugu zifra hori. Horren harira, interpretazio ona egiten dut, baina alderdi negatiboa ere ikusten dut, kasu gehienetan gune babestuak jarri bai, baina ez direlako neurriak hartu. Abian jarri behar dira parte hartzeko foroak, aurrekontuak bermatu, erabilera eta kudeaketa planak egin… Oraindik asko dago egiteke. Sare garrantzitsua osatu da, baina administraziotik ez dago konpromisorik babestuak dauden leku horiek guztiz bermatzeko. Beste kritika sakon bat ere egin behar diogu administrazioari: egiten ari diren planifikazio guztietan ez da aurreikusten bertako biztanleriaren partaidetza. Ikusten dugu hutsune garrantzitsua dagoela horretan, eta iruditzen zaigu ezinezkoa dela babes on bat bermatzea hori kontuan izan barik.

Beraz, hutsune dezente daude gune babestuen inguruan?

Leku babestuetan ezin dira, esaterako, haize errotak jarri, Araban egin nahi duten bezala: edo gauza bat, edo bestea. Bateraezinak dira, guztiz bateraezinak. Ezinezkoa da jendeari sinestaraztea bi gauzak bidezkoak direla. Jaizkibel babestua baldin badago, ezin da esan superportu ekologiko bat jarriko dugula eta horrek ez duela izango inolako inpakturik. Hori guztiz gezurra da. Orain, Ihobek eskatuta, metodologia bat garatzen ari gara gune babestuek ekonomian, gizartean eta ingurunean zer eragin duten aztertzeko.

Nolako jarrera izan dute jardunaldietan esku hartu duten eragileek?

Parte hartu dute kontzejuetako arduradunek, abeltzain eta nekazariek, ekologistek eta unibertsitateko jendeak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak diruz lagundu ditu jardunaldiak, baina ez da etorri inor. Horretan hankamotz gelditu dira jardunaldiak. Hemen beti borroka bat dago interes publiko eta pribatuen artean. Han bizi direnek ikusten gaituzte hiritar ñoñoak bezala: ‘hauek badatoz dena babestu behar dela esaten, eta ni hemen nago, eta ez didate uzten nahi dudana egiten’, pentsatzen dute. Arrazoi dute han bizi direnek, baina egia da muga batzuk ere jarri behar direla. Ezin ditugu nahi ditugun lur erabilera guztiak baimendu. Beti gatazkak sortzen dira, baina eskarmentuak esaten du, denborarekin eta denon artean eztabaidatuz, akordioak egin ditzakegula. Merezi du parte-hartze prozesuak martxan jartzeak.

Eta finantzazio aldetik, nola aurkitzen dira naturgune babestuak?

Gaur egun ez dago bermatua eremu babestuen %100aren finantzazioa. Administraziotik, irizpide zientifikoak erabiliz ezarri ziren babestutako esparruak, baina ez zen pentsatu ekonomikoki bermatzea, ez ziren kontuak egin. Nola babesten da eremu bat, nahikoa dirurik ez dagoenean?

Uztar ote litezke ekonomia eta ingurumena? Beti elkarren aurka borrokan ari direla ematen du…

Ba, guztiz alderantziz izan beharko luke. Etimologia hartuz gero, eko-logiak eta eko-nomiak gauza bera adierazten dute: eko etxea da, zentzu zabal batean, eta ekologiak etxe hori nola gobernatzen dugun esan nahi du, nola gobernatzen dugun modu eraginkorrean. Ekologiak eta ekonomiak pentsatzen dugun baino lotura estuagoa dute, eta gehiago izan beharko lukete. Pasaiako kanpoko porturako edo abiadura handiko trenarentzako partidak bermatuak dauzkagu… Eta naturguneen sare babestuarentzat, ez daukagu diru partidarik?

Uste duzu lurrari eragindako kalteak atzeraezinak izango direla?

Ez naiz oso pesimista. Egia da arrisku ikaragarriak dauzkagula aurrean, baina esango nuke garaiz gaudela neurriak hartzen hasteko. Beste kontu bat da prest gauden, populazioa eta politikariak, mugak jartzeko. Mugan egongo gaitezke: ez badugu lurraren erabilera mugatzen, akabo.

www.berria.info

Iruzkina idatzi